Biblioporrak

2001. urtean hasi ginen “Biblioporrak: zeuk aukeratu!!!” izeneko udarako ekintzarekin. 0-16 urte bitarteko haur eta gazteengan irakurtzeko ohiturak sustatzeko helburuarekin jaio zen. Egun, Tolosako ikastetxe guztiek hartzen dute parte.

Ekintzari eta ikastetxeen lankidetzari esker, Tolosako haur eta gazte askorengana hurbiltzea lortu dugu eta nabarmen murriztu dira gustuko liburuak aurkitzeko garaian izaten dituzten oztopoak.

Urtero, ekainaren hasierarako, bost liburu-zerrenda egiten ditugu: HH, LH1. zikloa, LH2. zikloa, LH3. zikloa eta DBH. Hautaketa oso zabala da: badaude irakurterrazak diren liburuak, zailagoak direnak, modan daudenak, bereziak... Helburua da irakurle-mota guztiek gustuko liburua topatzea eta apurtzea hain zabaldua dagoen uste oker hau: “irakurtzea ez zait gustatzen”.

Zerrendak eskola guztietara bidaltzen ditugu, eta, salbuespenak salbuespen, gurasoei banatzen zaizkie eskolako emaitzekin eta txostenekin batera. Gidetan aipatutako liburuak haur liburutegiko ganbaran jartzen ditugu, adinaren eta hizkuntzaren arabera banatuta, erakustoki berezi batzuetan, oporretako interesgune bat sortuz.

Orokorrean, haurrek eta gurasoek oso gustukoa dute interesgunea aukeraketa errazten duelako eta liburuak alda daitezkeelako, nahi adina aldiz, gustukoa topatu arte.

2024ko Biblioporrak txokoa ekainaren 25etik aurrera egongo da martxan Haur Liburutegiko 3. solairuan irailaren azken egunera arte. Gidan agertzen diren liburuez gain, udarako aukeratu ditugun liburu gehiago aurkituko dituzue katalogoan: