2027KO TOLOSAKO INAUTERIETAKO KARTELA AUKERATZEKO LEHIAKETA
1.- Lehiaketaren xedea
Lehiaketaren helburua da 2027ko Tolosako inauteriak iragartzeko kartelak eta publizitatea irudikatuko dituen kartela aukeratzea.
2.- Parte-hartzaileak
Artista afizionatuek edo profesionalek parte hartu ahal izango dute.
Gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu egile bakoitzak.
3.- Lanen ezaugarriak eta aurkezpena
Kartelak ezaugarri hauek izan beharko ditu:
Inauteriak 2027, otsailak 4-9 TOLOSA testua jarri beharko da karteletan.
Tamaina: formatu bertikalean aurkeztu beharko dira, eta 50 x 70 zentimetroko neurria izango dute.
Kolorea eta teknika: aukerakoa. Kartela formatu digitalean aurkeztu behar da, irudi bektorialeko fitxategi batean. Hautaketaren 1. fasean, fitxategiaren gutxieneko bereizmena 300 ppp-koa izango da, eta fitxategia, gehienez, 5 MBkoa izango da. Irabazleak bereizmen handiko formatuan aurkeztu beharko du bere proposamena.
Testuak: erabilitako tamainak zein tipografiak ondo irakurtzea erraztu behar dute.
Obra horiek, ideiari nahiz edukiari dagokionez, jatorrizkoak izan beharko dute derrigor, eta jendaurrean aurkezteko modukoak. Ezinbesteko baldintza da lanak originalak izatea (ez beste batzuen kopia edo imitazioa, baizik eta egilearen asmamenaren emaitza, AA adimen artifizialaren erabilera alde batera utzita) eta argitaragabeak (inoiz argitaratu edo jendaurrean ezagutzera eman ez direnak) ere izan beharko dute. Baldin eta obraren batek baldintza hori betetzen ez badu, baztertu egingo da.
Kartelak fitxategi digital batean aurkeztu behar dira, Tolosako Udalak bere webgunean (www.tolosa.eus) horretarako prestatutako aplikazioaren bitartez. Aplikazio horretan, kartel bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio, eta zenbaki hori izango da epaimahairentzat kartelaren identifikatzailea, sortzailearen anonimotasuna bermatze aldera.
Lehiaketaren prozesuan ezin izango da kartelaren egiletza inolako bitartekoren bidez publiko egin, ez eta sare sozialen bidez ere (Instagram, Facebook, Twitter, YouTube, TikTok, etab.), eta hori egitea deskalifikatzeko arrazoia izango da.
Fitxategiaren izenean lemak baino ez du azaldu behar.
4.- Sariak
Lehiaketaren irabazleak 1.500 € jasoko ditu, 2026ko 0800.226.06.338.00 aurrekontu-partidaren kontura.
5.- Aurkezteko epea
2026ko urriaren 5etik 23ra.
6.- Hautaketa-prozesua eta epaimahaiaren osaera
Kartel irabazlea aukeratzeko prozesua bi fasetan egingo da:
Epaimahaiak kartel bat aukeratuko du aurkeztutako lan guztietatik. Urtarrilean kartel irabazlea zein den jakinaraziko da.
Kultura, Festak eta Gazteria Sailak izendatuko du epaimahaia, emakumeen eta gizonen ordezkaritza parekatua izango dela bermatuta.
Epaimahaikideak hauek izango dira:
Mahaiburua: Kulturako zinegotzi delegatua
Bokalak: diseinu grafikoko edo arte ederretako hiru aditu
Idazkaria: Kultura-teknikaria izango da. Hitza izango du, baina botorik ez.
Epaimahaikideek ezin izango dute lehiaketan parte hartu, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoa bete beharko dute, abstenitzeko eta errekusatzeko arrazoiei dagokienez.
Baloraziorako irizpideak hauek izango dira:
Aurkeztutako lanaren kalitatea.
Esanahia: inauterietako kartela aurkezteko eta irudikatzeko gaitasuna.
Sormena proposamenaren garapenean.
7.- Epaimahaiaren betebeharrak
Epaimahaiak, hautaketa-prozesuan, edozein unetan deskalifikatu ahal izango ditu lan guztiak, inguruabar hauetakoren bat bada:
Zalantzazko egiletza izatea
Pertsonen duintasunaren aurka egitea
Beste obra batzuen plagiotzat hartzea
8.- Obrak bete beharreko baldintzak
Generoak irudikatzean, irudiek oreka bilatuko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta ezingo da desberdintasunen tratamendu gutxiesgarririk egin sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeraren arloan. Halaber, ezingo da lanetan agertu alkoholaren edo drogen kontsumoarekin zerikusia duen mezurik, irudirik edo bestelako elementurik ere.
Saritutako kartela eta haren era guztietako erreprodukzio-eskubideak Tolosako Udalaren jabetzakoak izango dira. Egokitzat jotako publizitate-lanetan ere erabili ahal izango ditu. Kasu horretan, autoreak ez du erreklamaziorik egiteko eskubiderik izango, ez eta jadanik eskuratutako sariaren zenbatekoaz gain beste diru kopururik jasotzeko ere. Horrez gainera, saritutako lanak izan ditzakeen jabetza intelektualaren gaineko eskubide guztiak Tolosako Udalari emandakotzat hartuko, inolako kontraprestaziorik gabe.
9.- Onuradun izan ezin diren pertsonak edo entitateak
Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren (2003ko azaroaren 18ko BOE) 13.2 artikuluan aurreikusitako inguruabarretan dauden pertsonak edo entitateak.
Tolosako Udalarekin zorrak izan, eta zor horiek premiamendu bidez kobratzeko prozeduretan dauden partikularrak edo entitateak, eta Udalarekiko zerga-betebeharrak egunean ez dituztenak, harik eta zor horiek benetan ordaindu eta kitatu edo bete arte, salbu eta zor horiek geroratuta, zatikatuta edo betearazpena etenda badaude.
10.- Informazio gehiago
Lehiaketari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, interesdunek Kultura, Festak eta Gazteria Sailarekin jarri beharko dute harremanetan, ordutegi honetan: astelehenetik ostiralera, goizeko 10:00etatik 13:00etara.
Horretarako telefonoa 943 67 03 83 da, eta posta elektronikoa festak@tolosa.eus.
11.- Aplikatu beharreko arautegia
Lehiaketan parte hartzeak oinarri hauek onartzea dakar. Oinarrien eta horiek betearazteko hartzen diren administrazio-ebazpenen aurka, nahi izanez gero, honako errekurtso hauek jarri ahal izango dira:
Erabakia aurkaratu aurretik, interesdunak aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Alkatetzari, hilabeteko epean, erabakia hartu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen (urriaren 1ekoa) 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.
Bestela, interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du bi hilabeteko epean, erabakia hartu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, berraztertze-errekurtsoaren ordez edo horri emandako erantzunaren aurka. Errekurtso hori Administrazioarekiko Auzietako Donostiako Epaitegian aurkeztu beharko da.
Era berean, berariazko ebazpenik izan ezean, bai prozedurari amaiera emateko, bai berraztertzeko errekurtsoari erantzuteko, interesdunak edozein unetan jarri ahal izango du administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Errekurtso hori Administrazioarekiko Auzietako Donostiako Epaitegian aurkeztu beharko da.
12.- Datuen babesa
Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa kontuan izanik tratatuko dira datu pertsonalak.
Datu pertsonalak tratatzeko legitimazioa interesdunak emandako berariazko baimenean eta lehiaketaren oinarri arautzaileen onarpenean oinarritzen da (DBEOaren 6.1.a). Halaber, baimena kendu ahal izango da, aldez aurretik egindako tratamenduen zilegitasunari eragin gabe.
Parte-hartzaileek haien informazio pertsonalaren egiazkotasuna, zehaztasuna, indarra eta benetakotasuna bermatzen dute, eta horren ardura haien gain hartzen dute, bai eta 3/2018 Lege Organikoak eskatzen duen berariazko baimena lortu izana ere, aurkeztutako obren irudietan agertzen diren pertsonei dagokienez.
Halaber, parte-hartzaileek bermatzen dute betetzen dituztela ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko 1/1982 Lege Organikoaren (maiatzaren 5ekoa) eskakizunak, eta badutela legezko baimena eta/edo gaikuntza obretan hirugarrenen irudia erabiltzeko.
Datuak lehiaketa kudeatzeko beharrezkoak diren bitartean gordeko dira, eta, amaitu ondoren, legeek edo nahitaez bete beharreko arauek ezarritako betebeharrak eta erantzukizunak betetzeko legez ezarritako epeetan, edo agintaritza eskudunak, zuzenbidearen arabera, hala eskatzen duenean.
Tratatzen ditugun datuak beharrezkoak dira lehiaketa kudeatzeko, lehiakideekin harremanetan jartzeko eta saria emateko. Ez da erabaki automatizaturik hartuko datuetan oinarrituta, eta ez dira erabiliko pertsonaren profila egiteko. Datu pertsonalak ez zaizkie hirugarrenei komunikatuko, ezta hirugarren herrialdeei edo nazioarteko erakundeei transferituko ere.