Tolosako Inauteriak tolosar bazina bezala bizitzeko gida

Cita previa
Más información

2024ko Tolosako Inauteriak otsailaren 8tik 14ra ospatuko dira. Jarraian azaltzen dizugu zer ikusi iñauterietan eta zeintzuk diren unerik garrantzitsu eta berezienak.

 

Baina, ezer baino lehen, gauza bat argitzea komeni da: Tolosako Iñauterien onena bere kaleetan ezkutatzen da, jendearen mozorroetan, alegia. Hortaz, kalez kale ibiltzea da iñauterietan egin zenezakeen onena. Igandetik asteartera, parodia umoretsu eta mozorro original mordoa topatuko dituzu nonahi.

 

Noiz mozorrotzen da Tolosan, eta noiz ez

Beste ohar garrantzitsu bat: Tolosako Iñauterietan ez da egunero mozorrotzen. Beraz, egunaren arabera, normal jantzita etorri, ez baduzu tolosarren begiradapean egon nahi behintzat. Ostiralean (Ostiral Mehea) eta larunbatean (Zaldunita Bezpera) ez da mozorrorik janzten. Lehen egunean, Ostegun Gizenean, berriz, ohikoak dira txilaba koloretsuak. Tolosako Iñauterietan mozorrotzeko egunak igandea, astelehena eta asteartea dira.

 

 

Ostegun Gizena: egun osoan saltoka

 

Tolosako Iñauteriak Ostegun Gizena izeneko egunean hasten dira. 12:00etan, Iruñeko San Fermin jaien txupinazoaren pareko festa izaten da udaletxeko plazan: jende ugari saltoka eta dantzan.

 


 

Ondoren, onena da jende uholdea jarraitzea, txarangen atzetik saltoka. Kalejiran egiten den geldialdietako bat aprobetxatu zenezake txistorra pintxoak dastastatzeko, bazkal ordura bitarte taberna guztiek edariarekin batera banatzen baitituzte.

 

Giro eder hori egun osoan zehar mantentzen da, izan ere, iluntzetik aurrera, elkarte gastronomikoetako txarangak irteten dira kalera. Edozein txokotan aurkituko duzu txaranga bat. Eta beti jendez inguratuta… saltoka.

 


 

Larunbata: iñauteriak haurrentzat ere badira

 

Tolosako Iñauteriak haurrekin bizi nahi badituzu, egun aproposenetako bat larunbata da, Zaldunita Bezpera. Egun honetan ateratzen da Tolosako Buruhandi eta Erraldoien konpartsa ikusgarria.

 

Dantzari Txiki eguna ere bada; dantza taldeek Euskal Herriko Inauteriak hartzen dituzte gaitzat, eta txoko askotako dantza, pertsonaia eta jantzi herrikoiak gerturatzen dituzte, zein baino zein bereziagoak. Euskal kulturan murgiltzeko aukera ederra da, ezbairik gabe. Gainera, iñauteriak izan arren, Tolosako Azoka ez da gelditzen; beraz, bertako produktuak ikusi eta erosteko ere baliatu daiteke bisita.

 

 

 

 

 

Tolosako Inauterien egun handia: igandea, Zaldunita

 

Ohiturak dio, iñauteri egunean, igandean alegia, goiz esnatu behar dela Tolosan: 08:00etan pijama, bata eta txapinak –etxeko oinetakoak– jantzita dituzten jendez betetzen dira Alde Zaharreko kaleak. Ordu horretan abiatzen da Tolosako Diana. Tolosako Musika Bandak kale guztiak zeharkatzen ditu, tolosarrak ‘esnatuz’.

 

Goiz esnatzearen onena geroxeago dator, Tolosako gozo tradizionalekin gosari legea egitea: Teila eta Zigarrotxoak, Xaxuak, krema, chantilly edo natazko bonbak...

 

 

10:00etatik aurrera ateratzen dira kalera, lehenengoz, txarangak eta karrozak… hoberena hastear da! San Frantzisko Pasealekuan eta Rondilla kalean izaten dira karroza eta konpartsa handiak; gainerako kale txikietan, berriz, dozenaka kuadrilla eta konpartsa txiki izaten dira, mozorro eta parodia zein baino zein originalagoekin. Ea zer topatzen duzun!

 

 

Txaranga non, giroa han

Iñauterietan, Igande, Astelehen eta Astearteko unerik esanguratsuenetako bat zezenetako igoera izaten da (16:00): hiru txarangak udaletxearen eta zezen plazaren arteko tartea kalejiran egiten dute, atzetik jende ugari saltoka daramatela.

Astearte eguerdian ere txaranga ugari batzen dira, Inauterietako abestiak elkarrekin jotzeko: Iriyarena, Galtzaundi, Praxkuarena, Pastelero, Baratzako pikuak, Pakita la Vergaresa, Isabelita, Polka, Jota...

Zaldunita eguneko beste une bat ere erreferente bihurtu da urteak pasa ahala. 20:00ak aldera, txaranga batek Paquito el Chocolatero pasodoble ezaguna jotzen du Korreo Kaleko balkoi batetik. Murgildu zaitez jendartean, eta dantzatzera!

 

Asteartea: berriro ere goiz jaikitzera… edo ez

Tolosako Iñauterietako azken eguna ere ordu txikitan hasten da, 06:00etan. Alboradak parrandazaleak eta goiztiarrak batzen ditu udaletxearen plazan: pastak eta anisa (bai, ongi irakurri duzu, anisa) izaten dira gosaltzeko, txistulari bandak ohiko kantak jotzen dituen bitartean. 

Beranduxeago, 07:30ak adera, txaranga ugari ateratzen dira kalera, zezen plazara bidean, 08:00etan Pattar Zezena deiturikoa izaten baita bertan.

Honen guztiaren ondoren… kalean azken indarrak xahutzeko garaia da. Eta, nola ez, 2025. urteko Tolosako Iñauteriak irudikatu eta mozorrotzeko ideiak hartzen hastekoa ere bai.

Cita previa

Servicio de atención ciudadana y registro del Ayuntamiento de Tolosa (UDATE)

Para mayor comodidad y evitar esperas, le recomendamos concertar una cita previa. Para ello, le llamaremos al teléfono que nos ha facilitado en las 24 horas (día hábil) siguientes a la cumplimentación de este formulario, para contestar a su consulta o confirmar la fecha y hora de la cita.

SOLICITAR CITA PREVIA