Tolosa pantaila handian: Tolosako kaleetan filmatutako 7 film eta bitxikeria gehiago

Cita previa
Más información

Tolosa zinemara eraman duten hainbat ekoizpen bildu ditugu

Filmak, dokumentalak, telesailak, elkarrizketak, telebista-saioak... Askotan agertu izan da Tolosa zineman eta telebistan. Izan ere, Tolosako kale eta eraikinetan filmak eta bestelako ekoizpenak egin izan dira. Batzuk bildu ditugu:

 

 

Maixabel, 2021

 

Martxoan zehar, Tolosako Alde Zaharreko kaleetan eta Kasinoan Maixabel filma grabatu dute. Iciar Bollainen azken lana da, eta Luis Tosar edo Blanca Portillo aktore entzutetsuak ditu protagonista, besteak beste.


Maixabel Lasaren istorioa kontatzen du. Juan Mari Jauregi, Gipuzkoako gobernadore zibil izandakoaren alarguna da Maixabel. Jauregi 2000. urtean hil zuen ETAk, Tolosako Café Fronton tabernan, eta hilketaren ondoren Maixabelek ETAko kide ohiekin izan zituen topaketak azaltzen ditu filmak. Estreinaldia Donostiako Nazioarteko Zinemaldian izango da.

 

 

 

(argazkiak: tolosaldeko ataria)

 

 

Handia, 2017


Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako filmak 10 Goya Sari irabazi zituen 2018an. Migel Joakin Eleizegiren bizitzan oinarrituta dago, XIX. mendean Altzon jaioa, Tolosatik 6 kilometro eskasera. Altuera handiko gizona zen, hortik bere ezizena: Altzoko erraldoia. Hain zuzen, bere papera Eneko Sagardoy aktoreak bete zuen, eta bere anaiarena Joseba Usabiaga tolosarrak. Grabaketa Kale Nagusian –Atodo Jauregiko Errege Postontziaren inguruan– eta Euskal Herria plazan egin zuten, besteak beste.

 

 

 

 

 

 

Lasa eta Zabala, 2014


Joxean Lasa eta Joxi Zabala tolosarrak izan ziren GALen lehen biktimak. Pablo Maloren filmak haien kasua kontatzen du: bahiketatik hilketara bitarte jasan zituzten torturetatik hasi, eta haien gorpuzkiak aurkitu eta ondorengo prozesu judizialeraino. Aktoreen artean, Unax Ugalde eta Itziar Ituño nabarmentzen dira. Errodajea, besteak beste, Tolosako hilerrian edo erdiguneko hainbat kaletan egin zen.

 

 

 

(argazkiak: tolosaldeko ataria)

 

 

Oreina, 2018


Koldo Almandozek zuzendutako lanaren filmaketa osorik Gipuzkoan egin zen, eta Tolosa izan zen kokalekuetako bat. Kup Taldea abesbatza tolosarrak parte hartu zuen grabazioan, Leidor aretoko agertokian zela. Luzemetraiak hiri baten periferiako gazte batzuen bizipenak kontatzen ditu.

 

 

 

 

 

 

Kutxidazu bidea, Ixabel, 2006

 

Mendialdeko baserri batera euskara ikastera joan den Donostiako gazte baten gorabeherak kontatzen ditu komedia honek. Fernando Bernuesek eta Mireia Gabilondok zuzendu zuten, eta Tolosaldekoak izan ziren kokaleku gehienak.


Euskal Herria Plaza eta gaur egun Topic museoa dagoen eraikina izan ziren horietako batzuk. Izan ere, aitzina batean kartzela bat izan zen bertan. Filmean, berriz, Guardia Zibilaren kuartel gisa agertu zen.

 

 

Aupa Etxebeste!, 2005


Arrakasta handiko euskal komedia da, Etxebeste familiak bere etxean bizitako udako opor klandestinoak kontatzen dituena. Asier Altunak eta Telmo Esnalek zuzendu zuten, eta Ramon Agirre, Elena Irureta eta Paco Sagarzazu euskal aktore ezagunek hartu zuten parte. Kokaleku gehienak Bergaran dauden arren, Tolosa izan zen beste eszena batzuk grabatzeko aukeratutako tokia. Esaterako, herriko lekurik esanguratsuenetako batean: Zerkausia eta Nafar Zubiaren inguruan.

 

 

 

 

 

 

Nire aitaren etxea (La casa de mi padre), 2008


Beotibar frontoia edo San Frantzisko pasealekua izan ziren pelikularen eszenatokiak. ETAk mehatxatu ondoren erbesteratutako enpresari baten itzulera kontatzen du. Iloba laguntzea eskatuko dio anaiak, Kale Borrokarekin duen harremanagatik. Tolosako kaleetan grabatu zen, hain zuzen, eszena ikusgarrienetako bat: autobus bat erre zutenekoa, Juan Jose Ballesta aktorea protagonista zela.

 

 

 

 

 

 

Eta, nola ez... Goenkale!

 

Tolosa Arralde ere izan zen urte luzez. Arralde, Goenkale telesail arrakastatsuaren istorioa garatzen zen kostaldeko fikziozko herria izan zen. EiTBk ekoitzitako telenobela Europako luzeenetako bat izan zen, izan ere, 1994. urtetik 2015era 21 denboraldi eta 3.700 atal baino gehiago eskaini zituen.


Eszena gehienak Orion grabatzen baziren ere, Tolosako Zerkausian edo Trianguloa plazan ere filmatzen ziren beste batzuk. Urte horietan, ohikoa zen herriaren erdigunean filmaketak aurkitzea, astero-astero.

 

 

 

 

Tolosa eta nazioarteko zinema

 

Tolosa bere horretan agertu ez bada ere, nazioarteko ekoizpen garrantzitsu zenbaitek Tolosarekiko keinu bat ere izan dute.

 

Azkena Woody Allen izan zen, Rifkin 's Festival bere azken filmean. Zuzendari ezagunak Tolosako Azokako ekoizleen parte-hartzea izan zuen.


Tolosako Inauterietako errepertorioko abesti bat ere aukeratu zuten Line Walker 2 film txinatarraren soinu bandako zati txiki moduan: Tomas Arricibita tolosarrak konposatutako Poca-Tripa. Iruñeko kaleetan ere filmatu zuten filma, Sanferminetako entzierro bat irudikatuz.

Cita previa

Servicio de atención ciudadana y registro del Ayuntamiento de Tolosa (UDATE)

Para mayor comodidad y evitar esperas, le recomendamos concertar una cita previa. Para ello, le llamaremos al teléfono que nos ha facilitado en las 24 horas (día hábil) siguientes a la cumplimentación de este formulario, para contestar a su consulta o confirmar la fecha y hora de la cita.

SOLICITAR CITA PREVIA