Nor dira Olentzero eta Mari Domingi?

Hitzordua
Informazio gehiago

Gabonetan, Tolosan (eta Euskal Herri osoan) haur ugariri begietan dirdira pizten dieten pertsonaiak dira Olentzero eta Mari Domingi. Euskal pertsonaia mitologikoak dira, Eguberri egunean gure etxeetara opariak ekartzen dituztenak. Beren irudiak eta egitekoak eboluzionatu egin du urteen joanean; tradizioak, ordea, bere horretan jarraituko du betiko.

Olentzero gizon lodikote bat da, ikatzez lohitua (ikazkina baita) eta basoan bizi da. Neguko solstizioaren ospakizunekin erlazionatzen da bere iritsiera, nahiz eta kristautasunak ere egokitu zuen ohitura bere historiara: Olentzero, izan ere, Jesusen jaiotzaren berri-emailea ere bada. Mari Domingi berriz ez zen oso ezaguna duela gutxira arte, baina gaur egun emakumezko pertsonaia hau Olentzerorekin batera agertzen da kabalgatan herri gehienetan. Olentzeroren bikote edota laguntzailearen paperean jartzen du jende askok, baina ez da inon hori horrela dela dioen zantzu edo frogarik. 

Herriak herri, ohiturak ere halakoxeak dira: badira non Olentzeroren jatorria neguko solstizioan erretzen zen egur puska batekin lotzen dutenak eta generorik ezartzen ez diotenak. Toki batzuetan tripontzia da eta pipa hortzian dula dabil; besteetan berriz, bizarzuri eleganteagoa da. 

 

Tolosan, abenduaren 24an, haurrak baserritar jantzita irteten dira kalera (eta etxez etxe ere ibiltzen dira) kantu-eskean. Eguberrietako kantak eta Olentzerori eta Mari Domingiri eskainitako beste euskal kanta batzuk abesteko tradizioari eusten diote. Gainera, Olentzeroren Basoa ere bisitatu daiteke San Esteban auzoko Elosegi Parkean. Kriseilu bat eskuan hartuta Olentzeroren etxolaraino hurbildu dira ehundaka haur, beste urte batez.

Olentzeroren eta Mari Domingiren historiak iraun egin du urteen joanean, eta garaietara eta sinesmenetara egokitu da. Bada faktore bat, ordea, bai mitologiarekin bai erlijioarekin lotzen dituzten horiek batzen dituena: magia. Haurrek urte osoa ematen baitute ondo portatzen eta Eguberrietako gutunean zer opari eskatu pentsatzen. 

Bai Olentzero bai Mari Domingi abenduaren 24an iritsiko dira Tolosara eta Alde Zaharreko kaleetatik ibiliko dira arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Santa Klaratik abiatuko dira, Naparzubitik barrena, eta Zerkausira itzuliko dira herriari buelta eman ostean. Udaberri dantza taldeko kideak, eta Kazkabarrako eta Samaniegoko aisialdi taldeek hartuko dute parte kalejiran. Zerkausian haurrek Olentzero eta Mari Domingirekin egoteko tarte bat izango dute, 20:00ak arte.

Mesias Sarritan, Tolosako Musika Banda eta Jesus Mari Jauregi-ren eskutik Olentzero eta Domingiren kalejiran:

 

 

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA