2015 Azaroak 25

Hitzordua
Informazio gehiago

TOLOSAKO UDALAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA,

AZAROAREN 25a EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN KONTRAKO

NAZIOARTEKO EGUNA DELA ETA

 

Azaroaren 25a “Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko eguna” dela eta, Tolosako Udalak gure gaitzespenik irmoena adierazi nahi dugu emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpenekiko, zeinahi ere den (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa…), bai, halaber, sexismo-modu guztiekiko, barne daudelarik finenak eta normalizatuenak, hala nola sexuen araberako rol estereotipatuak ezartzea edo bizitzaren esparru askotan emakumeak ikusgai ez egotea.

Berretsi nahi dugu, era berean, arazo estruktural baten aurrean gaudela eta emakumeen aurkako indarkeria gizartearen egituran bertan oinarritzen dela; izan ere, oraindik ere aukera desberdinak eskaintzen zaizkie emakumezkoei eta gizonezkoei, eta oraindik ere jaiotza-sexuaren arabera mugatzen da pertsonen askatasuna.

Hori dela eta, saiatu behar dugu bestelako gizarte bat eraikitzen, non pertsona guztiek askatasuna izango duten nahi duten bezalakoak izateko, non aukera izango duten potentzialtasun osoz garatzeko, eta non giza eskubideei begira, berdintasunezko eta begirunezko tratua jasoko duten. Aipatzekoak dira, adibidez, lan esparruan jazarpen sexistari buruz dauden datuak. Egoera horiek bestelako gizarte eraikuntza batean errotik ezabatuak izan behar dute.

Indarkeria sexistaren aurka lan gogorra egin behar da. Dagoeneko, Euskal Herrian, 4 emakume erail dituzte; gure inguru hurbilekoenean emakumeek festa-esparruetako sexu-erasoak maiz jasotzen dituzte. Baina bestelako zeharkako biolentzia matxistek, eguneroko mikrobiolentziek ere, gora egin dute, eta herritarren artean barneratzeko eta normalizatzeko arriskua ere badago. Biolentzia guztiak, makroak zein mikroak, desagerrarazteko modu bakarra izango da alboratzea haiek zuritu edo babes ditzaketen jardun guztiak.

Ildo horretatik, kontsentsu sozialak sustatzeko, lehentasuna du lidergo instituzional eta politiko bat bermatzeak. Beharrezkoa da politika instituzional bereziak sustatzea, eta haiek gauzatzeko baliabide aski izatea. Beharrezkoak dira, orobat, kaleetako errebindikazioak, iritzi publikoa eta jardunbide onak sortzea eta, baita ere, komunikabideetan eta sare sozialetan adierazpen sexistak gogor salatzea. Horrek, nola ez, ezinbestean eskatzen du norbanakoaren erantzukizun pertsonala ere.

Horregatik guztiagatik, emakumeei indarkeria sexistarik gabe bizitzeko duten eskubidea bermatzearren, Tolosako Udalak:

  • Konpromisoa hartzen du, bere eskuduntzen esparruan, udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko, tratu onen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde.
  • Emakumeenganako indarkeriaren kontrako protokoloa lantzen eta indartzen jarraituko du, erakundeen arteko lankidetza hobetzeko eta euskarririk handiena eskaintzeko indarkeria hori nozitzen duten emakumeei eta beren familiei. Bestalde, Hezkidetza Mahaia sendotuko du, eta aurrera eramango ditu Tolosako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Planean jasota dauden ekintzak.
  • Eusko Jaurlaritzak abian jarritako Beldur Barik eta Udalak martxan jarritako Beldur Barik-Hi haiz, Hi! Ekimena sustatuko ditu, gazteen arteko eraso mota guztiak prebenitzeko. Halaber, sustatuko ditu herrietako jaien testuinguruan sortu diren ekintzak, elkarte zein auzoetatik burutzen diren saioak eta abar, izan ere, guztiak dira beharrezkoak eta babestu beharrekoak.
  • Herritarrak gonbidatzen ditu berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak har ditzaten, urteko egun guztietan, eta gonbidatzen ditu, era berean, azaroaren 25a dela-eta burutuko diren ekitaldietan parte har dezaten.
  • Enplazamendua egiten dio Justizia Sailari, konpromisoa har dezan epaitegietako genero unitateak doitu eta legedia errebisatzeko, delitua indar handiagoarekin jazarri ahal izateko.   
  • Hezkuntza eragile guztien konpromisoa eskatzen du lerro kurrikularretan genero berdintasuna landu dezaten.

AZAROAREN 25a

EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN KONTRAKO

NAZIOARTEKO EGUNA

TOLOSAN

 

AZAROAREN 19an, osteguna, 10:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 18:00etara Hitzaldia: MARTXAN: Todas y todos en marcha contra las violencias machistas. HHI/EPAn. Hizlaria: Lorea Undagoitia. Mugarik Gabe

AZAROAREN 25ean, asteazkena, 20:00etan: Kontzentrazioa, udaletxearen aurrean “Indarkeria sexistarik gabeko herri baten alde” lelopean.

AZAROAREN 27an, ostirala, 20:30ean, Difret zine emanaldia Leidorren.

AZAROAREN 28an, larunbata:

12:00etan: Flashmoba: Maixa eta Itziarren “Emakume jaio nintzen” trikitixa kantarekin.

12:45etan: Batukada Feministaren emanaldia: Tolosako Jabetze Eskolako ikasleak. 

13:00etan: Manifestazioa, "Hau ez da gure bakea. Autodefentsa feministaz erantzun" lelopean, Bilgune Feministak deituta.

AZAROAREN 28an, larunbata BELDUR BARIK TOPAKETA AMURRION

Tailerrak, luntxa, kalejira eta sari banaketa. 

 

TOLOSATIK AUTOBUSA ATERAKO DA. Egun batzuk lehenago komunikabideen bidez eta sare sozialen bidez jakinaraziko diogu Tolosakoaren informazioa.

Apuntatzeko: jarrera@beldurbarik.org eta berdintasuna@tolosa.eus eta gazteria@tolosa.eus edo 943-67.03 83 telefonora deitu.

EranskinaTamaina
Image icon 2015 Azaroak 25 kartela egitaraua551.5 KB

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA