Bayoneta aldizkaria

Hitzordua
Informazio gehiago

Zer da Bayoneta?
Tolosaco Napoleonen aurcaco aldizcaria

Bayoneta edo Napoleonen aurkako Tolosako aldizkaria 2008ko udararen azken aldera diseinatu zen, Tolosako udal agiritegian 1808tik 1813ra arte iraun zuen gerrari buruz dagoen ondare dokumental aberatsa jendartera zabaltzeko. Ingelesek Peninsular war (Penintsulako gerra) deitzen diote gerra hari, eta espainiarrek, XIX. mendearen erdialdetik, Guerra de la Independencia. Esandako dokumentazioari kasu egiten badiogu, gatazka hark bete-betean eta indar handiz harrapatu zuen Tolosa; baita Europako beste hainbat hiri ere (Jena, Austerlitz, Eylau, Wagram, Girona, Zaragoza, etab.).

Prentsa idatziaren kontrola eta bertan idatzitakoarena kontu oso serioa zen Napoleon inbaditzailearentzat. Jose I.aren Errege Dekretua gai honen inguruan, 1809ko urtarrilaren 24koa.

Datu historikoak masiboki zabaltzeko hainbat aukera zeuden arren, azkenik aldizkari bat egitea erabaki zen, Bayoneta edo Napoleonen aurkako Tolosako aldizkaria izenburuarekin. Garai hartan frantses inbasioaren aurka propaganda egiteko erabilitako orrien antzerako formatua du. Kontuan izan behar da arma garrantzizkoak izan zirela orri haiek, kanpaina militarraren barruan.

Tolosako Udalak Eusko Ikaskuntzarekin duen hitzarmenaren bitartez, esandako formatua sor zezala eskatu zitzaion Zehazten zerbitzu kulturalari, horrelako tresnetan zeukan esperientziaz baliaturik. Hurrengo zeregina, garai hartako kazeta itxuran eta edukian imitatuko zituen diseinua lantzea eta finkatzea izan zen. Duela bi mende, izan ere, halako euskarrietan zabaltzen ziren albiste, zurrumurru edo eguneroko esamesa soilak. Frantzia, garai hartan, inperio bat eraikitzeko ahaleginetan ari zen, armen indarrez, Europako gainerako estatuak mendean harturik.

Esandako kudeaketa horien emaitza gisa, DIN A-3 neurriko orri bat diseinatu zuen Mikel Leozek, garai hartako ezaugarri estetikoak (neoklasizismoa) aintzat hartuta. Molde edo oinarri horren barruan, batez ere garaiko udal aktetatik ateratako testu bat sartu zuten, baita bi ilustrazio ere.

Testuak benetako gertakariak jasotzen ditu, dokumentazioan jasota daudenak, baina fikziozko pertsona batek kontatuta, “Bayonetaren jabea” delakoak, alegia. Pertsonaia literario horrek Bayonetaren edukiari forma emateko erabili duen diskurtsoaren tonua errealitatetik hartua dago. Hain zuzen ere, Cádizeko Gorteetan 1812an antolatu ziren iraultzaile liberalen ideologia dago atzean, 1789ko iraultzaren printzipioak aplikatu nahi zituztenena eta, arrazoi berberagatik, Napoleonen armadari aurre egitea erabaki zutenena, irizten ziotelako, eta ez arrazoirik gabe, enperadoreak traizio egin ziela helburu iraultzaile haiei eta estalki gisa erabili zituela Europa osoan diktadura militar bat inposatzeko, Napoleonen, haren hurbileko zirkulu pertsonalaren eta 1814ra arte agintean eutsi zion frantses burgesiaren mesedetan.

Gauza bera gertatzen da kazetaren goibururako eta testua ilustratzeko sortu diren irudiekin. Horietan ere, 1808-1813ko errealitatean oinarritutako fikzioaren bitartez, garai hartako espiritua islatu nahi izan da arropa, jarrera, tresna eta gainerakoekin, baina, batez ere, eman zaien satira politiko tonuaren bidez. Tonu hori oso ohikoa zen garaiko kazeta eta panfletoetan. Ez ziren alferrik gerrarako beste arma bat gehiago.

Hemendik aurrera Bayonetaren azken formatua izango denari gehitu zaion euskarazko zutabeak ere gainerako testuaren printzipioak errespetatuko ditu; hau da, agiritegiko dokumentazioan jasota dauden gertakariak islatuko ditu, 1808ko moldea imitatuz. Gaztelaniaz idatzitako testua data haietan Tolosan hitz egiten zen euskararen ahalik eta hurbilenekora itzuliko da; hau da, orduko gipuzkerara. Era horretan, argitalpen ofizial guztietan elebitasunaren inguruan egun indarrean dagoen legeria betetzeaz gainera, Bayonetari eman nahi izan zaion “zahar” itxura hori ahalik eta gehien mantenduko da. 1808tik 1813ra bitarteko gerraren jarraipena egiten duen aldizkariak, bai jada argitaratua dagoen lehen zenbakian, bai hurrengoetan, alde batetik hainbat gertakari historiko zabaldu nahi ditu herritarren artean eta, bestetik, XIX. mendearen hasieratik gaur arteko zubi lana egin nahi du zifrez baliatuz –“hau guztia duela bi mende juxtu gertatu zen”, esaten dugu gaur–, kontuan izan behar baitugu ez dagoela hainbeste atzera egin beharrik garai haietara iristeko. Agertoki hartatik sortu zen, izan ere, egun bizi dugun errealitate konplexua.

EranskinaTamaina
PDF icon Baioneta 01454.69 KB
PDF icon Baioneta 02229.1 KB
PDF icon Baioneta 03257.05 KB
PDF icon Baioneta 04195.04 KB
PDF icon Baioneta 05380.75 KB
PDF icon Baioneta 06285.2 KB
PDF icon Baioneta 07545.43 KB
PDF icon Baioneta 08267.78 KB
PDF icon Baioneta 09515.5 KB
PDF icon Baioneta 10219.51 KB
PDF icon Baioneta 11446.81 KB
PDF icon Baioneta 12252.62 KB
PDF icon Baioneta 13246.36 KB
PDF icon Baioneta 14538.32 KB
PDF icon Baioneta 15445.85 KB
PDF icon Baioneta 16494.33 KB

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA