Antenak

Cita previa
Más información

TOLOSAKO GAZTE INFORMAZIOGUNEAK KUDEATZEKO BEKA-DEIALDIA

1.    SARRERA

Gazte Informazioa Tolosako Udaleko Gazteria Zerbitzuaren programa estrukturaletako bat da.

Gazte Informazioa ezinbesteko baliabide bat da, gazteen erabateko integrazioa eta bizi-proiektu propio eta autonomoa garatzen laguntzen duena. Gazte Informazioak gazteen bizitzaren zikloaren une jakin batean erabakiak hartzen lagundu behar du. Gazte Informazio Zerbitzuen egitekoa da, beraz, informazioaren arlotik, aukera berdintasuna bermatzea, gazte guzti-guztientzat.

Gazte informazioaren lanak gazteei beraien nahiak lortzen lagundu ez ezik, gizartean era aktiboan parte hartzen ere lagundu behar die. Informazioa ematerakoan, gazteei aukerak zabaldu behar zaizkie eta autonomia zein gaitasuna handitzen lagundu.

Gazte Informazio Zerbitzua (GIZ)

Gazteei zuzendutako Udal Zerbitzu bat da. Bertan honako gaiei buruzko informazioa bildu eta zabaltzen da:

  • Lana: lan eskaintza publiko eta pribatuak, oposizioak, autoenplegua, lana atzerrian, Langairen eskaintzak...
  • Lanerako prestakuntza: ikasketei buruzko informazioa, bekak, graduondokoak, hizkuntza eta Europako programak.
  • Gizarte bizitza: elkartegintza, Administrazioaren zerbitzuak, osasuna, sexualitatea, drogomenpekotasuna, prebentzioa eta etxebizitza.
  • Aisia: aisi hezitzailea, kultur ekintzak, kirola, boluntariotza, ikastaroak, tailerrak eta lehiaketak.
  • Bidaiak: bidaien prezioak, gidak, karnetak, ostatua, kanpamenduak, txangoak...
  • Beste batzuk: elkartrukerako poltsa, prentsa, dokumentazioa, diru-laguntzak eta iragarkiak.

Zerbitzu hau Tolosako Kultur Etxean kokaturik dago (Trianguloa, 1) eta Udaleko web orri  eta sare sozialetan (facebook eta twiter).

Gazte Informazio Guneak (GIG)

Gipuzkoako Lurralde Zentroko datuen arabera, GIZera jotzen duen erabiltzailea, batez beste, 22 urtetik 26 urtera bitarteko gaztea da. Hori horrela, argi dago informazioaren deszentralizazio estrategiak abian jarri behar direla, hain zuzen ere, GIZera etortzen ez diren gazteengana informazioa helarazteko. Hori dela eta, informazioa eraman behar da gazteak dauden tokietara eta sarri mugitu ohi diren lekuetara.

Honetarako, Udal Gazteria Zerbitzuak hainbat Gazte Informazio Gune (GIG) jarri ditu Tolosako hainbat tokitan.

Honako tokietan jartzea aurreikusten da:

  • Usabal kiroldegian
  • Aranburu jauregian
  • Laskorain ikastolan 2
  • Orixe institutuan BHI
  • Herrikide - Eskolapioetan
  • Lanbide Heziketa zentroan
  • Peñaskal fundazioan
  • Gazte Topagunean

GIG hauek 3,00 m x 1,00 m neurriko panel baten bidez aurkezten dira. Ohol honek gaika antolatutako informazioa erakusten du, hain zuzen ere, honako gaiei buruz: lehiaketak, enplegua, aisialdia, ikastaroak, bekak-laguntzak eta gazteentzako iragarkiak.

2.    BEKEN HELBURUAK

Gazte informazioaren dinamizazio estrategien barruan, gazteek informazioaren zabalkundean parte hartu behar dute. Horregatik, bereziki interesgarria da, informazioaren zabalkundeari begira, gazteengandik hurbil dauden GIGen gestioa gazteen euren esku uztea. Beraz, beken sistemaren bidez bi helburu lortu nahi dira: helburu nagusia hezitzailea da, eta bigarren mailako helburua, eraginkortasuna.

  • Helburu hezitzailea: beken sistemak helburu hau du honakoagatik:
    • Gazteak informazioa erabiltzen trebatzea bilatzen duelako.
    • Gazte informazioa zabaltzeko beharrezko gizarte abileziak garatzea bilatzen duelako.
    • Gazteak ardurak hartzea bilatzen duelako.
    • Gazteen parte-hartze aktiboa bilatzen duelako.
    • Informazioaren  bitartez arrisku jarreren prebentzioa bilatzen duelako.
  • Eraginkortasun helburua: beken bitartez gazteen intereseko informazioa gazteek berek zabaltzen dutenean, askoz errazagoa da informazio hori interesa duenarengana iristea.
  • Beka hauek banatzeko orduan, parekidetasuna kontuan hartuko da.

Horregatik, Udal Gazteria Zerbitzuak zortzi BEKA emango ditu honako GIG hauek kudeatzeko:

  • Laskorain ikastolan
  • Orixe institutuan (BHI).
  • Peñaskal fundazioan
  • Herrikide Eskolapioetan
  • Lanbide Heziketa zentroan
  • Usabal kiroldegian
  • Aranburu jauregiko liburutegian
  • Gazte Topagunean

3.    DEIALDIAN AURKEZTEKO BETE BEHARREKO BALDINTZAK

  • Gutxienez, 14 urte beteak izatea beka eman zaion urteko abenduaren 31 baino lehen.
  • Ikastetxean matrikulaturik egotea beka eman zaion ikasturtean.
  • Eskatzailea adinez txikia bada, bere ordezkari legalaren baimena beharko du (II. eranskina).

4.    BEKADUNAREN FUNTZIOAK

  • Aurreko ataletan jaso denez, helburu hezitzaileaz gain, beka honen helburua da ikastetxeetako Gazte Informazio Guneak 2016-2017 ikasturtean zehar gestionatzea. Hona hemen bekadunaren egitekoak:
    • Gazte bakoitzak Tolosako Udalak sortu duen plataforma digitala ezagutu eta jorratu beharko du eta bertan dauden 3 informazio iturrietatik interesgarrien iruditzen zaion informazioa atera beharko du.
    • Astean behin Kultur Etxean dagoen Gazte Informazio Zerbitzura joan daiteke gazteek berek sortutako informazioa jasotzera, gero ikastetxera eramateko. Informazioa jasotzeko eguna denon artean adostuko dugu. Bekadunak 3 alditan informazioa jasotzen ez badu justifikaziorik gabe, bekaren % 50 besterik ez du jasoko, eta 5 alditan izanez gero, eskubide guztiak galduko ditu.
    • Bulegoko arduradunak emandako informazioa ez ezik, bekadunak (GIG bateko arduraduna den aldetik) jaso behar du bere ikastetxeko gazteentzat egoki eta interesgarri deritzon informazioa edota zuzenean eskatu dioten informazioa. Gazte informatzailearen laguntza izango du horretarako.
    • Gazte Informazio Zerbitzuko plataforman jasotako informazio guztia astero ordenatu behar da, informazioa uneoro ikastetxeko gazteei helarazteko. Era berean, dataz pasatutako informazioa kendu egin behar da.
    • Aukeratutako informazioa dinamizatu egin behar da, hau da, bekadunaren ahalmenaren arabera, jarritako informazioari buruzko galderak eta eskaerak bideratu eta argitu egin behar dira.
    • Gazte Informazio Bulegoko arduradunari ikastetxeko gazteen premia eta interes guztiak jakinarazi behar zaizkio (ikastetxeko informazioa ekarriz), Gazteria Zerbitzuak interesatzen zaizkien ekintzak antolatu ahal ditzan.
    • Ikastetxeko gazteen aurrean bere burua aurkeztu behar du, eta panela eta funtzionatzeko modua ere bai.
    • Elkarren arteko komunikaziorako bide berriak erabiliko dira: webgune berezia, helbide elektronikoa, whatsappa...
  • Behin bekadun guztiak hautatuta, saio batean, beren lanean laguntzeko, honako gaien inguruko informazioa jasoko dute:

- Tolosako Udaleko Gazteria Zerbitzuaren programak.
- Panelak gestionatzeko argibideak.

Era berean, bekadunen taldeak, ikasturtean zehar, bi aldiz bildu beharko du Gazteria Zerbitzuarekin, lanaren nondik norakoak baloratu ahal izateko.

5.    AURKEZTEKO MODU, TOKI ETA EPEAK

Beka bakoitzean BAKARKA ala BIKOTEKA aurkeztu ahal izango da. Binaka aurkeztekotan, bi bekadunek betebehar berak izango dituzte bekari begira, eta euren artean adostuko dute lanaren banaketa. Kasu honetan, bekaren zenbatekoaren erdia ordainduko zaio bakoitzari.

Aurkeztu beharreko dokumentuak:

  • Nortasun agiriaren fotokopia (NANa, pasaportea...)
  • I. eranskina beteta
  • II. eranskina beteta

Ez da beharrezkoa eskatzailea ikastetxean matrikulaturik dagoela egiaztatzen duen dokumentua aurkeztea. Ikastetxean kontsulta egingo da, hala dela egiaztatzeko.

Eskaera aurkeztu behar da Gazteria Zerbitzuan edo Kultur Etxeko harrera bulegoan, urriaren 21a bitartean.

6.    BEKAREN ZENBATEKOA ETA ORDAINTZEKO MODUA

Beka hau 8 hilabeterako da, 2016ko urriaren erdialdetik 2017ko maiatzaren erdialdera arte. Beka 400,00 eurokoa da.

2016ko urritik 2017ko maiatza bitartean emandako zerbitzuaren balorazioa positiboa bada, ordaindu egingo da. Balorazioa negatiboa bada, beka baliogabetu daiteke.

7.    BALORAZIO IRIZPIDEAK

  • Hautagaiaren egokitasuna egin beharreko lanerako. Honetarako, kontuan hartuko dira II. eranskinean egindako galderen erantzunak.
  • Era berean, kontuan hartuko dira ikastetxeetako eta bestelako arduradunek hautagaiei buruz egin litzaketen aipamenak.

 

Informazioa
gazteria@tolosa.eus
Gazteria Zerbitzua -  gazte informazio zerbitzua
943 67 03 83

AdjuntoTamaño
Microsoft Office document icon Antenak beka deialdia2.22 MB

Cita previa

Servicio de atención ciudadana y registro del Ayuntamiento de Tolosa (UDATE)

Para mayor comodidad y evitar esperas, le recomendamos concertar una cita previa. Para ello, le llamaremos al teléfono que nos ha facilitado en las 24 horas (día hábil) siguientes a la cumplimentación de este formulario, para contestar a su consulta o confirmar la fecha y hora de la cita.

SOLICITAR CITA PREVIA