-
Udaberriak Tolosara dakarren astebururik ederrenetarikoa iritsiko da ostiraletik aurrera: Museoen Nazioarteko Egunarekin bat egiten duen Gau Zuriaren ostean, azoka guneak usain ederrez eta kolore biziez betetzen dituena. Gau Zuria eta Lore eta Landare Azoka, biak bat: Tolosa Zuria Loretan.
Gaur aurkeztu da Anoetako Azpiazu Mintegian datorren asteburu honetan (maiatzaren 17tik 19ra) ospatuko den Tolosa Zuria Loretan. Prentsaurrekorako aukeratutako tokiak badu bere arrazoia: larunbatero Tolosako Berdura Plazan lore eta landareen postua jartzen duten arduradunak dira Azpiazukoak; eta errekonozimendu modura egin da.
Eskualdeko lore maitale eta kultur zaletuak elkartuko dituen festa honek egitarau oparoa du herritar nahiz bisitariei eskaintzeko:
Batetik, maiatzaren 17an, Museoen Nazioarteko Eguna eta Gau Zuria ospatuko dira. TOPIC museoan ate-irekiez gozatzeko aukerarekin hasiko da arratsaldea, eta honek irauten duen bitartean, Tolosako Musika Eskolako ikasleek emanaldiak eskainiko dituzte TOPIC-eko txoko ezberdinetan. Gainera, TOPIC-eko erakusketa tenporala den “Eszenak & Istorioak. Speeltheater Holland eta bere mundu magikoa” ezagutzeko bisita gidatuak izango dira 23:00 eta 24:00etan. Gaua Bide-Bide tabernak sortutako koktel zuriaren dastaketarekin amaituko da.
Larunbatean, berriz (maiatzak 18), larunbateroko azokaz gain, Lore eta Landare Azoka Berezia jarriko dute Berdura Plazan: espezie asko ezagutu eta erosteko aukera egongo da, eta hauek zaintzeko aholkuak profesionalengandik jasotzeko aukera paregabea ere bada. Arratsaldean, berriz, bigarren eskuko BirZIklatu merkatua hartuko du Berdura Plazak.
TOPIC-en ere izango dira hitzorduak. Aurreko egunean bezala, ate irekiak izango dira goizeko 10:00etatik 14:00etara. Eguerdian FOTOPIC lehiaketaren parte-hartzaileen artean sari-banaketa izango da; eta arratsaldean, haurrentzako tailerra.
Zerkausian Tolosako Musika Bandaren kontzertua entzuteko parada izango da, 19:00etan, ‘Musikaria Astearen’ XXV. urteurrenean.
Baina hauek ez dira Tolosara bisitan etorri edota kalera ateratzeko arrazoi bakarrak: aurreko edizioen arrakasta ikusita, antortxekin argitutako gaueko bisita gidatuak eskainiko dira asteburu honetan ere, Tolosako Alde Zaharra eta Santa Maria parrokia ezagutzeko.
Bisitatzeko toki interesgarri bat izango da ere Triangulo Plaza, lore instalakuntza erraldoia ezarriko da eta Tolosako Gaztelako Atean, Gipuzkoako Loradenden elkartearen eskutik.
(Oharra: TOPIC-eko eta Tolosako bisita gidatuentzat izena eman behar da, TOPICen edota Tolosaldea Tour-en, hurrenez hurren. Hizkuntza ezberdinetan egingo dira, kontsultatu ordutegiak.)
PROGRAMAZIOA:
MAIATZAK 17 ostirala - Museoen Nazioarteko Eguna&Gau Zuria:
17:00-01:00 Ate irekiak TOPIC museoan
17:00-24:00 Emanaldiak Tolosako Musika Eskolako ikasleen eskutik, TOPICen
23:00 Bisita gidatu bereziak “Eszenak & Istorioak. Speeltheater Holland (Studio) eta bere mundu magikoa” aldizkako erakusketara ( euskeraz ) (Izenematea beharrezkoa)
24:00: Bisita gidatu bereziak “Eszenak & Istorioak. Speeltheater Holland (Studio) eta bere mundu magikoa” aldizkako erakusketara ( erderaz) (Izenematea beharrezkoa)
21:30 Alde Zaharrean eta Santa Maria parrokian gaueko bisita gidatua euskaraz (Tolosaldea Tour-eko bulegotik hasita)
22:30 -24:30 Koktel Zuriaren dastaketa Bidebideren eskutik.TOPIC museoan
MAIATZAK 18 larunbata - Lore eta Landare azoka berezia
9:00-14:00: Larunbateko Azoka Zerkausian eta Euskal Herria plazan
9:00-14:00: Lore eta Landare Azoka Berezia Berdura plazan
10:00-14:00 eta 15:00-19:00 Ate irekiak TOPIC museoan
12:00 FOTOPICen parte-hartzaileen artean sari banaketa
16:30-19:30 BirZIklatu Merkatua – 2. eskuko merkatua Berdura Plazan
17.00 -18:00 Haurrentzako tailerra Topic-en (doan)
19:00: “Musikaria”:Tolosako Musika Bandaren kontzertua, Zerkausian.XXV, urteurrena
21:30 Alde Zaharrean Alde Zaharrean eta Santa Maria parrokian gaueko bisita gidatua gazteleraz (Tolosaldea Tour-eko bulegotik hasita)
“Neurri handiko lore-instalazioa Tolosako Gaztelako atean”
Egilea: Gipuzkoako loradenden elkartea