Alokairu ordainketa errazteko dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik ostiraletik aurrera

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/09/22 | Etxebizitza
  • Eskaerak ostiraletik hasita, azaroaren 9ra arte egin ahal izango dira aurrez aurre UDATEn edota telematikoki udal webgunean. Informazio gehiagorako herritarrek udal webgunera edota etxebizitza sailera jo dezateke.

  • Dirulaguntza berria 18-35 urte bitarteko gazteei eta behar bereziak izan ditzaketen herritar eta familiei zuzenduta dago, tolosar ororen etxebizitza eskubidea bermatu eta herritarrei aukera berriak eskaintzeko helburuarekin.

  • Olatz Peon, alkatea: “etxebizitza lan lerro garrantzitsu bezain estrategikoa da udal gobernu honentzat herritarrei etxebizitza alorrean aukera berriak eskaintzea lehentasunezkoa delako guztiok izan dezagun gure bizitza proiektua Tolosan garatzeko aukera, horregatik, dirulaguntza berria etxebizitza politikan urrats bat gehiago da,urrats oso garrantzitsua, etxebizitza eskubidea bermatzeko eta gazteen emantzipazio aukerak sustatzeko”.

 

Tolosako Udalak lehen aldiz alokairu ordainketa errazteko dirulaguntzak eskainiko ditu. Eskaerak ostiraletik hasita, azaroaren 9ra arte arte egin ahal izango dira, presentzialki UDATEn edota telematikoki udal webgunean.

Olatz Peon Ormazabal alkateak eta Xabier Balerdik, Etxebizitza Saileko zinegotzi arduradunak eman dute gaur deialdiaren berri. Alkateak azpimarratu du, etxebizitza lan lerro garrantzitsu bezain estrategikoa dela udal gobernuarentzat tolosarrei etxebizitza eskubidea bermatu eta alor honetan aukera berriak eskaintzea lehentasunezkoa delako.

Zentzu horretan, Olatz Peonek gogorarazi du, etxebizitza hutsen eta etxebizitza beharren inguruko azterketa egin zela lehendabizi Tolosako errealitatea zehazki ezagutzeko -etxebizitza hutsen egoera, horien kokapena, etxebizitza eskatzaileen profila- eta azterketaren ondorioak kontuan hartuta hartzeko neurriak. Gauzak horrela, bi norantzatan ari da lanean udala; batetik, hirigintza garapena sustatzen, etxebizitza parkea handitzeko eta, bestetik, alokairua sustatzen, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko eta gazteen emantzipazioa erraztu eta bultzatzeko, tolosar guztiek izan dezaten beren bizitza proiektua bertan garatzeko aukera.

Euskal Herria plazako gazteentzako bizitokiak bete dira dagoeneko, egin da baita ere Agaramunduko Babes Ofizialeko etxebizitzen zozketa eta urtea amaitu aurretik, Alokabiderekin hitzarmena berritzea aurreikusi du Udalak, Bizigune programa sustatu eta etxebizitza hutsak birgaitzeko dirulaguntza osagarria martxan jartzeko. “Visesarekin elkarlanean, Amarotzen gizarte alokairura bideratutako etxebizitzak eraikitzeko lanean ere bagabiltza” gaineratu du alkateak.

Gazte eta kolektibo ezberdinei zuzendutako dirulaguntza

Dirulaguntza lerro berriaren helburua da tolosarrei alokairu-erregimeneko etxebizitza bat lortzen eta alokairuko merkatu librean sartzen laguntzea.

Laguntza, etxebizitzarik jabetzan ez duten eta alokairuan bizi diren tolosarrei zuzenduta dago, hauexei hain zuzen: 18-35 urte bitarteko tolosarrei, baina baita ere behar bereziak dituzten herritar eta familiei ere (bananduak, dibortziatuak, familia gurasobakarrak...).

Dirulaguntza jasotzeko eskatzaileek zenbait baldintza bete beharko dituzte: Tolosan erroldatuta egotea, etxebizitza Tolosan kokatuta egotea, alokatutako etxebizitzak gutxieneko bizigarritasun baldintzak betetzea, eta abar.

Era berean, bizikidetza unitatearen diru-sarrerak kontuan izango dira. Bizikidetza unitateko diru-sarreren mugak honako hauek izango dira:

  • Urteko diru-sarrera gordinak gutxienez 3.000 eurokoak izango dira.

  • Onuradun bakarra baldin bada, urteko diru-sarrera gordinek ezingo dute gainditu 28.000 euroko kopurua.

  • Bi onuradun edo gehiago izanez gero, urteko diru-sarrera gordinek ezingo dute gainditu 35.000 euroko kopurua.

Diru-sarrerak

Dirulaguntza

15.000 euro artea

Alokairuaren %50

15.001-21.000 euro

Alokairuaren %40

21.001-30.000 euro

Alokairuaren %30

30.001-35.000 euro

Alokairuaren %20

Gehienez ere, 250 euroko laguntza emango da hilean, etxebizitza Alde Zaharrean kokatuta badago, 300 eurokoa. “Neurri honekin Alde Zaharra biziberritu eta alde zaharrean hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzea lortu nahi da” azpimarratu du Xabier Balerdik.

“Alokairu errentek gehienez ere 700 eurokoak izan beharko dute eta ez da onartuko urtebete baino iraupen txikiagoa duen kontraturik”azaldu du Balerdik.

Deialdi honetara, 40.000 euroko aurrekontua bideratu da. Dena den, aurkeztutako eskaeren arabera, 60.000 euroko aurrekontu gehigarria onartu ahal izango da, dagokion aurrekontu-aldaketa onartu ondoren. .

Eskaerak aurkezteko epea eta modua

Dirulaguntza jaso nahi duten tolosarrek, eskaerak presentzialki egin ahal izango dituzte UDATE herritarren arreta bulegoan edota telematikoki udaleko web orrian, ostiraletik hasita azaroaren 9ra arte.

Eskaera egiteko aurkeztu beharreko dokumentazioaren eta deialdiaren inguruko informazio osoa herritarren eskura jarri da udal webgunean (www.tolosa.eus/etxebizitza) eta zalantzak izanez gero edota laguntza behar izanez gero, tolosarrek etxebizitza sailera jo dezakete 943 69 74 91 telefonora deituta, etxebizitzak@tolosa.eus helbidera idatzita edota aurrez aurreko arretarako UDATEra gerturatuta, 8:00etatik 14:15erako ordutegian.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA