Igandean abiatuko da Usabal kiroldegiko udako kanpaina

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/05/29 | Kirolak
  • Igandean, ekainaren 1ean, zabalduko da kanpoko igerilekua.

  • Udako ordutegia izatera pasatuko da, irailaren 20ra arte: astelehenetik ostiralera 07:00-22:00, eta 08:00-21:00 larunbat, igande eta jai egunetan.

  • Adin-tarte ezberdinei zuzenduta eta askotariko kirol-modalitatetan, 25 jarduerako eskaintza izango du kiroldegiak, uda osoan zehar.
     

Ekaina heltzearekin batera, udako eskaintza sartuko da indarrean Usabal kiroldegian. Igande honetatik aurrera, ekainak 1, kanpoko igerilekua ere zabalik izango da, irailaren 20ra bitarte.

Epealdi horretan, kiroldegiko ordutegia ere moldatuko da. Astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 22:00etara bitarte izango da irekita; larunbat, igande eta jai egunetan, 08:00etatik 21:00etara. Kanpoko igerilekuaren kasuan, 10:00etatik 20:30erako ordutegia izango du. Ixteko ordua baino zertxobait lehenago hasten dira materiala biltzen, etzaulkiak esaterako. Kiroldegiko langileek hori errespetatzeko eskatu dute.

Egunotan kanpoko eremua prestatu eta atondu dute, iganderako prest egon dadin. Aurten, itzalgune gehiago jarri dira. Sarbidean izango da nobedade nagusia: solariumeko pertsona bat izango da sarrera kontrolatzen arratsaldetan. Modu horretara, eguneko sarrerak eta bonuak bertan ere erosi ahal izango dira, sarrera nagusira joan gabe.

Dekalogo bat elkarbizitzarako

Jokabide onen dekalogo bat ere landu du kiroldegiak, denen arteko elkarbizitza sustatzeko. Besteak beste, higienea zaintzeko, zaborra gutxitzeko edo beste erabiltzaileak errespetatzeko arau eta gomendioak jasotzen ditu. 

Azpimarra berezia jarri dute Udalak eta Kiroldegiak jan-edanean: «Plastiko, goxoki, pipa-azal, lata... Egunaren amaieran kanpoko espazioetan zabor ugari egoten da botata. Eskatzen dugu arreta jartzea eta arduraz jokatzea. Pipak, esaterako, ezin dira jan kanpoko espazioan, oso zaila egiten baita hori garbitzea. Gure esku dagoena egiten ahaleginduko gara hori gerta ez dadin, baina denon esku ere badago. Gainerako erabiltzaileekiko ez ezik, langileekiko ere begirune hori izatea eskatzen dugu», azaldu dute Ana Goenaga kiroldegiko kudeatzaileak eta Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak.

25 ikastaro eta jarduera, uztailean eta abuztuan

Udako oporraldian kirola egiteko ikastaro eta jarduera eskaintza ere osatu du kiroldegiak. Orotara, 25 ekintza eskainiko dira, uztail eta abuztuan, hiru adin tartetan banatuta. Eskaintza osoa, ordutegi eta tarifak hemen daude ikusgai.

14 urtetik gorako gazte eta helduei zuzenduta hamabi jardura izango dira; besteak beste, pilates, cycling, padel/tenis eskola, Kfit edota igeriketa. 13 eta 16 urte bitarteko gazteek ere beste lau ikastaro izango dituzte: Kfit-gazte, cycling, padel/tenis eskola eta multiekintzak. Azken horretan, astelehenetik ostiralera, bi astez, zenbait kirol-diziplina jorratuko dituzte.

13 urtetik beherako haurrentzat zazpi ekintza izango dira: igeriketa, dantza-eskola, kirol-ludoteka, futbol-kanpusa, padel/tenis eskola, arrauna eta goiz-txokoa. Astelehenetik ostiralera egunero eskainiko dira. Kiroldegiko tabernan bazkaltzen geratzeko aukera ere eskainiko da.

Izena emateko aukera dagoeneko zabalik da: horretarako, 943 53 64 00 telefonora deitu ahal izango da, baita Usabal Kiroldegira bertaratu ere.

Herriko kirol-taldeek ere eskaintza hori osatuko dute, kanpus, ikastaro eta jarduerak antolatuko baitituzte. Esate baterako, Saskibaloi kanpusa TAKEk, ikastaro andana Zumardia elkarteak... 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA