Ekaina eta abendua bitartean, adinekoen kognizio-kaltearen prebentziorako «Do Re Ni» estimulazio-saioak izango dira Tolosan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/05/28 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Musikaren bitartez garuna estimulatzea du helburu egitasmoak, eta izen-emateak ekainaren 2tik 6ra izango dira zabalik.
  • Saioak Iturriza elkarteak Alondegian duen egoitzan izango dira, astelehenero, 09:00etatik 10:30era.

Tolosako Udalak iaz jarri zuen martxan lehen aldiz «Do, Re, Ni» egitasmoa, Xabier Lizaso musikariaren metodoan oinarritutako egitasmoa. Adineko pertsonei, 60 urtetik gorakoei, zuzenduta dago eta helburua du garuna indartzea musikan eta mugimenduan oinarritutako talde-dinamikaren bidez. Jarduera honek ongizatea sustatzen du modu prebentiboan, ohitura osasuntsuak eta elkarren arteko harremanak indartuz, eta baliagarria da Alzheimerra eta bestelako dementzien eragina atzeratzeko.

Iturriza elkartearekin elkarlanean antolatu da egitasmoa, eta bertan egingo dira saioak, elkarteak kudeatzen duen eraikinean. Lehenengo hitzordua ekainaren 9an izango dute parte-hartzaileek, eta horretan, banakako elkarrizketak egingo dira. Bigarren saiotik aurrera (ekainak 16), astelehenero egingo dira taldeko saioak, 09:00etatik 10:30era. Orotara, 23 saio izango dira, abendura arte. 

Aurretik izena ematea beharrezkoa izango da: ekainaren 2tik 6ra eman ahal izango da izena, 670 985 927 telefono zenbakira deituta. Gehienez 20 pertsonako taldea osatuko da eta kanpoan gelditzen diren interesdunekin itxaron-zerrenda osatuko da.

Oinarri zientifikoa

2020an, Osakidetzako profesionalekin batera egindako ikerketa baten bidez, «Do, Re, Ni» metodoaren onurak frogatu ziren Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz. Emaitzek baieztatu zuten estimulazio kognitibo naturala, onuragarria eta albo-ondoriorik gabekoa dakarrela. Egitasmoak laguntzen du kognizioaren narriadura prebenitzeko kontzientzia areagotzen, eta garunaren garapen optimoa lortzeko jarduera fisiko eta mentalaren garrantzia azpimarratzen ere. Buru-osasuna eta gorputz-osasuna hobetzeko ohiturak barneratzea sustatu nahi du prebentzio-programa gisa sustraitzea eta sendotzea helburu duen egitasmo honek.

Saioen egutegia

  • Ekaina: 9, 16, 23, 30
  • Uztaila: 7, 14, 21, 28
  • Abuztua: 4, 18
  • Iraila: 1, 8, 15, 22, 2
  • Urria: 6, 13, 20, 2
  • Azaroa: 3, 10, 17, 2
  • Abendua: 1

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA