Bedaio: natura bere gorenean

Hitzordua
Informazio gehiago

 

Zalantzarik gabe, bisitatzea gomendatzen den Tolosako interesguneetako bat da Bedaio. Kuriositate moduan, Tolosako auzo bat izanagatik Tolosaldeko hainbat herri zeharkatu behar dituzu haraino iristeko (20 minutu autoz). Bisitak merezi du, aukera paregabea baita naturaz inguratutako landa-ingurune batean geratu, atseden hartu eta ikuspegiez gozatzeko.

 

Landa-auzo hau Tolosako hego-ekialdean dago, Balerdi mendiaren hegalean (Aralar Parke Naturala), eta 2017ko erroldan jasotako datuen arabera 95 biztanle ditu. Lizartza, Altzo, Alegi, Gaztelu, Amezketa eta Araitz (Nafarroan jada) herriekin muga egiten du. Bedaiotik abiatuta, auzoaren gainaldean dauden Aralarko malloak bisita daitezke. Bere kokapen geografikoagatik, zona hau ezaguna da mikelete eta kontrabandisten artean emandako anekdota desberdinengatik.

 

Bedaion, bizitza-estilo eta ingurune landatarra ezagutuko dituzu: baratzeak, baserriak, animaliak…Bizitza-estilo osasungarria eta bizilagunen artean harreman bikaina nagusitzen dira. Bestalde, urtean behin artisautza-merkatu berezia antolatzen da bertan. Aukera aparta da eskuekin sortze-lanak egiteko baliabide naturalak nola aprobetxatzen dituzten ikusteko. Kultura erruz duen auzo honetan gauza asko dago ikasteko.

 

Beste bitxikeria bat ere badu, Bedaio eta Ugarte (Amezketa) baitira Gipuzkoan “Ingurutxoa" (“bira” edo “ingurunea” esan nahi du) dantza folklorikoa mantendu duten herri bakarrak. Herriko plazan dantzatzen da, bikoteka (etxezainak eta bikoteak) eta litekeena da Nafarroatik ekarritako ohitura bat izatea, mugaren gertutasuna dela eta. Garai batean, urtean zehar igande askotan dantzatzen zen Ingurutxoa; orain, ordea, irailaren 8an, Ama Birjinaren egunean, soilik egiten dute.

 

Harri Jaia, “Fiesta de la Piedra”

Ostegun honetan, ekainaren 6an, Harri Jaia ospatuko da Bedaion. Duela urte asko, bi urtez jarraian soroak eta plantazioak suntsitu zituen kazkabar-erauntsia bota zuen egun berean. Harrezkeroztik, ospakizuneko egun bat da. Meza Nagusia eta San Isidrori txingor-zaparrada horietatik babes ditzala erregutzeko prozesioa egiten dira. Ohiturari tinko eusten diote, izan ere, denbora batez eguna ospatzeari utzi zioten eta txingor-zaparrada gogorra etorri zen atzetik.

 

 

Bedaiotik egin daitezkeen mendi-ibiliak:

Bedaiotik mendi-ibili ugari egin daitezke, ondo seinaleztatutako bideak dituelako. Artubi (1263 m.) eta Balerdi (1193 m.) mendietara eta Urreagako Haitzara (779 m.) igo eta Zarate bisitatzeko aukera dago.


Tolosako beste auzo batzuk dira: Aldaba, Amarotz, Auzo Txikia, Monteskue, San Blas, San Esteban, Santa Luzia, Urkizu eta Usabal.

 

 

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA