Tolosa Goxua: utzi gure gozotegietako labeen usainak erakarri zaitzaten!

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosa Goxua munduko festarik gozoena da; gure herria, beste behin ere, gozamenaren hiriburu bihurtzen den eguna. Tolosan ditugun gozogile eta artisauak onenak direla lau haizeetara zabaltzeko eguna. Gure gastronomia bere osotasunean erreferentea dela ospatzeko eguna. Denetarik baitaukagu: lehenengoak, bigarrenak, postreak…. Baina, nork dio gozoa postrerako bakarrik denik?

Seguru Tolosako bonbak, pastak eta teila eta zigarriloak ezagunak egiten zaizkizula. Ez diezazutela gehiago kontatu behar izan, dastatu itzazu lehen pertsonan! Hurbildu gure gozotegietara, eta artisau gozogile guztiek beren produktuekin eskuz nola lan egiten duten ikusteaz gain, kafe bat har dezakezu lasai-lasai euren pasteltxo txiki batekin; edo askoz hobeto: etxera familia osoarekin elkarbanatzeko pastelez betetako kaxa dotore batekin itzuli zaitezke! Beti dago mahaiaren bueltan ospatzeko arrazoiren bat. Pertsona mota bakoitzarentzat pastel mota bat dagoela esaten dute... etorri zerrenda prest daukazula, edo inprobisatu, galdetu eta utzi eramaten! Gure gozotegietan oso erraza da asmatzea. (Gozotegien direktorioa beherago utziko dizugu).

Dagoeneko 27 dira Tolosa Goxua azokak bete dituen edizioak, eta bertan hainbat ekimen egin dira: tarta erraldoiak, Guinness World Record azokarako turroi luzeena… Ez da harritzekoa tolosarrek nahiz ingurutik hurbiltzen direnek egutegian markaturiko eguna izatea, tarta, pastel, bizkotxo, pasta, txokolate, eta abarrak dastatu eta erosteko.

 

 

Aurten, urriaren 30ean, larunbatean, Tolosa Goxua eguna ospatzeko gozokiak banatuko dira herriko 4 artisau-gozotegietan. Datorren urtean, urriaren amaieran, betidanik ezagutu dugun festa tradizionalarekin eta gozo usaina duten mahaiez betetako azokarekin itzuliko gara.

Hori dela eta, aurten gure herriko gozoaren tenpluak ezagutzera gonbidatzen zaitugu. Utzi gure labeen usainak harrapa zaitzan!

 

Ezagutu itzazu Tolosako lau artisau-gozotegi hauen sekretuak:

 

Tolosako gozogileek denbora asko daramate elkarlanean, Tolosako pastelgintzako tradizioa eta artisau-lanbidea zaindu, zabaldu eta hurbiltzeko. Bakoitzak bere egiteko modua eta kontatzeko historia ditu:

 
SAIZAR:
 

28 urtez Joxe Mari Gorrotxategiren ikasle izan eta elkarrekin lanean jardun ondoren, 1996an ireki zituen Miguel Maria Saizarrek bere gozotegiko ateak Nieves Soroarekin batera. 25 urte ospatzen dituzte aurten, eta “betiko” eta etxeko errezeta tradizionalei eusten dizkiete bertako gozoek. Guztien artean, hostopila eta pasteltxoak nagusitzen dira. 

 

“Bertan saltzen dugun gozo oro da artisaua eta eskuz egina. Ez dugu azukre gehiegi erabiltzen, kantitate zehatzak eta justuak erabiltzen ditugu, eta horregatik gure pastel eta gozokiak ez dira gozoegiak izaten. Gozotegia ireki genuenetik errezeta berberak erabiltzen ditugu, ez ditugu eraldatu, gure lan egiteko modua ere berbera da, eta kalitate oneko osagaiak erabiltzen ditugu antzina bezala”.

 

 

 

 

GOZONA:
 

Bere historia Tolosaldeko herrietan barkiloak eta izozkia saltzen hasi zen, gurdi-bizikletaren laguntzarekin, eta gozotegi eta okindegi tradizionalerantz. Familiako hirugarren belaunaldiaren eskutik, ez dute produktuen lerroa aldatu, baina kontsumo-beharretara eta -ohituretara egokitu dira, ezaugarri duten artisau-gozotegiko lan-ildoari eutsiz.

 

“Eskulangintza negozioaz haraindiko bizimodu gisa ulertzen dugu; nolabait, ideia erromantikoa da. Asko hartu dugu parte Tolosako bizitzan, eta gure bezeroen hurbiltasuna izan dugu beti, giro berezi batean. Gozogintzako formulazioa zehatza da, eta beti berdina, baina bezeroengana ere egokitzen gara. Sukaldean bezala, croissant-a egunero ezberdin ateratzen da, baina gakoa produktua mimatzea da”.

 

 

 
 
RAFA GORROTXATEGI:
 

Gorrotxategi familiaren hirugarren belaunaldia da. Bere bizitza gozoari lotuta egon da, eta txokolategile-gozogile gisa 24 urte zituela hasi zen lanean Jose Mari Gorrotxategi aitarekin, etxeko lantegian. 2016. urtearen amaieran bere obradorea abian jartzea aurrerapauso handia izan da kalitatean eta berrikuntzan, eta artisau-gozotegia maila gorenera eraman du. Udazken honetan, “Euskal Pilotak” proiektuarekin iritsiko da nobedadea: euskal pilotaren omenez, Rafak euskal pilota erdiko bonboiak egin ditu.

 

“Eskuz egiten da guztia. Kalitate eta jatorri oneneko osagaiak erabiltzen ditugu (adibidez, kakao-portzentaje handiko lehengaiak). Produktuen zaporea eta kalitatea ez ezik, osasungarriak eta jasangarriak izaten ere saiatzen gara; egiten ditugun produktu gehienak glutenik gabeak dira jada.”

 

 

 

 
ECEIZA:
 

1924an sortua, familiaren laugarren belaunaldiak jarraitzen dio gaur egun gozogintzari. Produktuen artean bonbak, tarta izoztua, teilak eta zigarrotxoak dira ezagunenak. Eceizak tradizioari eusten dio eguneroko lanean, baina bezeroen behar berrietara egokitu da, eta egun moldagarritasun gaitasuna da bere funtsa.

 

“Ikusten dugunez, jendeak garrantzi handia ematen dio zaintzeari, baita zer jaten duten jakiteari ere. Hori dela-eta, gure produktuak kalitate handikoak dira, zeliakoei zuzendutako produktu aukera daukagu, etengabe ari gara osagai eta intolerantzia ezberdinetarako frogak egiten, eta infusio ekologikoak eskaintzen ditugu. Gozoa, akaso, ez da egunerokorako, baina jan behar baduzu ongi jan eta izan dadila gozo ona.” 

 

 

 
 
 

 

 
 
 
 
 
 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA