2015 Martxoak 8

TOLOSAKO UDALAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA 2015EKO MARTXOAREN 8, EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA, DELA-ETA

Beste urte batez, martxoaren 8ak, Emakumeen Nazioarteko Egunak, aukera eskaintzen digu munduko emakume guztiek beren eskubideen alde egindako borroka omentzeko, eta aldi berean, egindako bideen azterketa egiteko. Onena litzateke omenaldi honekin ospatuko bagenu egiaz badaudela berdintasunezko gizarteak. Hala ere, egun hau ospatzen segitzen dugu azpimarratzearren ezen, lorpenak lorpen, oraindik geratzen dela, asko geratu ere, zer hausnartu eta aldatu.

Iraganera begiratzen dugunean, aurrerapen handiak ikusten ditugu emakumeen autonomia eta askatasunean. Lorpenak ere ikusten ditugu emakumeenganako legezko diskriminazioa ezabatzeko prozesuan eta, orobat, beren sartze-prozesuan hezkuntza-sisteman eta lan-merkatuan. Halaber, aurrerapenak ikusi ohi dugu emakumeen parte-hartzean politika-arloan.

Aurrerapen horiek direla-eta autokonplazentzia edukitzeak, ordea,  trabatu egiten ditu gaur egun ere emakumeek jasaten dituzten indarkerien, egiturazko desberdintasunen,  onarpen sozialaren eta eguneroko mikromatxismoen identifikazioa. Mugimendu Feministak, emakumeentzat gizonenak bezalako eskubideak eskatzen dituen mugimenduak, egoera horren gaineko arreta erakartzen ari da, berdintasunaren “ameskeria” edo “ilusioa” deitzen diolarik.  

Kezka feministek jakinarazten digute pertzepzio horrek eragin negatiboa duela belaunaldietako sektorerik gazteenetan, horiek “normaltzat” hartzen ari baitira kontrol, jazarpen eta indarkeria sexistako jarrerak. Ildo horretatik, eta Emakundek jakinarazten duen bezala, nahiz eta euskal gizartearen zatirik handienak uste duen ezen emakumeen aurkako indarkeria arazo sozial larri bat dela, genero-indarkeria pixkanaka ari da handitzen 30 urtetik beherako bikoteetan. 

Indarkeria matxista sistema patriarkalaren adierazpide bat da, adierazpiderik edo ondoriorik larriena. Indarkeria matxista salbuespeneko gertakizun bat ez den neurrian eta gure egunerokotasunean bizi dugun neurrian, lehen mailako arazoa da guretzat.

Aipatzekoa da, aurreko urteko adierazpenean abortuaren legearen kontrarreformaren mehatxua aipatzen genuela. Mugimendu feministarekin batera euskal jendartearen gehiengo batek egindako borrokari esker erreforma gelditzea lortu dugula  ospatuko dugu. Dena den, emakumeon askatasunaren eta aniztasunaren kontrako eraso gehiago heltzen ari dira, horrela  legearen erreforma nagusia gelditu arren, orain 18 urtetik beherako emakumeek guraso edo tutoreen onarpena beharko dutela abortatzeko. 16 urtetik gora ezkontzea zilegi da, ama izan nahi den edo ez erabakitzea, ordea, ez. Ez du zentzurik eta  emakumea emazte-ama fin, otzan eta menpeko bihurtzea du helburu. Patriarkatuaren zutabea den familia-eredu tradizionala, heteropatriarkala, indartzeko neurriak dira.

Bestalde, krisi-egoera honetan, merkatuen errentagarritasuna handitu nahian, austeritate neurriak jarri dituzte martxan, urteetako borrokaren bitartez irabazitako eskubideak galtzeko arriskuan jarriz.

Ekonomiaren oinarrian etxeko lanak eta zaintza-lanak dauden arren, sistema kapitalistak lan hauek gutxietsi egiten ditu. Ezkutuan geratzen dira, sozialki ez dira errekonozitzen eta ordaindu ere ez. Lan-estatusa bera ukatu egiten die, nahiz eta jakin bizitzaren oinarria direla, lan-indarra sortu eta mantentzen duten lanak direlako. Eta ekonomiaren, aberastasunaren eta lanaren kontzeptuak finantzen munduarekin, lan ordainduarekin, lan-“produktiboa”rekin lotzen dira, guztiaren erdigunean jarriz. Merkatu kapitalista jartzen da ekonomiaren erdigunean eta bizitza honen zerbitzura, alderantziz egin ordez.

Etxeko lanen eta zaintza-lanen ardura nagusiki emakumeei ezartzen zaiela kontuan izanda bakarrik uler daiteke emakumeek lan-merkatuan duten leku marjinala eta esplotazio bikoitza. Lan-merkatuan emakumeek  gizonezkoek baino %36,2 gutxiago kobratzen dute. Lanaldi partzialetan dauden  %80,9 emakumeak dira. Lan-merkatuak emakumeak bigarren mailako langile gisa erabiltzen ditu, haien lekua, nagusiki, etxean dagoela defendatzen duelako. Sistema kapitalista eta patriarkatua gainditzeko beharra inoiz baino ageriago agertzen zaigu, bizitza ekonomiaren erdigunean jarri ahal izateko, zaintza-lanak errekonozitzeko, sexuaren araberako lan-banaketarekin bukatzeko, bizitza duinak bizi ahal izateko

Horregatik guztiagatik, Udal honek honako erabaki hau hartzen ditu:

  • Udal politiketan berdintasuna zeharkakotasunez indartzea, Tolosako Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasunerako III Planean jasotako neurrien garapen, segimendu eta ebaluaziorako behar diren giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak bermaturik.
  • Parekidetasun Batzordea elkarrizketa-gune eraginkor gisa indartzea, sustaturik feminista eta emakumeak elkartzeko den mugimenduko kideen partaidetza berdintasuneko udal politiken diseinuan, erabakietan eta segimenduan.
  • Herriko emakume elkarte eta mugimendu feministarekin dagoen elkarlana indartu eta bultzatu.
  • Jabekuntza eskola sendotzea bertan parte hartzen duten emakumeek berezko tresnak eduki ditzaten, beren arteko harremanak eta sareak indartu eta zabal ditzaten (gazteak, helduak, migratuak, nortasun, sexualitate eta ahalmen desberdinetakoak, e.a.), eta autonomikoki aurre egin diezaieten desberdintasunei eta indarkeria matxistari.
  • Ikastetxeei zuzendutako baterako hezkuntzako proiektua garatzen jarraitzea eta, orobat, Beldur Barik eta Hi Haiz programak non sustatzen diren berdintasunean oinarritutako sexualitateak, nesken jabekuntza eta mutilen eginkizuna berdintasunezko harremanen alde, eraso mota guztiak prebenitzeko asmoz.
  • Indarkeriaren aurkako protokoloa lantzen eta indartzen jarraitzea, batetik, erakundeen arteko lankidetza hobetzeko eta, bestetik, herritarren kontzientzia eraginkor bat eta edozein indarkeriaren adierazpen eta bazterketa matxistaren aurrean giro ez-permisiboa bultzatzen dituzten  kanpaina publikoak sustatzeko.
  • Martxoaren 8an Tolosan mugimendu feministak deituriko manifestazio zein mobilizazioekin bat egiten du udalak.

2015eko Martxoaren 8ko egitaraua

AURREZ AURRE, ARTE MULTIDIZIPLINARIOEN I. LEHIAKETA/I CONCURSO DE ARTES MULTIDISCIPLINARES AURREZ-AURRE. Askatu korapiloa goiburutzat hartuta/Bajo el lema, Askatu korapiloa. Erakusketa, Aranburu Jauregian, martxoaren 5etik apirilaren 11 arte./Exposición en el Palacio de Aranburu, del 5 de marzo al 11 de abril.

Komiki Erakusketa: Begiradak komikietan (Emakumeen komikiak, komiki feministak) bilduma ere izango dugu ikusgai/También habrá una Exposición de Comics: La mirada en los comics (Comics de mujeres, comics feministas).

Martxoak 1, igandea, 11:00etan. 26. LILATON, Emakumezkoen Lasterketa Herrikoia Donostian, Boulevard-ean /Carrera de Mujeres. En el Boulevard de Donostia.

Martxoak 2, astelehena, 20:30ean, “No llores vuela” filma/pelicula. Leidor

Martxoak 5, osteguna, 19:15ean eta 21:45ean, Zine-foruma, “La señorita Julia” filma/pelicula. Leidor   

Martxoak 6, ostirala, 20:30ean: Matxo-Mari antzezlana/teatro. TOPIC.

Martxoak 8, igandea, Bazkaria Zerkausian. Bilgune Feministak antolatuta.

Martxoak 8, igandea, 12:30ean, Boulevard-ean. Manifestazioa: Euskal Herria feminismotik eraikitzen ari gara/El cambio será feminista o no será. Donostiako Koordinadora Feministak antolatua.

Martxoak 8, igandea, 19:30etan eta 22:00etan, “Alma salvaje” filma/pelicula. Leidor   

Martxoak 12, osteguna, 19:00etan: Mahai-ingurua/Mesa redonda. Emakumeen etxeak aztergai/Reflexionando sobre las Casas de Mujeres. Partaideak: Betlem Cañizar, Ca la dona-ko kidea eta 2014ko irailaren arte Ca la dona-ko koordinatzailea. Gaur egun Feminista irizpidearen Aholkulari Soziala/Miembra de Ca la dona y coordinadora de Ca la dona hasta septiembre de 2014. Actualmente Consultora social de la perspectiva feminista. Biki Pozo, Marienea Elkarteko kidea./Socia de Mariaenea. Anabel Sanz, FeminstAldeko kidea. Irene Ormazabal, Donostiako Udaleko Berdintasuneko Teknikaria/Técnica de Igualdad del Ayuntamiento de Donostia. Edurne Aperribay. Donostiako Emakumeen Etxeko Elkarteko kidea/Miembra de la Asociación Casa de las Mujeres de Donostia.

Euskaraz eta erderaz izango da. Aranburu Jauregian.

Martxoak 26, osteguna, 19:00etan: Hitzaldia/Charla: Emakumeak Islamen/Las mujeres en el Islam. Hizlaria/Ponente: Hajar Samadi. Gizarte langilea eta Safa eta Bidayako kidea. And Yurd Emakumeen Elkarteak antolatuta.

Erderaz izango da. Aranburu Jauregian.

2015 M8 KARTELA egitaraua2015 M8 bazkaria2015 M8 bazkaria22015 M8 Emakumea eta Islama22015 M8 Emakumea eta Islama32015 M8 Emakumeak eta Islama12015 M8 Emakumeen etxeak mahai ingurua2015 M8 Komikiak erakusketa2015 M8 Komikiak erakusketa22015 Martxoak 8 Matxo Maris antzerkia2015 M8 Aurrez aurre sarituak 12015 M8 Aurrez aurre sarituak 22015 M8 Aurrez aurre12015 M8 Aurrez aurre22015 M8 Aurrez aurre32015 Martxoak 8 Aurrez Aurre