Zumarditxikia

Hitzordua
Informazio gehiago

Zumarditxikia balio bereziko espazioa da. Balio historikoa du, erabilera sozialari lotuta.  70eko hamarkadan erabilera sozial hori galdu eta orduz geroztik aparkaleku gisa erabili da.

Zumarditxikia herritarrentzat berreskuratzeko helburuarekin, Tolosako Udalak urteak daramatza proiektua lantzen. Bi partaidetza prozesu egin dira herritarrekin proiektua landu eta garatzeko. Partaidetza prozesuetako informazioa eskuragarri hemen.

Joan den legealdian eremuak bete beharreko helburu eta baldintzak zehaztu ziren tolosarrekin: irisgarritasun unibertsala bermatzea, tolosar guztien erabilerarako eremua eta parke erabilera izango duen espazioa izatea, ibaira begira, ibaira jaisteko aukerarekin, azpierabilera ezberdinak ere ahalbidetuko dituena eta ingurumena errespetatuko duena.

Baldintza eta helburu horiek oinarri hartuta, 2019-2023 Legealdian proiektua garatu da, hau ere, herritarrekin elkarlanean.

Parkeak izango dituen eremuak

Zumarditxikiaren berreskuratzeak zubi batetik besterainoko eremua hartuko du, Naparzubitik Zubi Berrirainokoa, alegia. Bi sarrera izango ditu, zubi bakoitzetik bana, eta tartean pasealeku irisgarri bat egongo da oinezkoentzat, beste hainbat bide alternatiboekin.

Beheko aldean ibaira begira dagoen terraza eta gunea sortuko dira, ibaira jaisteko aukerarekin. Kota desberdintasunari aurre egiteko harmailak eta lorategiak sortuko dira, horrenbestez, egoteko eta jarduerak antolatzeko eremuak ere egongo dira, baita berdegune, lorategi eta itzalguneak ere.

Zumarditxikiaz gain Dama Berdeko eremua eta Santa Klara kalea ere eraberrituko dira, azken honetan espaloiak zabalduz eta bidegorri berria eraikiz.

Parkeak ahalbidetuko dituen erabilerak

Zumarditxikiaren izaera erabilerari lotuta dago eta Tolosako Udalak landutako proiektuak garai bateko izaera eta erabilera sozial hori berreskuratzea ditu helburu, Zumarditxikia aisialdiari eta ibaiari lotutako parke sozial eta ludikoa izan dadin, tolosarren elkargune eta topaleku.

Egunerokotasuneko zein ekintza berezien ospakizunari lotutako erabilerak ahalbideratuko ditu parkeak : kontzertuak eta emanaldiak, azoka bereziak, ibaiari lotutako kirol proba ezberdinak…

Ibaira begira jarriko diren harmailak, halaber, eserleku edo egoteko eremu gisa erabili ahal izango dira:  irakurtzeko, ikuskizunetarako, azoka berezietarako...

Zuhaitzak eta landaredia

Proiektua lantzeko garaian, historikoki eremuak izan duen erabileraz haratago, garrantzia handia eman zaio ingurumenari ere.

Hori horrela izanik, landarediari eta zuhaitzei lotutako azterketa sakona egin da. Egungo zuhaitzak eta horien egoera aztertu da eta horrekin berariazko txostena landu da.

Oro har, gehienak egoera kaxkarrean daude eta, segurtasun irizpideak direla eta, gutxi batzuk mantendu ahal izango dira. Hala eta guztiz ere, lanak hasten direnean banaka aztertuko da zeintzuk diren mantendu daitezkeen zuhaitzak.

Zumarditxikiak berdegune eta lorategiak izango ditu, zuhaitzekin eta ibaiertzerako egokia den landarediarekin.

Mugikortasun Planarekin lerrokatuta

Landu den proiektuak kontuan izan du indarrean dagoen Mugikortasun Plana eta horri jarraiki, esaterako, Santa Klara kalea mugikortasun ardatz bilakatuko da.

Horretarako, aipatu kalea eraberrituko da, espaloiak zabalduko dira eta bidegorri berria eta bizikleta aparkalekuak jarriko dira. Era berean, Dama Berdeko eremua ere hobetuko da eta Naparzubitik parkerako sarbidea ere bai. Eremu horretan, autobus geltoki berria ere aurreikusi da, parte hartze prozesuan herritarrek eskatuta.

EranskinaTamaina
PDF icon Proiektua5.6 MB
PDF icon Planoak55.19 MB
PDF icon Egungo zuhaitzak5.22 MB

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA