Haurren Hiria egitasmoan landu dituzten ideiak bideoz aurkeztu dituzte

Tolosako Udala
2020/04/03 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Gurasoekin egin beharreko saioa bertan behera geratu zen Covid-19ak eragindako itxialdiaren ondorioz, eta bideoz aurkeztu dituzte egitasmoak gurasoek ekarpenak egin ditzaten.
  • Senideekin harremana mantentzeko eta haien ekarpenak jasotzeko helbide elektroniko bat ere gaitu du udaleko Gazteria sailak.

 

Iazko urriaren 24az geroztik martxan dago 2019-2020 ikasturteko Haurren Hiria proiektua. Baina beste hainbat gairekin gertatu den bezala, ikasturte hasieran aurreikusitako plangintzak aldatu egin behar izan dira Covid-19aren ondorioz. Horien artean, martxoaren 14an gurasoekin egitekoak ziren saioa.

Haurren Hiria egitasmoaren barruan gurasoei egin behar zieten aurkezpena bideoan jaso du Tolosako Udaleko Gazteria sailak, haiei zuzenduta. Horrez gain, gurasoen ekarpenak jaso ahal izateko helbide elektroniko bat ere gaitu dute: tolosakohaurrenhiria@gmail.com. Hala nahi duten gurasoek bertara bidali ditzakete ekarpenak.

Ikasturte honetan ere, Herrikide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeen eta bertako haurren gurasoen laguntzarekin gauzatu da Haurren Hiria egitasmoa. Horregatik, Gazteria sailetik ikastetxeekin ere harremanetan jarri dira, egokitzapenaren berri eman eta proiektuaren jarraipena egiteko aukera izan dezaten.

Tolosako Haurren Hiria proiektuaren bidez, haurren ikuspegitik herria nola bizi duten ezagutu nahi da, baita haurrak herritar sentiaraztea, komunitate baten parte direla ikusaraztea eta beren hitzak garrantzia duela erakustea. Horretarako, Tolosan bizi diren 8-12 urteko neska-mutilei hitz egiteko eta udalgintzan parte hartzeko aukera ematen zaie egitasmo honen bidez, haurrekin elkarlanean, urtero gai ezberdinak landuz.