Tradizioa eta festa uztartuz, hamar taldek hartuko dute parte larunbatean ospatuko den estropadan.
Larunbat honetan, irailaren 20an, Tolosak bere tradizioetako bat berreskuratuko du: elkarteen arteko estropadak. Urte askoren ostean, Oria ibaian ospatuko da berriro hitzordu berezi hau, Zerkausiko I. bandera izenarekin.
Goizeko 11:00etan abiatuko den estropadak kirola, festa eta herritarren arteko elkartasuna uztartuko ditu, eta bisitariek aukera izango dute ibai ertzean giro paregabeaz gozatzeko.
Hamar talderen arteko lehia
Estropadak hamar batel bilduko ditu: herriko elkarte gastronomikoak (Aiz-Orratz, Batasuna, Emendek, Gure Txokoa, Lizardi, San Esteban eta Txinparta), baita bestelako kultur eta kirol taldeak ere, hala nola Udaberri Dantza Taldea eta Enroke Xake Taldea. Tolosako Udalak ere izango du bere batela.
Txandak bina batelekin jokatuko dira lehenengo, kaleak aldatuta berriz errepikatuko dira, eta denborarik onenak lortzen dituzten bi taldeak finalera sailkatuko dira, banderaren azken lehia jokatzeko.
1. kalea | 2. kalea | 1. kalea | 2. kalea | |
1 eta 6 txandak | Gure Txokoa | Tolosako Udala | Tolosako Udala | Gure Txokoa |
2 eta 7 txandak | San Esteban | Enroke Xake | Enroke Xake | San Esteban |
3 eta 8 txandak | Lizardi | Batasuna | Batasuna | Lizardi |
4 eta 9 txandak | Aiz-Orratz | Txinparta | Txinparta | Aiz-Orratz |
5 eta 10 txandak | Emendek | Udaberri | Udaberri | Emendek |
Kirola eta festa, eskutik
Emaitzak bigarren plano batean geratuko dira, izan ere, estropadaren benetako xarma herritarren arteko elkartasuna eta saretzea sustatzea da. Kaleetan ere ez da giroa faltako: Udaberri fanfarreak musika eta festa kolorea jarriko ditu egunari.
Arraun munduko hiztegia ezagutzen
Zerkausiko I. Banderaren harira, hona hemen traineruaren atal nagusiak eta arraunaren hiztegia azaltzen dituen irudi ilustratu bat, zure ezagutzak gertukoekin partekatu ahal izateko!
Zatoz eta bizi ezazu Zerkausiko I. Bandera, Tolosak eskaintzen duen tradizio eta festa giro berezi horrekin!