Aste Santu honetan, eguraldiaren aurreikuspen txarrek eta martxoan tokatu izanak, badirudi Euskadi mailan eta hiriburuetan, aurreko urtea baino datu apalagoak jasotzea eragin duela. Tolosaldean, Larraitzeko eskaintzan bai jarraitu dela tendentzi hau, baina Tolosan aldiz, aurreko urtea baino datu hobeak jaso ditugu, %7,6eko igoera izan da zehazki Tolosaldea Tour turismo bulegoan eta bereziki estatuko bisitarietan eman da. Badirudi, eguraldi txarrak naturaz eta aire libreko eskaintzaz gozatzeko baino museo edo mahai inguru eder batetaz gozatzeko plana egitera bideratu dituela bisitari gehienak. Pazko asteak ere tendentzi bera mantendu du eta Topic bezelako museoek bisitari asko izan dituzte, zehazki %38ko igoera izan du bisitarietan eta bisita antzeztuek ere arrakasta izan zuten. Altzotik ere martxan jarri dituzten bisitek ere eskaera ona izan dute bai Aste Santuko asteburuan eta baita Pazko Asteko asteburuan ere.
Honetaz gain, eskualdeko nekazalturismo eta landetxeek ere, bigarren urtez jarraian, okupazio datuak hobetu dituzte eskualdean. %83ko okupazio tasa izan dute Aste Santuan. Pazko Astean okupazioa asko jaisten bada ere, aurreko urtekoa baina 10 puntu altuagoa izan da.
Ostalaritzan, bereziki ondo lan egin dutela esan digute sagardotegi eta erretegiek. Tolosako Udalak ere balorazio positiboa egin du Karakol Saltsaren programazioaren inguruan jende asko hurbildu baitzen. Aurreko asteburuko Ardo Txuri Azokan ere bai azokaren antolatzaileek eta bai ostalariek jende asko bildu zela aipatu digute, bi larunbatetan Tolosan giro ederra izan dela azpimarratuz. Larunbateroko azoka ere bisitari askoren erakargarri izan da. Azoka berezi, larunbateroko azoka, hainbat kultur ekintza eta Topic-en eskaintzak Tolosa erakargarri egin du turistentzat.
Kontutan izan behar dugu dena den, Estatuko hainbat erkidegotan Pazko Asteko astelehena ez dela jaieguna eta eragina handiagoa izaten duela Aste Santu aurreko asteburuak, Pazko Astekoak baino.
Jatorriari dagokionez, lehen bezeroa kataluiniarra izatera bueltatu da eta Madrildarrak bigarren postuan geratu dira aurtengoan. Ondoren, Gaztela eta Leongo bisitariak izan ditugu. Atzerritarren kasuan, beste urteetan ez bezela, Holandatik etorritako bisitariak nagusitu dira gure turismo bulegoan baina jatorriak anitzak izan dira eta ohikoagoak diren Frantzia, Alemania eta Erresuma Batuko bisitariak ere izan ditugu.
Tolosaldea Garatzeneko turismo sailak, esfortzu berezia egin du eta Aste Santurako, Goierrirekin batera argitaratzen dugun gida ingeles eta frantses bertsioan berrituz eta eskaintza gastronomikoa biltzen duen Tolosa Gourmet, Zaporeen Lilura gida ere euskara-gaztelera bertsioan berrargitaratuz. Bisitariei eskaintzeko informazio eguneratua prest izan dugu beraz. Gida hauek izan ditugu besteak beste, Aste Santuan Ostegunetik larunbatera Bilbon ospatu de Basque Fest jaialdiaren barruan, Gourmet Txoko karpan izan dugun stand-ean. Aurtengoan, errekor urtea izan da. Lehenengo egunean dagoeneko agortu zitzaizkigun 3 egunetarako aurreikuspenez eramandako promozio materialak eta berriro hornitu behar izan genuen stand-a. Larte Gaztandegiak gazta katak eskaini zituen eta Lurlan-ek berriz, Ibarrako piperra protagonista duen gilden kata egin zuen ostegunean. Stand-ean, katetan erabilitako produktuak saldu zituzten ekoizleek eta hauek ere eguna amaitzerako agortu ziren. Larunbatean Rafa Gorrotxategik eskaini zuen txokolate kata eta arrakasta itzela izan zuen.