Asteklimarekin bat egingo du Tolosak

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/10/16 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Hiru jarduera izango dira,  zinema, argazkilaritza eta hezkuntza uztartuz. Leidorren izango dira, dohainik.

Urriaren 16tik 25era, Euskadiko Klima eta Energiaren Astea izango da, eta horren harira, dibulgazioa, sentsibilizazioa eta esperientzia praktikoak uztartzen dituzten jarduerak antolatuko dira. 

Aurten, Asteklimaren zazpigarren edizioa izango da, eta Tolosan doako hiru ekintza izango dira. 

CIMASUB: Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren proiekzioak
Egitasmo honen helburua da ozeanoen kontserbazioa sustatzea eta itsasoaren inguruko pertzepzioa indartzea, ozeanoak baloratzen eta zaintzen ikasteko. 

Hala, urriaren 21ean, asteazkenean, bi ekintza egingo dira Leidor aretoan: batetik, 10:30ean, Txikizikloa izango da, haur eta gazteei itsas ingurunea gerturatzeko eta naturarekiko errespetua sustatzeko hezkuntza-ekimena. Proiekzio honen xedea da txikitatik piztea ingurumen-kontzientzia, eta ikasitakoa eguneroko ohitura arduratsuetara eramatea. Itsaspeko biodibertsitatea, klima-aldaketa eta itsas ekosistemen kontserbazioa landuko dituzte. 

Bestetik, 19:00etan, munduko argazkilari eta bideogile onenen esperientziak biltzen dituzten lan zinematografikoak izango dira ikusgai.

1975ean sortu zenetik, nazioarteko itsaspeko zinemaren erreferente bihurtu da CIMASUB, zinema, argazkilaritza eta hezkuntza uztartuz. Bere ibilbidean, itsaspeko munduaren edertasuna erakusteaz gain, itsasoko ekosistemek jasaten dituzten mehatxuen inguruko sentsibilizazioa sustatu du.

Ingurumen-hezkuntza eta itsasoarekiko konpromisoa sustatzeko tailerra
Eusko Jaurlaritzaren Aztertu programak informazio-gune bat eta doako materialak eskainiko ditu CIMASUBen proiekzio-egunean, herritarrak ingurune urtarra ezagutzera eta zaintzera hurbiltzeko. Jarduera 17:00etatik 19:00etara izango da Leidor zinemaren aurrean. 

Aztertu programaren helburua da herritarrei tresnak eta materialak ematea, adina edo prestakuntza edozein izanda ere, haien ingurune hurbila behatu, aztertu eta zaindu ahal izan dezaten. 

Aztertu eta CIMASUB programak uztartuta, sinergiak indartu nahi dira herritarrak ur-ingurunearen balioaz jabetzeko eta haren kontserbazioan modu aktiboan parte hartzeko. 

Tolosako Asteklimaren 7. edizio honek herritarrei gonbita egiten die itsaspeko mundua beste begi batzuekin ezagutzeko eta ozeanoen etorkizunari buruz hausnartzeko. Izan ere, CIMASUBen leloak gogorarazten duen bezala, «Egia zure begien aurrean» dago: itsasoaren edertasuna ikustea lehen urratsa da hura babesteko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA