Ilargia eta Landareak 2025 Agendaren aurkezpena, datorren ostegunean, Tolosan

Tolosako Udala
2024/09/20 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Argiak eta Bizibaratzea proiektuak urtero egiten duten argitalpena aurkeztuko dute, Jakoba Errekondo agronomoak, Antton Olariaga ilustratzaileak eta Unai Agirre bertsolariak.
  • Irailaren 26an izango da saioa, 19:00etan Topicen, eta sarrera librea izango da.

 

Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistak ilargiak landareetan duen eragina aletzen duen 2025. urteko agenda argitaratu berri du, Argia eta Bizibaratzeak sustatuta. Baratzegintzan aritzen direnentzat euskarri interesgarria da, astez egin beharreko lanak azaltzen baititu, euskarazko esaera zahar, garaiko barazki edota animalien inguruko informazioaz gain.

Bada, Azoka Lagunak komunitatearen eta Iurreamendiko baratze parkearen testuinguruan, aurten, agendaren aurkezpena Tolosan egingo dute. Datorren ostegunean, hilak 26, izango da saioa, 19:00etan Topic zentroko areto nagusian. Sarrera librea izango da.

Agenda aurkezteaz gain, Jakoba Errekondok kontsultategia eskainiko du egun horretan, eta herritarren galderak erantzungo ditu zuzenean. 

Ez da bakarrik izango, ordea; Antton Olariaga ilustratzailea eta Unai Agirre bertsolaria ere bertaratuko dira. Olariagak osatu ditu, hain zuzen, agendaren ilustrazioak, eta horiek erakutsi eta azalduko ditu umoreari helduta. Agirrek, berriz, animalia eta landareei buruzko bertso zaharrak kantatuko ditu. Hortaz, kutsu informatiboaz gain, saioak ikuskizunerako tartea ere eskainiko du.

Baratzegintza komunitarioa eta lurra lantzeko ezagutza sustatu eta zabaldu nahian, agendaren ale batzuk banatuko dira datozen asteotan Iurreamendiko baratze parkeko erabiltzaileen artean. Ostegunean Topic zentrora gerturatzen direnek ere erosteko aukera izango dute.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA