Oria ibaiaren garbiketa-lanak egin dituzte, Uraren Nazioarteko Egunaren harira

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/03/27 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • 150 ikaslek parte hartu dute Tolosako Udalak Tolosako Ingurumen Zentroarekin lankidetzan antolatutako ekimenean, 9 metro kubiko hondakin bilduz guztira.

  •  Tolosako Udalak bat egingo du Planetaren Ordua ekimenarekin, eta herriko zenbait argi itzali egingo dira larunbatean. 

 

Tolosako 150 ikasle garbiketa-lanetan aritu dira Oria ibaian, martxoaren 22ko Uraren Nazioarteko Egunaren bueltan, Tolosako Udalak Tolosako Ingurumen Zentroarekin lankidetzan antolatuta. Ekimen honek aukera ematen du uraren kudeaketan jardunbide arduratsuak hartzeko beharrari buruz hausnartzeko eta ura eskuratzearekin eta erabiltzearekin lotutako arazoei buruzko kontzientzia sustatzeko.

Tolosako ikastetxeetako DBHko ikasleek hartu dute parte, 2030erako Eskolako Agendaren programaren barruan. Ikasleek, irakasleen laguntzaz, bi egunetan egin dituzte garbiketa lanak, martxoaren 18an eta 23an. Hirugarren egun bat antolatuta bazegoen ere, bertan behera gelditu zen euriteen ondorioz. Denera, hiru eremu garbitu dituzte: Iurramendiko ibaiertza, Santa Maria elizaren atzea eta Belateko sarrera.

Ateratako hondakinen bolumena, batez beste, bederatzi metro kubikokoa izan da. Tartean, hondakin mota asko bildu dituzte: plastiko eta metal asko, arropa eta oihalak, obretako materialak eta askotariko objektuak.

Uraren Nazioarteko Eguna

Uraren Nazioarteko Egunak ur gezaren garrantzia nabarmentzea du xede, ur gezari lotutako baliabideen kudeaketa iraunkorra defendatzeko modu gisa. Horretaz gain, aukera ematen du kudeaketan jardunbide arduratsuak hartzeko beharrari buruz hausnartzeko eta ura eskuratzearekin eta erabiltzearekin lotutako arazoei buruzko kontzientzia sustatzeko.

Tolosako Ingurumen Zentrotik nabarmendu dute «uraren arazoek guztioi eragiten digutela, eta haren kudeaketak bidezkoa izan behar duela premia guztiei erantzuteko, eta baliabide honen plangintzan, kudeaketan eta erabaki-hartzean parte-hartzea modu eraginkorrean integratzeko».

Gaineratu dute klima-aldaketaren inpaktuen gorakada eta munduko populazioaren hazkundea «lotuta daudela ur-eskari handiagoarekin eta ur-eskuragarritasun mugatuarekin», eta funtsezko baliabide horren kudeaketak «erronka askori egin behar die aurre, hala nola eskasiari, kutsadurari eta gehiegizko ustiapenari».

Ibiur urtegira eta edateko uren araztegira bisita

Uraren Nazioarteko Egunak ur gezaren garrantzia nabarmentzea xede duen heinean, eta Tolosako etxeetara ura nondik iristen den ikasteko, Ibiur urtegira eta edateko uren araztegira bisita egiteko aukera ere izan dute herritarrek. Bisitan, aukera izan dute Ibiur urtegia bera eta ura edangarri egiteko tratamendu plantaren instalazioak ezagutzeko. Instalazio horiek, Tolosaz gain, Tolosaldeko gainerako udalerriak ere hornitzen dituzte.

Eskualdeko uren kudeaketa ezagutzeaz gain, herritarrak uraren kontsumo arduratsuarekin sentsibilizatzea eta uraren erabilerak eta ustiapenak ingurumenean ondorioak dituela ulertaraztea izan dira bisitaren helburuak.

Planetaren Orduarekin bat egitea

Larunbat honetan, hilak 28, 20:30etik 21:30era argiak itzaltzera gonbidatu ditu herritarrak Planetaren Ordua izeneko ingurumenaren eta pertsonen aldeko mugimendu globalak, klima-aldaketaren aurkako eta biodibertsitatearen babesaren aldeko keinu gisa. WWF (World Wildlife Fund) erakundeak bultzatua, mundu mailako itzalaldi sinboliko honen helburua da naturaren galeraz eta krisi klimatikoaz ohartaraztea. Ekimenak 20. urteurrena beteko du aurten, eremu babestuen garrantzian eta naturaren babesean jarrita fokua.

Tolosako Udalak bat egingo du ekimenarekin, eta herriko zenbait argi itzali egingo dira: Zerkausiko arkuak apaintzen dituzten argiak, udaletxekoak, Kultur Etxekoak, Musika Eskolakoak eta Euskaldun Berria zubikoak. Udalak dei egin die herritarrei ekimen honekin bat egitera.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA