Uraren Mundu Egunarekin bat egingo du Tolosako Udalak bi ekintza antolatuta

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/03/13 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Tolosako hiru ikastetxeetako ikasleek garbiketa lanak egingo dituzte Oria ibaiaren hiru eremutan.

  • Alex Txikonek eta Sergio Garciak “ZABORRA Gailurretik lurrazpira” hitzaldi-solasaldia eskainiko dute. 

 

Nazio Batuen Asanblada Orokorrak, 1993ko abenduaren 22an onartu zuen martxoaren 22an Uraren Mundu Eguna ospatzeko akordioa. Hori dela eta, egun horren inguruan Tolosako Udalak eta Tolosako Ingurumen Zentroak hainbat ekintza antolatzen dituzte. 

Hain zuzen ere, martxoaren 17an, 18an eta 19an Tolosako hiru ikastetxeetako DBHko 225 ikasle inguruk Oria ibaiaren garbiketari ekingo diote, irakasleen laguntzaz. Horrela, haizeak eta urak berak garraiatzen dituzten eta ibaiertzean gelditzen diren plastikoak garbituko dituzte. Izan ere, ibaiertzaren eta uraren ekosistema arriskuan jartzen dituzte. Hiru eremu dira ikasleek garbituko dituztenak: kiroldegiaren ingurua (Araxes Oriarekin elkartzen den zatia); Iurramendi pasealekutik Berazubiko zubirainoko tartea; eta Santa Maria Elizaren atzealdea. 

Gainera, martxoaren 18an, Leidor aretoan (19:30) hitzaldi-solasaldi berezi bat antolatu da: ‘ZABORRA Gailurretik lurrazpira’. Lurpea Garbi Elkarteak sustatuta, Alex Txikon eta Sergio Garcia arituko dira hizlari. Lehenbizikoa, bizkaitar alpinista, aizkolaria eta oro har, kirolaria da, Himalaya mendikatean hainbat espediziotan parte hartu duena. Sergio Garcia, aldiz, espeleologoa eta Arkeologian doktorea da, eta munduko errekorra du lur azpiko jaitsieran: 2.000 metro. Edurne Ayusok gidatutako saioan zaborraren presentzia izango dute hizpide, munduko puntu altuenetik lurrazpiko puntu baxueneraino. Gainera, Lurpea Garbiko kideek, Tolosaldean egin berri duten puntu beltzen katalogoaren emaitzen berri emango dute. 

Planetaren Ordua, martxoaren 22an

Planetaren Ordua klima-aldaketaren arazoaz ohartarazteko mugimendu globala da, eta keinu sinboliko gisa jaio zen: argiak ordubetez itzaltzean datza, 20:30etik 21:30era,  klima-aldaketa eta biodibertsitatearen galera gelditzeko beharra aldarrikatzeko. Gaur egun, ia 200 herrialdetan milioika pertsona mobilizatzen ditu.

Aurten, martxoaren 22an izango da eta Tolosako Udalak bat egingo du beste behin eraikin publikoetako argiak itzaliz. Hain zuzen ere, Pablo Gorosabel eraikina, Kultur Etxea, Udaletxea, Aranburu Jauregia, Santa Maria eliza, Zerkausia eta Euskaldun berriaren zubia itzaliko dira. Era berean, herritarrak animatu nahi ditu ekimen honekin bat egitera.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA