Trafikorik gabeko Rondilla eta San Frantzisko, Mugikortasun Asteko ekitaldietako nobedade nagusia

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/09/11 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Irailaren 21ean eta 22an ez da trafikorik izango erdiguneko bi kale horietan, espazioa oinezkoentzako berreskuratzeko; jarduerak eta ekitaldiak izango dira.

  • Irailaren 20an gaztetxoen Bizibira bizikleta martxa ospatuko da Tolosa eta Ibarra artean, bi herrietako udalek elkarlanean sustatuta.

 

 

Europako Mugikortasun Astea ospatuko da irailaren 16tik 22ra. Urtero moduan, Tolosak ere bat egingo du hitzordu honekin, mugikortasun eredu jasangarriak sustatu asmoz. Nobedade handi batekin egingo ere: bi egunez Rondilla eta San Frantzisko oinezko gune izango baita.

Hain zuzen, irailaren 21ean eta 22an, ‘Erdigunea autorik gabe’ egitasmoa ospatuko da, eta ez da trafikorik izango bi kale horietan –Musika eskolaren paretik Gernikako Arbola lorategien parera arte–, espazioa oinezkoentzako berreskuratzeko, hiri batzuetan egiten dutenaren antzera.

Egitasmoa ez da trafikoa moztera bakarrik mugatuko, espazioaz gozatzeko kirolarekin eta kulturarekin lotutako jarduerak antolatu baitira asteburu osoan zehar: saskibaloian jokatzeko kantxak, bizikletaren gainean edo patinekin trebetasuna lantzeko zirkuituak, kale-antzerkiak, kontzertua, bigarren eskuko bizikleta azoka, puzgarriak… Rondilla kalearen kasuan, espazioa atseginago egiteko oinezkoentzako eserlekuak jarri eta lorontziekin atonduko da. Eta behin ekitaldia pasata, herriko beste gune batzuetan finko utziko dira hor jarritakoak.

Rondilla kalea oinezko bihurtzea aho batez onartutako Tolosako Mugikortasun Planean jasotako egitasmoa da, eta gisa honetako egitasmoekin etorkizuneko asmo horien eragina neurtu ahal izango dela ere azpimarratu du alkateak: «Biharko egunean Rondilla kalea oinezkoentzako gune bihurtuko balitz, gisa honetako probek erakutsiko digute nola eragiten duen eta herriko zein beste puntutan jarri beharko dugun arreta antolamendua hobetzeko». 

Aparkalekuak eta auzo eta garajeetarako sarbideak egun horietarako

‘Erdigunea autorik gabe’ egitasmoak aldaketak ekarriko ditu trafikoaren antolamenduan, eta auzo eta garaje batzuen sarbideari eta aparkalekuei eragingo die. 

  • Aparkalekuak: ostiral goizetik –espazioa egokitzeko lanak egiteko– astelehenera ezingo da aparkatu Rondilla kalearen bi aldeetan, Musika Eskolaren paretik aurrera, ezta San Frantzisko pasealekuan ere, Gernikako Arbola lorategien pareraino. Ostiralean, irailaren 20an, aparkatu ezingo bada ere, trafikoa ez da etengo. Behin ekitaldiak igarota, desmuntatze-lanak amaitu ahala aparkatzen joan ahal izango da.

  • Rondilla kalea: Larunbat goizetik Musika Eskolaren parean moztuko da errepidea, eta Rondilla kalearen atzeko aldetik joan ahal izango dute ibilgailuek. Andia eta Inpernu kaleetako garajeetako erabiltzaileek, aldiz, Musika Eskolaren atzealdetik egin beharko dituzte sartu-irtenak egun horietan, Inauterietan bezala. 

  • Zumalakarregi: Bi norabideetakoa izango da trafikoa egun horietan. Ondorioz, ezingo da bertan aparkatu larunbat eta igandean. Trianguloa plazako garajeetako erabiltzaileek, Zumalakarregi pasealekutik Zubi Berri aldera irten beharko dute.

  • Soldadu kalea: Trafikoarentzat zabalik izango da, San Juan kalean (Uzturre Zentroaren atzean) aparkatzen duten autoek eta Montezkue auzoko bizilagunek atera ahal izan dezaten. San Frantziskotik, ordea, ezingo dute joan: aurrera egin beharko dute, eta Zumalakarregi pasealekutik egingo da irteera. 

  • Garraio publikoa: Egun horietan, hiribusaren eta gainerako garraio zerbitzuen geltokiak lekuz aldatuko dira, eta Santa Klarako geltokira lekualdatuko dira.

Egun horietan autoa hartzea saihesteko gomendioa egin du Andu Martinez de Rituerto alkateak: «Kontziente gara aldaketa hauek eragozpenak sor ditzaketela, azken batean ohiturak apurtzea baitakar. Arriskatua da egin dugun apustua, baina ausarta ere bai. Beste mugikortasun eredu bat sustatzeko urrats bat da, hausnarketarako bide emango diguna. Eta urrats gehiago egiten joan ahala, beste herri eredu bat sustatu ahal izango dugu».

Beste bi ekitaldi Mugikortasun Astearen barruan

Ekitaldi nagusia asteburuarekin batera iritsiko bada ere, irailaren 18an, asteazkena, izango da Mugikortasun Asteko lehen hitzordua. Ikasleen oinezko mugikortasunaren azterketaren aurkezpena egingo da, 18:00etan, Gazte Topagunean. Haurren Hiriaren barruan egindako azterketa da, Tolosako hiru ikastetxeekin landutakoa, eskolara oinez joateak ikasleengan dituen onurak aztertu dituena.

Tolosako eta Ibarrako Udalek eta Tolosaldea Garatzenek elkarlanean sustatuta, Bizibira haurrentzako bizikleta martxa egingo da irailaren 20an. Intujai antzerki taldeak dinamizatuko du martxa. Ibarrako plazatik abiatuko da karabana, 16:45ean eta Tolosa zeharkatuko du gero. Amaiera emateko, festa egingo dute Zumardiaundian (euria egingo balu Zerkausian egingo da). Bizikletekin akrobaziak egiteko aukera izango da, eta merienda ere egingo da.

Hiribusaren ibilbidean aldaketak

Mugikortasunarekin –garraio publikoarekin, zehatzago esateko– lotutako beste aldaketa bat izango dela aurreratu du Andu Martinez de Rituerto alkateak. Tolosako Hiribusaren ibilbidea aldatuko da datozen asteotan. 

«Zerbitzua are tolosar gehiagorengana iristeko helburuarekin egingo dugu aldaketa. Aurrerago emango ditugu xehetasun guztiak. Hala ere, geltoki batzuetan aldaketak ekarriko ditu ibilbide berriak. Badira asteak aldaketa hori prestatzen hasi ginenetik: margoketa lanak, seinalizazioa, geltoki batzuen leku aldaketa… Lan horiek amaitu bezain pronto emango dugu ezagutzera ibilbide berria eta horrek ekarriko dituen zenbait aldaketa».

Mugikortasun Astea 2024 | Egitaraua

Irailak 18, asteazkena

  • 18:00, Gazte Topagunea
    Ikasleen oinezko mugikortasunaren azterketaren aurkezpena

Irailak 20, ostirala

  • Arratsaldean. Bizibira:

    • 16:45ean martxaren hasiera, Ibarrako plazatik, Intujai taldearekin batera

    • Ondoren, Tolosako kaleak zeharkatuko ditu martxak

    • 18:00, Zumardiaundia (*euriarekin, Zerkausian): festa, jolasak eta merienda

Irailak 21, larunbata

  • 08:00-14:00. Tolosako Azoka

    • Zerkausiko postuak Trianguloan izango dira, Garagardo Azoka dela eta.

    • Euskal Herria plazako postuak San Frantzisko pasealekuan izango dira

  • 09:00-14:00. Trianguloa

Bigarren eskuko bizikleta azoka, Gurpilgunearen eta Zumardiaren eskutik.

  • Arratsaldean zehar, San Frantzisko pasealekua

Kirol jarduerak: saskibaloi kantxak, Irristaka taldearekin patinaje jarduerak, bizikletan ibiltzeko aukera…

  • 17:00, Emakumeon plaza

Haur ikuskizuna: ‘Baserriko porrusalda’

Irailak 22, igandea

  • Goizean eta arratsaldean zehar, San Frantzisko pasealekua
    Kirol jarduerak: saskibaloi kantxak, patinajea, bizikletekin ibiltzeko oztopo zirkuitua. Jarduerarik ez dagoenean, ibiltzeko libre izango dira bi kaleak.

  • Egun osoan zehar, Rondilla kalea

Puzgarriak, Real Sociedad Fundazioaren eskutik

  • 12:30. Rondilla kalea

GU taldearen kontzertua

  • 17:30-19:00, kalez kale

Kamishibai ipuin kontalariak, Intujai taldearen eskutik

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA