Txakurrentzako parke berriak eta “Txakur eredugarria” programa elkarbizitza hobetzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/12/14 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Pertsonen eta txakurren arteko elkarbizitza bermatu eta hobetzeko eta animalien jabetza arduratsua sustatzeko lan-lerro desberdinak lantzen ari da Tolosako Udala.

  • Txakur Eredugarria programa abiarazi zen urrian, eta orain txakurrentzako egokitutako parkeak sortuko dira, bata Arkauteko lorategian eta bestea, San Esteban auzoan.

 

Txakurren jabe diren eta ez diren tolosarren arteko elkarbizitza sustatzeko lanean ari da Tolosako Udala, izan ere, geroz eta txakur gehiago dago herrian eta, hainbatetan, gatazkak edo gaizki-ulertuak sortzen dira txakurren jabeen eta gainerako herritarren artean. Hori horrela, Txakur Eredugarria Programa abiarazi zen urrian, eta orain txakurrentzako egokitutako bi parke jarriko ditu Udalak, txakurren eta pertsonen arteko elkarbizitza hobetu eta animalien jabetza arduratsua sustatzeko.

Patxi Amantegi, ingurumen saileko zinegotzi arduradunak azpimarratu du herritar guztientzat Tolosa atseginagoa eta bizigariagoa egiteko lanean diharduela udalak eta zentzu horretan, “hainbat esparrutan eragiten duten ekimenak martxan jartzen ari gara herri txukun, atsegin eta erosoa eskaintzeko herritarrei.

Elkarbizitza indartzeko helburuarekin eta hainbat tolosarrek egindako eskaerari erantzunez abiatu zen Txakur Eredugarria programa urrian. Geroztik txakurren jabeei zuzendutako heziketa saioak eskaintzen ari da Xabi Arrese hezitzailea. “Jabeei euren txakurrak hezteko baliabideak ematen zaizkie saio hauetan, eta ibilaldi praktikoen bidez txakurrak modu egokian eramateko lanketa egiten dugu, paseo ohitura egokiak indartuz. Gainerako herritarren artean txakurren jarrera eta mugimenduak ulertzeko lanketa ere egiten dugu.”

Txakurrentzat egokitutako bi parke berri

Tolosarren arteko elkarbizitza sustatzeko urratsak ematen jarraitzeko, Tolosako Udalak txakurrentzako bi parke jarriko ditu Tolosan, zehazki Arkauten eta San Estebanen. Txakurrentzako eremuak soilik izango dira gune hauek, eta bi parke hauen funtzionamenduaren bilakaera aztertuko eta herriko puntu gehiagotan parkeak jartzeko aukera baloratuko da. Abenduaren 15ean hasiko dira bi parke hauek egokitzeko lanak, eta abendu amaierarako erabilgarri egongo dira txakurrak dituzten tolosarrentzat.

Patxi Amantegi, Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, txakurrentzako parke berrien bidez, soilik animalientzat izango diren espazioak izango ditugu, beste eremu berde batzuk pertsonentzat izan daitezen. Gauzak horrela, esaterako, Arkauten txakurrak solte, itxitako eremuan ibiliko ahalko dira, erdiguneko eremu berdeetan aldiz, ez, gune horiek pertsonentzat izan daitezen, udan etzateko edota belarretan jolasteko aukera izan dezaten tolosarrek.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA