Kirola, musika eta gastronomia: Frantziako Tourra Tolosan ikusteko planik onena

Hitzordua
Informazio gehiago

Igandean, uztailak 2, Frantziako Tourreko bigarren etapa jokatuko da, Gasteiz eta Donostia artean. Tolosa leku ona da txirrindulariak ikusteko, eta ez kirol arloagatik bakarrik.



Foto: A.S.O./Charly Lopez

Frantziako Tourrak Gipuzkoako zati handi bat zeharkatuko du Donostiarako bidean. Tolosatik ere igaroko da, Alkizako igoerari aurre egin aurretik. Tropela abiada bizian igaroko da, baina ikuskizun aparta izango da ziur.

Txirrindularien joan etorria ikusgarria izaten da, baina Tourraren ezaugarri nagusia aurretik joan ohi den karabana ere bada. Auto, motor eta furgoneta ugariren etengabeko desfilea izaten da, errepidearen bi aldeetan dauden ikusleei opariak banatuz joaten dena.


Foto: A.S.O./Romain Laurent

Tolosaren kasuan, karabana 13:30ean igarotzea aurreikusten da. Ondoren tropela ikusteko zain egon beharko da, gutxienez 15:15ak arte ez baita iritsiko.

Bien arteko itxaronaldia arintzeko, eta ordua ikusita, Tolosako tabernaren batean bertako gastronomiaz gozatzera gonbidatzen zaitugu, bertako pintxoak dastatuz. Hona hemen Tolosako pintxo ezagunenen gida txiki bat.

Karabana igaro aurretik, Tolosako monumentu-multzoaren bisita egitea ere proposatzen dizugu. Asko dago ikusteko, bisitatzeko eta ezagutzeko, gutxi gorabehera ordubete irauten duen ibilbidean. Audiogida hauek edo Instagrameko gida birtuala lagungarri izango zaizkizu eta behar duzun informazio guztia emango dizute.

Bi blues kontzertu

Tourra Tolosatik igaroko den egun berean, gainera, Tolosandblues jaialdiaren azken emanaldiak izango ditugu. Izan ere, Tolosako blues musikaren jaialdia, ekainaren 29tik uztailaren 3ra ospatuko da.

Igandean, hain zuzen ere, bi kontzertu izango dira. Lehenengoa, Balta Bordoy & The Bad Boys protagonista dituena, Zerkausian egingo da 13:00etan, tropela igaroko den tokitik metro gutxira.

Beste kontzertua arratsaldean izango da, 20:00etan, Euskal Herria Plazan, blues eta soul munduan, nazioarte mailako artista ezagunenetako batekin: Tommy Castro kaliforniarrarekin. The Painkillers taldea izango du lagun. Luxu handi bat!

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA