Herritartasun aktiboa eta herritarren ahalduntzea sustatzeko helburuarekin abiarazi zuen abenduan Tolosako Udalak Tolosatzen Eskola Irekia proiektu pilotua.
Tolosatzen Eskola Irekia nazioarteko proiektu baten baitan kokatua dago. Tolosa aukeratua izan da baduelako esparru honetan bide bat egina eta badituelako proiektu honen pean kokatu daitezkeen herri esperientziak zein herritar eta eragile inplikatu eta aktiboak.
Gauzak horrela, urtarrilean 15-17 pertsonek osatutako talde motorra eratu zen eta denbora honetan taldeak ikasturteko egitaraua osatu eta landu du, herritarrak gaitasun ezberdinetan trebatzeko eta elkar ezagutza sustatzeko helburuarekin, bereziki.
Elkarlana eta lankidetza ditu oinarri, beraz, proiektuak, udalaren, herritarren, herriko talde antolatuen eta eragile ezberdinen arteko elkarrizketa eta elkarren arteko sinergiak sustatzeko asmoz.
Osatutako egitaraua 3 ardatz nagusitan dago antolatuta:
Trebakuntza sozialak:
Gure balio sistema indartzeko eta herritarrak alor ezberdinetan formatu eta ahalduntzeko 2 tailer antolatu dira; bata entzute aktibo eta enpatiari buruzkoa (apirilak 16 eta 23) eta denboraren kudeaketaren eta konpromisoaren ingurukoa, bestea (maiatzak 16 eta 30).
Sendotze soziokomunitarioa:
Elkar ezagutza sustatzeko eta herri eragileen sarea indartzeko topaketa ezberdinak egingo dira: elkarte eta taldeen artekoa (martxoak 17 eta 24), ikastetxeen artekoa (apirilak 21 eta 28) eta gazteen arteko topaketa gazteekin (maiatzak 22).
Udalerriaren ezagutza:
Azken esparru honi dagokionean, proiektuak nola prestatu eta diru-laguntzen eskaerak nola aurkeztu azaltzeko tailerra egingo da maiatzaren 28an.
Talde motorrak osatutako egitarauari buruzko informazio gehiago behar izanez edota tailerretan parte hartzeko (trebetasun sozialetarako tailerretan parte hartzeko aurretik izena ematea beharrezkoa da gehienez ere 20 lagunentzako saioak izango direlako) Udatera joan edota gobernantza@tolosa.eus helbidera idatzi daiteke.
Ikasturteari hasiera emateko ekitaldia martxoaren 12an:
Ikasturteak maiatza bitartean iraungo du, ondoren, ekainean proiektu pilotuaren balorazioa egingo delako. Tolosatzen Eskola Irekia proiektu pilotua bada ere jarraipena izateko helburuarekin abiarazi zen eta beraz, datozen ikasturteetan ere Tolosatzen Eskola Irekiak martxan jarraituko du.
Edonola ere, aurtengo ikasturteari hasiera emateko eta herritarrei talde motorrak osatu eta garatutako egitarauaren berri emateko ekitaldi berezia egingo da martxoaren 12an, 18:30etatik 20:00etara Zerkausian. Virginia Imazek hitzaldia eskainiko du umorea eta emozioak uztartuz.
Ekitaldi irekia da eta herritar guztiak gonbidatuak daude eta udaletik antolatutako tailer topaketa eta ikastaroetan parte hartzera ere animatu dituzte herritarrak.
Ekintzen egitaraua:
-
Hasierako ekitaldia: Virginia Imaz, "Umorea eta emozioak" Zerkausian. Martxoak 12, 18:30ean.
-
Elkarte/taldeen arteko topaketa:
-
Entzute aktiboari eta enpatiari buruzko tailerra: (gehienez ere 20 lagun)
-
Ikastetxe, guraso-elkarte eta ikasleen arteko topaketak
-
Denboraren kudeaketa eta konpromisoari buruzko tailerra: (gehienez ere 20 lagun)
-
Gazteeen arteko topaketa
-
Tailerra: proiektuak nola prestatu eta diru laguntzen eskaerak nola aurkeztu: