'Bizi. Prest' egunero euskararen aldia dela aldarrikatzeko ekintza andana abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna

Cita previa
Más información

Ayuntamiento de Tolosa
30/11/2018 | Euskara y Educación
  • Abenduak 3an, arratsaldeko 19:00etan elkarretaratzea izango da Plaza Zaharrean argazki jendetsua ateratzeko ‘Euskarak 365 egun’ lelopean. Ondoren, Euskaraldian parte hartu dutenen esperientziak batuko dira plazan. Tolosako Udalak 'BIZI. PREST. Egunero delako euskararen aldia' adierazpena onartuko du asteartean, abenduak 4, ospatuko den Osoko Bilkuran.
  • Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea: “euskaldunaren aktibazioa dugu jomuga: herritarrak kontzientziatu, erabilera piztu, inplikatu eta elkarlanean jardun. Euskaldun izatetik euskaldun bizitzera doan tartea nahi dugu gainditu”.
  • Galtzaundi Euskara Taldetik pozez eta ilusioz daude Euskaraldiak eskualdean eta Tolosan hartu duen dimentsioarengatik: “espero genuena baino handiagoa. Tolosaldean 8.100 ahobizi eta belarriprest ditugu. Tolosan, berriz, 3.500 pertsonek eman dute izena Euskaraldian".

Datorren astelehenean, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da, eta baita Euskaraldiaren azken eguna ere. Hori baliatuz, Udalak 'BIZI. PREST. Egunero delako euskararen aldia' adierazpena onartuko du asteartean, abenduak 4, ospatuko den Osoko Bilkuran, eta Galtzaundi Euskara Elkartearekin elkarlanean hainbat ekintza antolatu ditu ere.

Horiek aurkezteko prentsa agerraldia eskaini dute Tolosako Udalean Olatz Peon Ormazabal alkateak, Kristina Pelaez eta Christian Fernandez zinegotziek, eta Galtzaundi Euskara Elkarteko kide den Joseba Antxustegietxartek. Adierazpena irakurri eta Euskararen Egunaren bueltan antolatutako ekimenak aurkeztu dituzte.

Euskararen Nazioarteko Eguna astelehenean ospatuko da eta horrekin batera amaituko da Euskaraldia: 11 eguneko esperientzia eta ariketa soziala. Olatz Peon Ormazabalek nabarmendu du egunero dela euskararen aldia, Tolosako Udalaren adierazpenak dioen eran: “Euskaldun izatetik euskaldun bizitzera doan tartea nahi dugu gainditu. Herritarra aktibatu, euskara aktibatu guztion egunerokoan. Ezbairik gabe, Tolosaldea euskararen eskualde da, euskara da gure hizkuntza. Jakin dugu euskarari eusten eta euskaltasuna bizirik eta indartsu mantentzen, oztopoak oztopo”. Alkateak adierazi duenez, azken urteetan euskaraz komunikatzeko gaitasunak goruntz egin du gurean, baina erabilpenean dago gakoa: “guztira herritarren %85ak badaki eta gaitasuna du euskaraz bizitzeko. Baina erabilera %50aren bueltakoa da. Beraz, belaunaldi berrien euskara ezagutza gero eta handiagoa da, baina erabilera ez da handitzen neurri berean. Eta diagnostiko hori mahaian, euskaldunaren aktibazioa dugu jomuga: herritarrak kontzientziatu, erabilera piztu, inplikatu eta elkarlanean jardun. Horiek dira gakoak”.

Galtzaundi Euskara Taldetik pozez eta ilusioz daude Euskaraldiak eskualdean eta Tolosan hartu duen dimentsioarengatik Joseba Antxustegietxartek adierazi duenez: “Azken hilabeteetan, baina batez ere azken asteetan, jendetza batu da ekimenera eta jendearengan somatu dugu hizkuntza ohiturei astindua emateko gogoa. Datuek baino pisu handiagoa dute guretzat esperientziek, 11 egun hauetan jasotako aldaketa eta sorpresek. Hala ere, hasieran espero genuena baino dimentsio handiagoa hartu du Euskaraldiak: Tolosaldean 8.100 ahobizi eta belarriprest ditugu. Tolosan, berriz, 3.500 pertsonek eman dute izena Euskaraldian. Euskaraldian parte hartzeko 16 urtetik gora izatea eta euskara, gutxienez, ulertzea beharrezkoa da. Bada, baldintzak horiek betetzen dituztenen %25 ari dira parte hartzen Tolosan. Euskaraldian izena eman duten 3 tolosarretik 2 emakumezkoak dira”.

Euskararen Nazioarteko Egunari dagokionez, Tolosan astelehenean bertan ospatuko da. Horretarako, arratsaldeko 19:00etan elkarretaratzea izango da Plaza Zaharrean. Bertan, Udalaren adierazpena irakurri eta argazki jendetsua ateratzea da asmoa ‘Euskarak 365 egun’ lelopean. Agerraldia eskaini duten 4 ordezkariek nabarmendu bezala, hemendik aurrera ere Euskaraldian sortutako aldaketek urteko 365 egunetan “jarraitzea” baita asmoa. Bertaratzeko deia egin diete Euskaraldian parte hartu duten tolosarrei eta baita hortik haratago ere, tolosar guztiei, “gure hizkuntzaren biziberritzea denon ardura baita”. Agerraldia egin ondoren, Euskaraldian parte hartu dutenen esperientziak batuko dituzte plazan, hemendik aurrera zer egin eta zer hobetu jakiteko eta Euskaraldiak zer nolako eragina izan duen aztertzeko.

Tolosako Udalaren Euskararen Eguneko adierazpena

 

2018KO EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNERAKO ADIERAZPENA

BIZI. PREST

Egunero delako euskararen aldia

 

Bizi. Prest.

Halaxe datorkigu euskara bere aurtengo Nazioarteko Egunean.

Eta halaxe doa etorkizunerantz. Mingainetan, pantailetan, uhinetan bizi-bizi. Zernahitarako prest.

Etxean bizi-bizi, kalean bezala; bizi-bizi eskolako jolastokian, ikasgelan bezala; lantokian bizi-bizi, lagunarteko solasaldietan bezala; bizi-bizi osagilearenean, saltokian bezala; zuzeneko harremanetan bizi-bizi, birtualetan bezala; bizi-bizi kirolean, liburuetan edo zineman bezala.

Prest gaudelako gu, euskal herritar gehien-gehienok, hori horrela izan dadin. Prest gaudelako euskarari gure hitzen hegoak eskaintzeko, ahotik belarrira, bihotzetik bihotzera, burutik burura hegalda dadin, samur bezain indartsu. Dakiguna dakigula, mintzatzen ez dena baita euskara eskas bakarra.

Prest gaude, eta gogotsu, euskarak gure ahoan bizi-bizi dantza egin dezan. Gogotsu gaude, eta prest, gure belarrietan atseginez onartzeko euskararen soinua. Dakiguna dakigula, entzuten ez dena baita euskara kaskar bakarra.

Prest gaudelako, eta ezin gogotsuago, euskaraz ere gero eta gehiago bizitzeko. Ingurune guztietan. Eginkizun orotan.

Natural-natural. Bizi-bizi.

Euskal hiztunok horretarako egin behar dugun urratsa ez da txikia, ez erraza. Borondate aktiboa eskatzen digu. Erosokeriari izkin egitea eskatzen digu. Sakon errotutako ohiturak aldatzea eskatzen digu. Kontzientzia ahalegin sendoa eskatzen digu.

Euskaraz ere herritar izateko aukera egitea eskatzen digu.

Eta eskatzen digu, batez ere, euskaldun izatetik euskaldun bizitzera doan tartea gainditzeko jokaera aktiboa. Eta etengabea.

Euskararen erabileran egin beharreko urrats erabakigarri hau zinez da gizarte-eraldaketa zabal sakona, neurri historikoa duena, gure gizartearen bilakabidean mugarri izango dena.

Eta, neurri horretako aldaketa guztien antzera, adostasuna du elikagai nagusi, prestasun eta prestutasunarekin batera.

EUSKARAREN GIZARTEA. GIZARTEAREN EUSKARA

Adostasuna eta batasuna dira, beraz, bidea, euskarak batura behar duelako, ez kenketa; biderketa behar du, ez zatiketa. Herri aginteak, gizarteak bere dinamika propiotik sorturiko erakundeak, herritar guztiok eta gutariko bakoitza: den-denok gara, aldi berean, euskararen erabilera eraginkortasunez areagotzeak ezinbestekoa duen adostasun zibil zabalaren osagai eta eragile, aldi berean garen bezala haren onuradun eta bultzatzaile, bideratzaile eta babesle.

Baina aktibotasuna, praktikotasuna, da adostasun horren osagarri nahitaezkoa. Izan ere, honezkero, ez da aski aldarrikapen hutsetan galtzea. Atzean utzi behar dugu beste inork euskararen alde egin lezakeenaren zain egotea. Lorgarria delako, erabat, euskararen erabilera hazkunde iraunkorraren bidean jartzea, baldin eta herritar bakoitzak euskara ezpainetara eramateko bere erabaki pertsonala gauzatzen badu eta erakunde publiko bakoitzak herritarrek euskaraz aritzeko duten eskubidea bermatzeko bitartekoak jartzen baditu, hori eta ez besterik delako, azken finean, gizartearen helburu kolektiboa: aukera pertsonal ugariren eta erakunde publikoen betebeharraren batura.

Eta egin egingo dugu.

Munduari euskaraz ere helduz, euskararentzat belarria zein gogoa prest izanez, euskara ahoz zein idatziz bizi-bizi eskainiz.

Euskarak eguneroko bizitza aberastu dezan; eguneroko bizitzak euskara bete dezan.

Elkarrekin.

Elkarrenganako errespetu osoz, elkarrengandik adorea jasoz.

Elkarri euskara eskainiz.

Euskara bizi-indarrez sendoagotuz.

Bizi. Prest.

Egunero delako euskararen aldia.

Cita previa

Servicio de atención ciudadana y registro del Ayuntamiento de Tolosa (UDATE)

Para mayor comodidad y evitar esperas, le recomendamos concertar una cita previa. Para ello, le llamaremos al teléfono que nos ha facilitado en las 24 horas (día hábil) siguientes a la cumplimentación de este formulario, para contestar a su consulta o confirmar la fecha y hora de la cita.

SOLICITAR CITA PREVIA