Iurramendi kaleko belaunaldiarteko etxebizitzaren aukerak erakutsi ditu orain arteko prozesuak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/06/17 | Etxebizitza
  • Eraikinak etxebizitzetako erabiltzaileei eta herritarrei irekitako espazio komunitarioak izatea proposatu da

  • 12 eta 15 etxebizitza artean eraiki ahal izango dira, behin betiko ezaugarrien arabera.
     

 

Prozesu bat egin da Iurramendi kalean eraikitzekoak diren belaunaldiarteko etxebizitzen ezaugarriak definitzeko, eta prozesu horren ondorioen berri eman zuen, pasa den astean, Tolosako Udalak. 

Eremuak, orotara, 484,14 m²-ko azalera du eta bertan sotoa, behe solairua, hiru solairu altu eta teilatu azpiko solairua eraiki ahal izango dira: 12 eta 15 etxebizitza artean izango dira. Askotariko etxebizitzak egitea proposatu da, askotariko familia ereduei erantzun ahal izateko: logela bakarrekoak edo bi logelakoak. Behe solairuak erabilera komertziala izateko baimena izango du, gainera. 

Espazio komunitarioak: etxebizitzetako erabiltzaileentzat eta herritarrentzat

Espazioen banaketa egiten hasita, izaera komunitarioa izatea begi onez ikusi da, espazio pribatuei gehiegi eragin gabe. Espazio komunitarioen erabilgarritasuna ere aldakorra izatea erabaki da; hau da, batzuk etxebizitzetako bizilagunei bideratuak izatea, eta beste zati batzuk erabilera irekiagokoak. 

Bizilagunei gordetako espazio komunitarioetan, topaleku izaera duten lekuak lehenetsi dira; hala nola terraza edo egongela, baita biltegia eta garbigailu gela eta arropak zabaltzeko eremua ere. Sukalde komunitarioa jartzeko aukera ere mahai gainean jarri zen, etxebizitza gehiago egin ahal izateko. Zalantzak sortu dira, ordea, kudeaketa arazoak ekar ditzakeelako, eta momentuz ideia alboratu egin da.

Herritarrei irekitako beste espazio bat ere izango luke eraikinak, erabilera anitzekoa. Horren kudeaketari dagokionez, zenbait aukera planteatu dira: auzo elkarte edo bestelako elkarteren batek kudeatzea —gaur-gaurkoz ez dago interes konkretu bat—, edo udalak berak kudeatzea, zerbitzu konkreturen bat jartzeko aukera baztertu gabe. 

Hiru adin tarte

Babes ofizialeko alokairuzko etxebizitzak izango dira, eta esleipena zozketa edo ponderazio bidez egingo da. Alokairuaren baldintzak, baina (errenta, epea...), erabiltzaileen araberakoak izango dira. Asmoa da adin tarte ezberdinei eskaintzea, gazteei eta adinekoei, batik bat, gutxieneko baldintzak jarrita: errolda, diru sarrera minimo eta maximoak, familia egoera... 

Prozesuan, ordea, ondorioztatu da ez litzatekeela adin tarte horietara bakarrik itxi behar, kasu gehiagori ere erantzun ahal izateko. Hortaz, kupo sistema bat proposatu da hiru adin tarterentzat, eta bakoitzerako etxebizitza kopuru bat zehaztea eskatu da: 18-35 urte; 35-60 urte; eta 60 urtetik gorakoak. Adin tarte bakoitzari dagozkion baldintza eta helburuak jarri ahal izango zaizkio baldintzei dagokienez; baita bizi baldintzei dagokienez ere (epeak, kuotak...).

Orain arteko prozesuaren helburua izan da etxebizitza ereduei buruzko hausnarketa egitea, eta belaunaldiarteko etxebizitza proiektu baten oinarriak eztabaidatu eta definitzea. Proiektuaren zehaztapenak eta behin betiko aukerak garatzen jarraitu behar da. Gaur-gaurkoz, exekuzio proiektuaren idazketa etenda dago, kontratuaren esleipena ebatzi behar baitu KEAOk. Ebazten denean, proiektua berriz aktibatzea da Udalaren aurreikuspena.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA