Euriteak sortutako kalteak konpontzeko egin beharreko lanen inguruko argibideak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/06/16 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Bihar Igaralde eta Bizkaia kaleetan egingo dira garbiketa lanak, eta autoak kendu beharko dira goizean; denbora emango balu, Amarotz auzoko 17-19 zenbakietan ere egingo dira, bestela etzi. Han ere autoak kendu beharko dira.

 

Ostiral gaueko ekaitzak kalte ugari sortu ditu herriko puntu askotan, bereziki mendietatik gertu dauden eremuetan eta landa-auzoetan.

Lurrak ez zuen gaitasun nahikoa izan denbora gutxian ur-kantitate handia xurgatzeko, eta horrek luiziak eta ur-emari handiak sortu zituen errepide eta oinezko bideetan. Horrek guztiak lur, harri, sastraka, adar eta bestelako hondakinak garraiatu ditu.

Asteburuan lehentasuna izan da luizien ondorioz blokeatuta geratu ziren bideak irekitzea, eta segurtasun arazoak ekiditea. Aldaban, Montezkuen, Usabalen, San Estebanen, San Blasen, Aldabatxikin, Urkizun eta Auzotxikian egin dira eskuhartzeak, besteak beste, Tolomendirekin, Suhiltzaileekin, Udaltzaingoarekin, herri-lanetako brigadarekin eta Aldundiarekin. Dena dela, oraindik lan gehiago egin behar dira lur eremu batzuk egonkortzeko. Lan gehienak bideratu dira.

Kale-garbiketako eta lorezaintzako taldeek ere garbiketa lanak egin dituzte kalterik handienak izan diren guneetan, eta datozen egunetan lan sakonagoak egingo dituzte eremuz eremu, makineria espezializatuarekin. Zenbait gunetan hondakinak pilatuta utzi dira, eta aste honetan zehar jasoko dira. 

Bihar, Igaralde eta Bizkai kaleen inguruan egingo dira garbiketa sakonak. Horretarako, autoak erretiratu beharko dira. Bihar denbora emango balu, Amarotzen ere egingo dira, 17. eta 19. zenbakien arteko plazan, bestela, etzi. Han ere ezingo da aparkatu bihar goizetik aurrera, eta lanak egin ahala aparkatu ahal izango da berriz.

Leidor Aretoan ur-filtrazio batek kalteak eragin zituen proiekzio-gelan. Bada, makina ez du kaltetu, eta dagoeneko erabilgarri jarri dute. Hortaz, gaurtik aurrera normaltasunera itzuliko da. Gaurko aurreikusitako emanaldia, beraz, egin egingo da, baita asteazkeko zine-kluba ere.

Tolosaldea Garatzenek, berriz, Aldundiarekin batera, eskualdeko enpresetako kalteak jakiteko galdetegi bat jarri du martxan, baliabideak koordinatzeko eta laguntza bideratzeko. Kalteak jasan dituzten enpresek, lehiberri@tolosaldea.eus helbidera idatzi ahal izango dute, kalteen deskribapen laburra (instalazioetan, ekipamenduan, produkzioan, etab.), aurrekontu orientagarri bat eta harremanetarako pertsona baten telefono eta posta elektronikoa zehaztuz.

Udalak eskertu nahi ditu laguntzen aritu diren larrialdietako eta garbiketa zerbitzuetako lantaldeak, baita auzolanean edo modu batera ala bestela egoera bere onera itzultzeko laguntza eman duten herritarrak ere.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA