Adierazpen instituzionala: Aitzolen hilketaren 90. urteurrena

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/10/23 | Euskara eta Hezkuntza
  • 90. urteurrena betetzen den honetan, Tolosako Udalak irmo arbuiatu nahi ditu Aitzolen hilketa, atxiloketa, tortura eta exekuzio estrajudiziala, eta aitortu egin nahi ditu haren memoria eta garai hartako euskalgintzari egindako ekarpena.

Aurten, 90 urte bete dira Jose Ariztimuño Olaso, Aitzol, Hernanin hil zutenetik. Apaiz, idazle, kazetari, Eusko Alderdi Jeltzaleko kide eta euskaltzale konprometitua izan zen Aitzol, eta ekarpen handia egin zuen euskararen, euskal kulturaren eta Euskal Herriaren eskubideen aldeko lanean. 1936ko urriaren 15ean atxilotu zuten, eta Donostiako Ondarretako espetxean preso sartu eta torturatu ondoren, urriaren 17an fusilatu zuten Hernaniko hilerriaren hormaren kontra.

90. urteurrena betetzen den honetan, Tolosako Udalak irmo arbuiatu nahi ditu Aitzolen hilketa, atxiloketa, tortura eta exekuzio estrajudiziala, eta aitortu egin nahi ditu haren memoria eta garai hartako euskalgintzari egindako ekarpena.

Aitzolen hilketa ez zen gertakari isolatua izan, 1936ko udazkenean Gipuzkoan ezarri zuten errepresio frankistaren testuinguruan kokatu behar baita. Hernaniko hilerriak indarkeria haren lekukotza gordetzen du: dokumentatutako iturrien arabera, tropa frankistek eta aparatu errepresiboek dozenaka pertsona exekutatu zituzten; tartean, Aitzol.  

Kasu honek nabarmen erakusten du zer nolako jazarpena jasan zuten euskal kultura eta nortasuna, adierazpen politikoa eta askatasuna defendatzen zituzten pertsonek. 

Hori dela eta, Tolosako Udalak ezinbestekotzat jotzen du tropa faxistek Hernaniko fusilamenduetan zer erantzukizuna izan zuten adieraztea, biktimen memoria aintzat hartzearekin batera. 

90. urteurren honetan, berretsi egiten dugu memoria historikoa bizirik mantentzeko konpromisoa. Aitzolen eta Hernanin fusilatutako pertsona guztien oroimena ez da iraganari begiratzeko ariketa hutsa: demokrazia, giza eskubideak, askatasunak eta euskara eta euskal kulturaren transmisioa defendatzeko dugun konpromisoa ere bada. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA