Frantziskotarrek herriaren historiari, euskarari eta kulturari egindako ekarpena nabarmendu du udalak

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/10/23 | Idazkaritza
  • Urriaren 25ean, agurreko ekitaldia egingo dute frantziskotarrek Tolosan. Era horretan, amaitu egingo da frantziskotarrek Tolosan mendeetan egin duten ibilbidea. 
  • Tolosako Udalak konpromisoa agertzen du San Frantzisko eliza eta komentua herri-ondare gisa zaintzeko eta herriaren zerbitzurako erabiltzeko, eraikinaren balio artistiko eta arkitektonikoa erabat zainduta. 

Igandean, urriaren 25ean, agurreko ekitaldia egingo dute frantziskotarrek Tolosan. Era horretan, amaitu egingo da frantziskotarrek Tolosan mendeetan egin duten ibilbidea. 

Bide hori amaitzera doan honetan, Tolosako Udalak eskertu egin nahi du frantziskotarrek mendeetan Tolosarekin izan duten harreman estua. 1587an hasitako presentziak arrasto sakona utzi du herriko historian, ondarean eta nortasunean. Lau mendetik gorako ibilbide oparoa izan da.

Era berean, Tolosako Udalak balioa eman nahi dio urteotan frantziskotarrek egindako lanari. Milaka tolosarri eman diete zerbitzua. Erlijio-eremutik kanpo, beste hainbat arlotan ere egin dute ekarpena; esaterako, euskararen eta euskal kulturaren sustapenean.

San Frantzisko elizak eta komentuak leku berezia dute Tolosako ondare historiko eta sinbolikoan. Ez dira eraikin hutsak: milaka tolosarren aterpe eta abaro izan dira, une zailetan eta gozoetan. Mugarri historiko askoren lekuko ere bada eraikin hori; besteak beste, ez da ahaztekoa Jakin taldeak hemen hasi zuela bidea gerraondoan.

Udalak orain ia urtebete hasi zituen elkarrizketak Arantzazuko Frantziskotar Probintziarekin eraikinaren jabetza Tolosako Udalaren esku gera dadin, eta emaitza positiboa eman du bide horrek: akordio bat lortu dute bi aldeek. Tolosako Udalak konpromisoa adierazten du San Frantzisko eliza eta komentua herri-ondare gisa zaintzeko eta herriaren zerbitzurako erabiltzeko, eraikinaren balio artistiko eta arkitektonikoa zainduta. 

Tolosa agurtzera doan honetan, udalak errespetua adierazi eta aitortza egin nahi dio Tolosako frantziskotarren komunitateari, eta, haren leloarekin bat eginez, Bake eta On opa dio aurrerantzean ere.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA