Etxebizitzak eta bizitegi eraikinak birgaitzeko dirulaguntzak emateko ordenantza berriari hasierako onespena

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/07/29 | Idazkaritza
  • Hasieraz onartu zen atzo etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzen ordenantza berria Tolosako errealitateari modu egokiagoan erantzuteko.
  • Ordenantzak 6 dirulaguntza lerro barnebiltzen ditu, Tolosako etxebizitzak eta eraikinak irisgarriagoak eta jasangarriagoak egiteko helburuarekin. Diruz lagunduko dira irisgarritasuna hobetzeko instalazio eta obrak, teilatuen berritzeak, egituren sendotzeak edo fatxadak berritzeko obrak, betiere eraginkortasun energetikoaren ikuspuntutik.
  • Etxebizitza partikularrei lotuta, aldiz, kanpoko arotzeria aldatzeko edota mugikortasun mugatua duten pertsonen eta 65 urtetik gorakoen etxebizitzak egokitzeko obrak egiteko emango dira dirulaguntzak.

 

Uztaileko Osoko Bilkuran udalbatzak hasieraz onartu du aho batez Etxebizitzak eta Bizitegi eraikinak birgaitzeko dirulaguntzak emateko udal ordenantza.

Ordenantza berriak helburu du Tolosako egungo errealitateari modu egokiagoan erantzuteko dirulaguntzak ematea, Tolosako etxebizitza eta eraikinak irisgarriagoak eta jasangarriagoak izan daitezen. Osatu eta zabaldu egin da ordenantza 6 dirulaguntza lerro barnebilduz. Horiek bi multzotan banatzen dira:

 

1. Elementu komunetan egindako obrak

  • Irisgarritasuna hobetzeko instalazioak eta obrak: igogailuak, arrapalak...

Gehienez ere obra gastuaren %20 lagunduko da diruz (20.000€-ko mugarekin)

  • Teilatuen berritzea: isolamendua... (efizientzia energetikoaren ikuspuntutik)

Gehienez ere obra gastuaren %20 lagunduko da diruz (20.000€-ko mugarekin)

  • Egitura sendotzea, egurrezko egiturak barne (efizientzia energetikoaren ikuspuntutik)

Gehienez ere obra gastuaren %20 lagunduko da diruz (30.000€-ko mugarekin)

  • Fatxada berritzea (efizientzia energetikoaren ikuspuntutik)

Gehienez ere obra gastuaren %20 lagunduko da diruz (20.000€-ko mugarekin)

Dirulaguntza lerro horietan guztietan, etxebizitza Alde Zaharrean, Euskal Herria plazan edo inguruetan kokatuta badago, laguntzetan %10 gehiago jaso ahal izango da, hirigune historikoa babeste aldera.

 

2. Etxebizitza pribatuetan egindako obrak

  • Kanpoko arotzeria aldatzeko obrak: leihoak, energia eraginkortasuna...

Gehienez ere obra gastuaren %30 lagunduko da diruz (2.000€-ko mugarekin)

  • Mugikortasun mugatua duten pertsonen eta 65 urtetik gorakoen etxebizitzak egokitzeko obrak: ateak zabaldu, komuna irisgarria egin...

Gehienez ere obra gastuaren %30 lagunduko da diruz (6.000€-ko mugarekin)

Azken bi kasu hauetan bizikidetza unitatearen dirusarreren arabera emango dira laguntzak.

Ordenantza berri honen bidez izapidetuko dira, baita ere, Erretengibeletik eratorritako eta Udalak bere gain hartutako ebatzi gabeko laguntzak, deialdia egiten denean.

 

Iruzurren aurkako plana, aho batez onartuta

Ekainean Tolosako Udalak Europako NEXT funtsei lotuta, dirulaguntzak jasotzeko eskaera egin zuen hainbat langile kontratatzeko helburuarekin. Dirulaguntza horiek jasotzeko ezinbesteko lege betebeharra da udalak iruzurren aurkako plana izatea.

Planaren helburu nagusiadiagnosi bat egitea, iruzur egoerei aurre egiteko arauak ezartzeko. Horretarako batzorde bat eratuko da iruzurren arriskuen analisia egingo duena, ondoren neurriak proposatzeko. Plan honen aplikazioa langile guztiei lotuta dago.

Planak indarraldi mugagabea izango du eta udaleko langile guztiei aplikatuko zaie.

 

Kultura eta hiri ekonomia indartzearen aldeko urratsak

Kulturaren aldeko apustuan eta TOPIC zentroak herriari egiten dion ekarpena kontuan izanda, Euskal herria plazako 1 zenbakian kokatuta dagoen eraikinaren erabilera emakidan Tolosako Ekinbide Etxearen esku uzteko proposamena aho batez onartu zuen udalbatzak.

Aho batez onartu zen, baita ere, Tolosako hiri ekonomia indarberritzeko dirulaguntzen programako oinarriak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa.

Ordenantza hau, iaz garatu zuen Tolosako Udalak hiri ekonomia indarberritzeko laguntzak emateko helburuarekin. 3 laguntza lerro nagusi ditu ordenantza honek ekintzailetza, negozio berrien irekiera eta belaunaldi aldaketa sustatzeko helburuarekin: Berriz programa, Ekin programa eta Gune Biziak programa.Lege berrira egokitzeko eta testuak argiagoak izateko hainbat aldaketa egin dira ordenantzan.

Atzoko Osoko Bilkuran onartu ziren beste puntu batzuen artean daude: Ander Lucas Aranceta udal langileak eskatutako bateragarritasuna; Tolosako Udalak Tolargi S.L. udal sozietateari egindako kudeaketa aginduaren amaiera; pertsonalaren hautaketa prozesuetan parte hartzeko eskaera egiten dutenei tasa ezartzea; Tolosako udal kirol instalazioen kudeaketa integralerako zerbitzuen emakida kontratuaren hasiera data; Uzturre asistentzia gunean eskaintzen dituen zerbitzuen prezioak eguneratzea: 2018-2019-2021 urteak eta 2021eko Tolosako Udaleko Sektore Publikoaren Kontu Orokorra.

Hasieraz onartu ziren baita ere, konpromiso kredituak onartzeko 1/2022 espedientea eta 2022 dirulaguntzen eranskina aldatzeko proposamena, TAK arraun klubari dirulaguntza emateko (8.000€) presa erabilgarri egon ez den denboran egin dituzten bidai gastuetarako eta Saskibaloi Federazioari ere laguntza emateko (7.500€) irailean emakumeen saskibaloi txapelketa Usabalen egin eta saskibaloi entrenatzaileei formakuntza eskaintzeko.

Amaitzeko, 2021eko finantza kontroleko urteko planaren berri eman zuen kontu-hartzaileak, baita ere eragozpen edo ingiren kontrako ebazpenen urteko txostenaren berri ere. Ogasun zinegotziak, Begoña Tolosak, azken kreditu aldaketaren berri ere eman zuen. Guztira, 97.100€-ko kreditu aldaketa egin da, besteak beste, aurtengo eta hurrengo urteko bibliopistina aurrera eramateko, bi liburuzain berriren kontratazioa egiteko edota lehen aipatutako Tolosaldeko Arraun Klubari dirulaguntza emateko. Bazterkeria egoeran daudenentzat gaueko zein eguneko arretarako zerbitzua berariaz zerbitzu publiko gisa sortzekoa ere behin betikoz onartuta geratu dela jakinarazi zuen Tolosako alkateak, Olatz Peon Ormazabalek.

Bi mozio jorratu ziren atzoko Osoko Bilkuran, EH Bilduk aurkeztutako Osakidetzako herrietako anbulatorioan itxieraren aurkako eta osasun sistema publikoa indartzea eskatzeko mozioa eta EAJ-PNV eta PSE-Eek Osasun Publikoa indartzeko aurkeztutako mozioa. Azken hori izan zen onartua gehiengoz.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA