Wifi Tolosa izeneko sare ireki eta publikoa jarri du abian Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/07/09 | Informatika
  • Herritarrek erraz konektatzeko aukera izango dute, erregistrorik egin gabe.
  • Udal eraikinetan eta horien inguruan erabiltzeko aukera izango da.

Tolosako Udalak Wifi Tolosa izeneko wifi sare publikoa eta irekia martxan jarri du herritarren eskura, udal eraikin publikoetan eta beren ingurunean konektagarritasuna eta irisgarritasuna sustatzeko helburuarekin. Horrela, Tolosako biztanleek edo bisitariek internetera modu errazean eta doan konektatzeko aukera izango dute.

Sare berri honetara konektatzeko prozesua oso erraza da: mugikorreko konfigurazioetan sarea bilatu, "Wifi Tolosa" aukeratu eta erabilera-baldintza onartzea besterik ez dago. Sartzeko bide hori behin egin ostean, erabiltzaileak automatikoki konektatuko dira hurrengo aldietan.

Zerbitzu honek Internetaren erabilera herritar guztiengana iristea ahalbidetuko du, doan eta modu seguru batean. Ekimen hau Tolosaren modernizazio-prozesuaren baitan kokatzen da, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta irisgarritasuna sustatzeko tresna gisa.

Udalak wifi sare publikoa ezartzeko estrategiak zenbait fase aurreikusten ditu. Horrela, lehen fase honetan, wifi irekia Udalaren eraikinetan eta haien inguruan erabiltzeko aukera ezarri da. Hala nola, kulturetxean, liburutegian, kiroldegian, udaletxean edota Gorosabel eraikinean (musika-eskola, euskaltegia, ikasgelak...). Bigarren fase batean, wifi sarea herriko beste gune batzuetara zabaltzea aurreikusten da, hala nola, herriko plaza nagusietara.   

Udalak herritar guztiei gonbidapena luzatzen die sare berria probatzeko, eta konexioan sor daitezkeen gorabeheren aurrean Udalarekin harremanetan jar daitezela eskatu die, erabiltzaileen esperientzia ahalik eta onena izan dadin. 

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA