Tolosako Irisgarritasun Unibertsalaren Plan Integralak hasierako onespena jaso du

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/07/11 | Hirigintza
  • 12 urterako plangintza batean jaso dira jarduketak, hiru laurtekotan banatuta.
     

Tolosako Irisgarritasun Unibertsalaren Plan Integralak hasierako onespena jaso du ekaineko osoko bilkuran, udalbatza guztiaren adostasunarekin.

2023. urtearen amaieran abiatu zuen Udalak lanketa hau, hiri-espazioan eta udal eraikinetan dauden oztopo fisiko eta sentsorialak identifikatzeko eta neurri zuzentzaileak proposatzeko. Izan ere, Irisgarritasuna sustatzeari buruzko 20/1997 Legeak jasotzen du EAEko udalek udal-irisgarritasuneko plan bat eduki behar dutela nahitaez, eta lau urtero eguneratu beharra dagoela. 2003koa da Tolosan onartutako azkena, eta ordutik ez da eguneratu. 

Irisgarritasun Planaren oinarria da pertsona guztien –bereziki mugikortasun murriztua edo desgaitasunen bat dutenen– aukera berdintasunean eskubideak baliatzeko beharra. 

 

Lau esparru aztergai
 Irisgarritasun Planak lau esparrutan jarri du azpimarra, eta herritarren parte hartzea ere izan du lanketak:

  • Erabilera publikoko eremuak: kale, plaza eta parkeen egoera. Iibilbideen zabalera, oinezkoen pasabideak, oztopo arkitektonikoak, malda edo hiri-altzarien egokitasuna.

  • Garraioa: geraleku eta markesinen egoera eta eserlekuak, igoera-jaitsiera egiteko altuera edota mugikortasun urria duten pertsonentzako egokitutako aparkalekuak.

  • Komunikazioa: Bide publikoetako eta eraikinetako seinale, semaforo, bolardo, eskailera, paperontzi eta bestelako elementuen seinalizazio egokia.

  • Eraikin publikoak: ateen zabalera, egokitutako komunak, aldagelak, sarrera-irteerak edota lurraren irristakortasun maila.

 

Ondorio nagusiak

Irisgarritasun Planaren ondorio nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira: 

  • 57 ibilbide identifikatu dira: 17 nagusi, 11 bigarren mailako eta 29 osagarri, 664 tartetan banatuta. Oinezkoentzako ibilbideek 48.077,71 metro biltzen dituzte; horien %86,08 irisgarriak dira. Pasabideen %97,26, berriz, ez dira irisgarriak. 

  • Aztertutako 44 udal eraikinetatik 41etan jarduketak aurreikusi dira. 

  • Ez dago autobus geraleku irisgarririk

  • Aparkalekuen dimentsioei dagokienez, plazen %60 inguruk ez ditu neurri egokiak. Mugikortasun urriko pertsonentzako (MUP) 86 aparkalekutik 13 dira irisgarriak. 

  • Eskaileren, arrapalen, mailen, baranden eta igogailuen %85,93 ez dira irisgarriak.

 

12 urterako plangintza

Irisgarritasun Planak 12 urteko ikuspegia duen plana egin du, hiru laurtekotan banatuta, eta bide publikoei, eremu libreei eta eraikin publikoei esleitutako lehentasunaren arabera zehaztu dira fase bakoitzeko ekintzak. 

Ordena bat ezartzeko, hierarkia-irizpideak erabili dira: lehenik eta behin, ibilbide nagusiak eta bigarren mailako ibilbideak, gehien erabiltzen diren eremu libreak eta adinagatik edo egoeragatik mugikortasun arazoak izan ditzaketen biztanleria-sektore gehienak biltzen diren eraikinak (adinekoak eta haurrak). Ondoren, ibilbide eta eraikin osagarrietan jarduketak egitea planteatu da, baita jarduketak behar dituzten gainerako eremu libreetan ere. 

Kontuan hartu behar da planteatzen diren ekintza gehienak kaleen eta eraikinen eraberritzeekin edo konponketekin batera gauzatuko direla eta aurrekontu horien barruan txertatuko direla irisgarritasuna hobetzeko ekintzak. Hau da, plan honen beste helburu nagusietako bat da proiektuen irisgarritasunari buruzko zeharkako ikuspegi bat zabaltzea.

Hasierako onespena jasota, udaleko iragarki taulan jarriko da, eta jendaurrean izango da 30 lan eguneko epean.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA