-
Iazko gerakinetatik ia 4,9 euro bideratuko dira besteak beste ondorengo proiektu eta egitasmoak aurrera eramatera: turismo eta ostalaritza sektoreei bideratutako laguntzak, kulturaren sustapena, ekintzailetzarako jarduerak, azokako proiektuaren sustapena, argiteria planaren eguneraketa, Paper kalearen eraberritzea, Amarotzeko estalpe eta urbanizazioa, Emakumeen Etxearen obra, Gorriti plazaren zaharberritze integrala, Usabaleko 3. fasea garatzeko proiektua edota Abegiko obra.
Atzoko Osoko Bilkuran iazko likidazioaren berri eman zen. Iazko hasierako aurrekontua 27.375,195€koa izan bazen ere, behin betiko aurrekontua ia 8 milioi euro altuagoa izan zen, zehazki 35.324.691,20€koa, tartean udalak hainbat kreditu aldaketa egin zituelako pandemiak eragindako ondorioak arindu eta unean uneko herritarren beharrei erantzuteko.
Foru Funtsaren jaitsiera ez zen aurreikusi bezain handia izan, %10eko jaitsiera izan zelako (aurreikuspena %17koa zen). Udal baliabideak zuhurtziaz kudeatu dira denbora honetan Tolosa eta tolosarren momentuko zein etorkizuneko beharrei erantzuten jarraitu ahal izateko eta kalitatezko zerbitzuak bermatzeko herritarrei; horri esker udalaren egoera finantzarioa ona da 15.478.528,86€ko gerakinarekin.
Gauzak horrela, likidazioa esku artean, hainbat kreditu aldaketa egin dira eta horietako batzuk onartu ziren atzoko Osoko Bilkuran eta beste batzuen berri eman zen. Guztira, atzoko Osoko Bilkura ondotik, 4.845.436,93€ gehituko dira aurtengo aurrekontura ezohiko egoerari aurre egiten jarraitu eta aurreikusitako proiektu estrategikoak garatzeko. Besteak beste, ondorengo proiektuetan inbertituko da ia 4,9 milioi euroko aurrekontu gehigarria:
-
Turismo eta ostalaritza sektoreei bideratutako dirulaguntzak.
-
Kulturaren sustapena.
-
Hainbat diru laguntza: Zutani elkartea, bizikidetza foroa, Tolomendi...
-
Ekintzailetzarako jarduerak.
-
Azokako proiektuaren sustapena.
-
Gazteria saileko hainbat gastu eta Haur, Gazte eta Nerabeen diagnostikoa.
-
Ekipo eta aplikazio informatikoak.
-
Argiteria planaren eguneraketa eta Argiteria Mapa.
-
Udal eraikinen auditoria.
-
Udal langileen formazioa.
-
Udal inbentarioaren diagnostikoa.
-
Izapideak egiteko makina berria kiroldegian. (UDATEn dagoen makina berdina)
Obra eta proiektuei dagokienean:
-
Paper kalearen eraberritzea.
-
Amarotzeko estalpea eta urbanizazioa.
-
Arkauteko teilatu berria.
-
Tolosaldeko Emakumeen Etxearen obra.
-
Gorriti plazaren obra integrala.
-
Usabaleko 3. fasea garatzeko proiektua.
-
Abegiko obra.
-
Zutani elkartearen loka egokitzeko obra.
-
Asfaltatze eta mantentze lanak: eraikinen mantentze lanak (Musika Eskola, Liburutegia…), zubi berriko burdineriaren berritzea, parke eta lorategien txukuntzea…
Arestian aipatuta diru laguntzak osatu edota emateko 2020-2022 Tolosako Udalaren Dirulaguntzen Plan estrategikoaren aldaketa egitea eta 2021eko dirulaguntzen eranskina aldatzea ere onartu zen atzoko Osoko Bilkuran.
Sektore kaltetuenei laguntzeko dirulaguntzetarako ordenantza onartuta
Hiri ekonomia babestu eta sektore kaltetuenak (turismoa eta ostalaritza) laguntzeko helburuarekin udalak dirulaguntza zuzenak eman ahal izateko ordenantza ere onartu zen atzokoan, aho batez.
Guztira, 200.000€ bideratuko dira laguntza lerro honetara. Ostalaritza establezimendu guztiei (jatetxeak, tabernak, sagardotegiak…) 1.000 euroko dirulaguntza emango zaie, eta kopuru horri, 2.000 euro gehituko zaizkio gehienez ere 4 mahai dituzten establezimenduen kasuan.
Turismo sektoreko jarduerek (alojamenduak, bidai agentziak…) 3.000 euroko laguntza izango dute.
Ordenantza onartuta, hurrengo urratsa, Gipuzkoako aldizkari ofizialen deialdia argitaratzea izango da.
Alokairu ordainketa errazteko dirulaguntzen ordenantza ere aurrera
Etxebizitza alorrean herritarrei aukera berriak eskaini eta erraztasunak emateko helburuarekin Udalak aurten martxan jarritako neurrien artean dago alokairu ordainketa errazten laguntzeko dirulaguntza lerro berria.
Laguntza berria 18-35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta behar bereziak dituzten herritar eta familiei (bananduak, alargunak, familia gurasobakarrak….).
Ordenantzak, dirulaguntzak jasotzeko irizpideak eta etxebizitzek bete beharreko baldintzak jasotzen ditu. Gehienez ere 250 euroko laguntza jasoko da hilean, etxebizitza Alde Zaharrean kokatuta badago 300 eurokoa, Alde Zaharra biziberritzeko helburuarekin.
Ordenantza behin betikoz onartzen denean egingo da deialdia.
Behin betiko onespena Iurramendi pasealekuaren garapenerako Plan Bereziari eta Etxez Etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen erregelamenduari
Atzoko Osoko Bilkuran behin betikoz onartu ziren Iurramendi pasealekuaren garapenerako Plan Berezia, Etxez Etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen erregelamendua, Tolosako Udaleko Euskararen Aholku kontseilua arautzeko erregelamendua eta aldi baterako lan poltsak kudeatzeko araudia.
Iurramendiko Plan Bereziaren onarpenak ahalbideratzen du eremu honen hirigintza garapena eta garapen honi esker udalaren esku geratuko da Iurramendiko parkea eta herritarren erabilerara bideratuko da aipaturiko berdegunea. Halaber, 140 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusten da, horietatik 23 etxebizitza babestuak izango dira eta 40 tasatuak.
Etxez Etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen erregelamendu berriari esker herritarrei eskainitako zerbitzua hobetuko da, arreta urteko 365 egunetan eskainiko da eta zerbitzua beste kolektibo batzuetara zabalduko da. Era berean , hobekuntzak txertatu dira langileen lan baldintzetan.
Osoko Bilkurari amaiera emateko mozioak jorratu ziren, lehenik eta behin, Amnistia Internacional-ek aurkeztutakoa, mundu osoan covid19aren aurkako txertoa lortzeko, aho batez onartua izan zena eta EH Bilduk batetik, eta EAJ-PNV eta PSE-EEk bestetik eskualdeko ospitalearen harira aurkeztutako mozioen kasuan, lehena ez zen aurrera atera eta bigarrena izan zen onartua, EAJ-PNV eta PSE-EEko udal ordezkarien aldeko botuekin.