- Tolosako udal gobernuak pertsonak izan ditu uneoro ardatz eta helburu eta tolosar ororen beharrei erantzutea izan da lehentasun nagusia, inor atzean ez uzteko.
- Olatz Peon, Tolosako alkatea: “Legealdi hau, osasun zein krisialdi ekonomikoa medio, konplexutasunez beterikoa izan da, eta, testuinguru aldakor horretan, ezinbestekoa izan da udal baliabideak eraginkortasunez, zuhurtziaz, zintzotasunez eta gardentasunez kudeatzea. Krisialdiek momentuan momentuko lehentasunak aldatu badituzte ere, ez dute oztopatu 2019an aurkeztutako Legegintzaldirako Kudeaketa Plana ia bere osotasunean bete ahal izatea, hartutako konpromisoei eutsiz”.
2019-2023 legealdia amaitzear dagoen honetan, Tolosako udal gobernuak, gardentasun eta kontu emate ariketa gisa, Legealdirako Planaren Kudeaketa Memoria aurkeztu du, azken lau urteotan Tolosa zein tolosarren alde egindako lana eta proiektu zein egitasmo nagusienak jasotzen dituen dokumentua, alegia.
Legealdian zehar, Tolosako udal gobernuak pertsonak izan ditu uneoro ardatz eta helburu eta tolosarren beharrei erantzutea izan da lehentasun nagusia, inor atzean utzi gabe. Horri lotuta, legealdiko lan ardatz nagusiak izan dira gizarte babesa bermatzea, jasangarritasunaren alde urratsak ematea eta garapen ekonomikoa sustatzea, betiere Tolosa hobetzen jarraitzeko.
“2019-2023 legealdia konplexutasunez beterikoa izan da eta osasun zein krisialdi ekonomikoa medio, ezinbestekoa izan da udal baliabideak eraginkortasunez, zuhurtziaz, zintzotasunez eta gardentasunez kudeatzea eta hasierako aurreikuspenak momentuan momentuko egoerara egokitzea, baina horren guztiak ez du oztopatu 2019an aurkeztutako Legegintzaldirako Kudeaketa Plana ia bere osotasunean bete ahal izatea”, adierazi du Olatz Peonek, Tolosako alkateak.
Aurreikuspenak ia osotasunean beteta
Legealdi hasieran, udal gobernuak jendaurrean aurkeztu zuen 2019-2023 Legealdirako Kudeaketa Plana, orain tolosarren eskura jarri da, Kudeaketa Memoria, azken urteotan aurrera eramandako proiektuen berri emateko.
Aurkeztutako Legealdi Plana ia osotasunean bete da eta garatutako memoria, planak zituen hiru arlo nagusi berdinen baitan banatu da: herritarrak, lurraldea eta antolakuntza.
Herritarrak, 78,1 milioi, aurrekontuaren %49,7
Arlo honetan, udal gobernuaren helburu nagusiak izan dira Tolosan bizi diren pertsonen gizarte babesa bermatzea, emandako zerbitzuak indartzea eta etxebizitza aukera berriak sortzea, berdintasunean aurrera pausoak ematea, tokiko ekonomiaren garapena bultzatzea eta herritartasun aktiboa eta herri bizia eta dinamikoa bultzatzea.
Ildo horretan, azken lau urteetan aurrera eramandako proiektu esanguratsuenak dira: Gizarte Zerbitzuen hobetzea eta sendotzea – Eguneko Arreta Zerbitzua, Etxez-etxeko laguntza, gau eta eguneko zerbitzu integrala Abegin…-, etxebizitza aukera berriak eskaintzea – alokairu ordainketa errazteko dirulaguntza, etxebizitza hutsak birgaitzeko eta alokairuan jartzeko dirulaguntzak, etxebizitza tasatuak Iurramendin eta San Kosme eta San Damianen, eta Amarotzeko alokairuko 111 etxebizitza… -, Eliker Kalitatezko Elikadura Zentroaren sorrera, hiri ekonomia bultzatzeko proiektu eta diru laguntzak – merkataritzari laguntzak, bonuen kanpainak, larunbateroko azokaren modernizazioa, Azoka Lagunak egitasmoa, Turismo Bulego berria, Enplegu Plana edota enplegu azoka, Apattaren 2. Fasearen garapena…-, herritartasun aktiboa eta herri bizia eta dinamikoa bultzatzeko lehen Herritarren Batzarra, Tolosatzen Eskola Irekia, Gobernantza, Partaidetza eta Gardentasunari buruzko Ordenantza, Euskararen Aholku Batzordea edota Euskara Sustatzeko 2021-2024 Ekintza Plana, kirol instalazioen hobekuntza, ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxearen sorrera eta eraikitzea, Indarkeria Matxistaren aurkako jarduera protokolo berria, Jai Behatokien Ekintza Plana, azpimarratu daitezke besteak beste.
Lurraldea: 33,3 milioi, aurrekontuaren %24,3
Lurralde arloan bost izan dira zehaztutako lan-ardatzak eta helburu estrategikoak.
Lehenik eta behin, espazio publikoa eta udal eraikinak baldintza onetan mantentzea. Zentzu horretan, garrantzia berezia eman zaio kale garbiketari, kontratua berrituz. Mantentze lanen urteroko planak ere egin dira eta herriko hainbat haur jolastoki, udal eraikin eta kale hobetu dira.
Bestalde, udalerriko irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea ardatz eta helburu hartuta, Mugikortasun Plan berria egin eta hainbat kale eta espazio berritu ditu, esaterako, Laskorain kalea, Paper kalea, Gernikako Arbola, San Frantsizko amaierako zatia, Euskal Herria plazako zorua… Horrez gain bi biribilgune berri ere egin ditu, Zumarditxikiaren proiektuari lotuta aparkaleku azterlanak egin ditu, bizikleta aparkaleku ugari sortu dira eta Gurpilgunea ere martxan jarri da Zumardihandian.
Hirugarren helburuaren baitan, hiri-berroneratze integratua sustatzeko Gorriti eremuaren zein Zezen Plazaren eraberritzeak sustatu dira, Zumarditxikia herritarren eskura jartzeko eta eremua berreskuratzeko proiektua garatu da edota San Esteban auzoaren garapenerako diagnosia eta hasierako alternatiben lanketa egin dira, egitasmo nagusien artean.
Udal ekipamenduei dagokienez, Amarotzekoak berritu dira – Auzoetxea, haur parke berria eta espazio estali berria -, eskualdeko ospitale berria Tolosan kokatzeko kokapena zehaztu da Suhiltzaileen parean dagoen kamioien aparkalekuan, liburutegi berria Kultu Etxean kokatzeko proiektua egin da eta kultur azpiegitura guztien berrantolaketarako plangintza ere osatu da, eta Arkauten euskal Mendizaletasunari buruzko museoa kokatzeko lehen urratsak egin dira.
Eta lurralde arloko azken lan ardatz eta helburuarekin amaitzeko, udalerriko ingurumen jasangarritasuna hobetze aldera eta trantsizio energetikoaren aldeko apustuan, Hiribus elektrikoa martxan jarri da eta eguzki plakak jarri dira ferialekuan eta uzturpen eta horrez gain, 2023rako %100 led izango da kale argiteria osoa eta udal eraikinetan ere kontsumo baxuko argiak ezarri dira. Era berean, klima aldaketaren aurkako tokiko plana eratu da, etxebizitzak eta bizitegi eraikinak jasangarriagoak eta irisgarriagoak egiteko dirulaguntzen ordenantza berritu da, eta ingurumenaren eta landa eremuaren zaintzarako, besteak beste, Elosegi parkeak ateak zabaldu ditu, baso eskola programa sustatu da, ur depositu berria jarri da Urkizuko antenan edota baserri bideak hobetu dira.
Antolakuntza, 35,6 milioi, aurrekontuaren %26
Antolakuntza arloan, udal gobernuak helburu izan du, uneoro, udalaren antolaketa garai berrietara egokitzea, herritarrei eskaerei modu eraginkorragoan erantzuteko eta zerbitzuen kalitatea bermatzeko, guztia, kudeaketa ekonomiko finantzario zorrotzaren bidez.
Hori horrela, diru sarreren optimizaziorako, gastuaren kudeaketa zorrotza bermatzeko prozedurak diseinatu eta txertatu dira, udal antolaketa arrazionalagoa ezarri da, 3 arlotan banatuta modu eraginkorragoan lan egiteko, administrazio elektronikoa ezarri da, betiere aurrez aurreko arreta bermatuz, UDATE herritarren arreta zerbitzua sendotu eta indartu da, Udaltzaingoaren Plan Zuzentzaile berria garatu da eta Udala garai berrietara egokitzeko udal langileei dagokienean plantilla osoaren lanpostuen eta eginkizunen balorazioa egin da, bitartekotasuna murrizteko prozesuak abiarazi dira, telelana ezarri da eta prestakuntzarako plana garatu da.