Martxan da urteroko liztor asiarraren aurkako tranpatze- kanpaina

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/04/09 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Elkarlanean abiatu dute kanpaina eskualde osoan Belarmendik, Tolomendik eta Balerdipeko Erleakek.

  • Eragin handiko esparrua dela eta, lehentasunezko esku-hartzea egingo da Tolosan. 

Aurten ere martxan da liztor asiarraren (Vespa velutina) tranpatze-kanpaina. Liztor asiarra kontrolatzeko helburuz,  90 tranpa inguru jarri dituzte Tolosan, eta sei asteko kanpainan zehar astero zenbatuko eta erregistratuko dira tranpetan eroritako liztor asiarrak eta bestelako espezieak.

Tolomendik,  Belarmendik eta  Balerdipeko  Erleakek  elkarlanean sustatzen dute Tolosaldeko herrietako  kanpaina  bateratua, eta helburua erreginak harrapatzea da, hauek udako kolonia berriak sortzen hasi aurretik.

Eskualde osoan barrena banatutako tranpak astean behin bisitatuko dituzte, eta bildutako datuak Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuari bidaliko zaizkio,  liztorren zenbatekoak eta banaketak ezagutzeko eta etorkizuneko kontrol-neurriak hobeto planifikatzeko.

Lehentasunezko esku-hartzea

2025eko  kanpainan  guztira  5.560  liztor  asiar  erregina  harrapatu  ziren Tolosaldeko  24 herritan, batez beste 232 liztor herriko. Tolosan 735 harrapatu ziren, batez bestekoaren hirukoitza.

Intzidentzia handia izan zen Zizurkilen,  Anoetan  eta  Lizartzan ere. Txikiagoa, bestalde, Gaztelun, Hernialden, Baliarrainen eta Orexan. Eragin handiko zonalde horiek kontuan izanda, lehentasunezko esku-hartzea egingo da aurtengo kanpainan Tolosan, Zizurkilen eta Anoetan.

Herritarren parte-hartzea

Kanpainaren arrakasta bermatzeko, herritarren parte-hartzea eta kontzientziazioa funtsezkoak direla azpimarratu dute sustatzaileek. Liztor asiarraren presentzia antzemanez gero, dagokion udalari edo zerbitzu espezializatuari jakinarazi behar zaio, espeziearen kontrola modu koordinatuan egin ahal izateko.

Era berean, gogorarazi dute tranpak egoki erabiltzea eta bertako espezieei ahalik eta kalte gutxien eragitea dela helburua, biodibertsitatearen babesa bermatuz.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA