-
Irailaren 20an —larunbata— arratsaldetik (16:00) hurrengo eguneko 20:00ak arte trafikoa itxiko da Rondilla kalean, eta jarduerak antolatu dira.
-
Bigarren eskuko bizikleten azoka, mugikortasunari buruzko hitzaldia eta formazio-saioak izango dira, besteak beste.

Urtero lez, Tolosak bat egingo du irailaren 16tik 22ra ospatuko den Europako Mugikortasun Astearekin. Mugikortasun-eredu jasangarriak sustatu asmoz, jarduera hainbat antolatu dira.
Rondilla kalea, oinezkoentzat
Iazko esperientziatik abiatuta, Rondilla kalea oinezkoen gune bihurtuko da, ‘Erdigunea autorik gabe’ egitasmoarekin. Aurten, larunbat arratsaldetik igandera moztuko da trafikoa, eta soilik Rondilla kalean — udal musika-eskola paretik Trianguloa plazara arte—.
Irailaren 20an, larunbata, 16:00etan itxiko da kalea ibilgailuentzat, igandeko 20:00ak arte. Ordu-tarte horretan, udal musika-eskolako eta San Frantzisko elizako autobusen geltokiak Santa Klarara aldatuko dira, baita Hiribusarena ere. Foru etorbidea zeharkatuta, San Frantzisko pasealekuan sartu eta ohiko bideari jarraituko diote gero. Salbuespen bakarra ibilbide luzeko gaueko autobusena da —Madrilera, Bartzelonara eta Alacantera doazenak, alegia—, horiek Rondillan, musika-eskolaren parean egingo dute geldialdia, ohiko moduan. Andia eta Inpernu kaleko garajeetara Gorosabel eraikinaren atzetik sartu beharko da.
Espazioaz gozatzeko, kirolarekin eta kulturarekin lotutako jarduerak antolatu dira bi egunetan: 4-12 urte bitartekoentzako bizikleta-ginkana (larunbatean, 17:00-19:00), eta ipuin-kontaketa antzeztuak, Intujairen eskutik (18:00etatik 19:30era, Emakumeen plazatik abiatuta). Ikusi egitarau osoa albistearen amaieran.
Bizikleten bigarren eskuko azoka
Aurreko edizioetako joerari eutsiz, eta duen arrakasta ikusita, Gurpilguneak bizikleten bigarren eskuko azoka egingo du, San Frantzisko pasealekuan, Artxiboaren parean. Irailaren 20an bertan izango da, goiz osoan zehar. Bigarren eskuko bizikleta eta materiala erosi ez ezik, uzteko aukera ere izango dute herritarrek. Horrez gain, zulaketak konpontzeko tailerra egongo da, eta elektrifikatutako bizikleta eredu bat erakusgai jarriko da.
Mugikortasunaren erronkak hizpide
Irailaren 23an, Ander Gortazar arkitekto donostiarrak hitzaldia emango du, mugikortasunaren eta aparkalekuen loturari dagokionez dauden erronken inguruan. Hitzordua 18:30ean izango da, kultur etxeko areto nagusian. Gortazar EHUko Hirigintza eta lurralde-antolaketako irakaslea da, eta Varsoviako (Polonia) Unibertsitate Politeknikoan ere ematen ditu eskolak.
Ikastetxeetan formazio saioak
Herriko ikastetxeetan ere bide-heziketako saioak egingo dira ikasleekin, mugikortasun seguru eta jasangarria sustatzeko, eta herrian bizikletaz arduraz eta errespetuz ibiltzeko gako batzuk emateko asmoz. Tolosaldea Lanbide Heziketa ikastetxeko kirol arloko irakasle nahiz ikasleek dinamizatuko dituzte saioak. Besteak beste, segurtasuna, jokabide egokiak, taldeka joateko gakoak, seinaletika eta oinezkoak errespetatzeko arauak jorratuko dituzte, eta behin azalpenak entzunda, praktikara eramateko kalera aterako dira. Don Boscoko mugikortasun seguru eta jasangarriko alorreko ikasleek eta Kalapiek ere emango dituzte bide-hezkuntzako aholkuak.
Egitaraua
Irailak 20, larunbata
-
9:00-15:00, San Frantzisko pasealekua. Bizikleten bigarren eskuko azoka, Gurpilgunearen eskutik. Horren baitan, “Zulaketak konpontzeko tailerra” (10:00-11:30) eta elektrifikatutako bizikleta eredua erakusgai.
-
16:00etatik aurrera: Rondilla kalea oinezkoentzat. Trafikoaren itxiera ibilgailuentzat.
-
17:00-19:00, Rondilla kalea. Ginkana eta zinta-jokoa, 4-12 urte bitartekoentzat. Parte hartzeko bizikleta edo patinetea eraman behar da, eta derrigorrezkoa da kaskoa eramatea.
Irailak 21, igandea
-
Egun osoan zehar, 20:00ak arte: Rondilla kalea oinezkoentzat.
-
18:00etatik aurrera, Kamishi-Jai, ipuin kontaketa ibiltaria, Intujairen eskutik.
-
18:00etan, Emakumeen plazan
-
18:30ean, Maria Luisa Agirre doktorearen plazan
-
19:00etan, Trianguloaren parean
Irailak 23, asteartea
-
18:30, kultur etxeko areto nagusia. Tolosako mugikortasunaren inguruko hitzaldia. Hizlaria, Ander Gortazar, arkitektoa eta EHUko irakaslea.
Irailak 23, 24, 25 eta urriak 3