Urkizuko dolina garbitu du Tolosako Udalak

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/09/21 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Guztira, 4-4,5 tona hondakin atera dela estimatzen da. Bildutakoarekin erakusketa jarriko da Trianguloa plazan, irailaren 22tik 25era.
  • Arroka disolbagarrietan urak sortutako higaduraren ondorioz sortzen dira eremu karstikoak. Eremu zaurgarriak dira, eta bertako ekosistemaren biziraupenerako ezinbestekoa da mendeetan sortutako oreka bermatzea.

30 metroko diametroa eta 12 metroko sakonera du Urkizuko dolinak. Egitura karstiko honetan zeuden, hego-ekialdean eta punturik sakonenean, urteetan botatako gailu elektroniko, txatarra, bateria, uralita, botika, beirazko botila eta bestelako zaborrak. 4-4,5 tona hondakin atera direla estimatzen da, eta hondakin horiek, irailaren 22tik 25era, Trianguloa plazan ikusgai jarriko dira hondakinen dimentsioaz jabetzeko, garbigunera garraiatu aurretik.

2024ko abenduan, Tolosaldeko eremu karstikoetan sakabanatutako zabor puntuen katalogo dokumentua argitaratu zuen Lurpea Garbi ingurumena babesteko elkarteak. 2023an sortutako elkarte honen helburua da zabortegi gisa erabili diren edo kutsatuak dauden Gipuzkoako ingurune karstikoak garbitzea, lehengoratzea eta babestea.

Aipatutako katalogoan, Tolosaldeko sima eta dolinak aztertu dituzte, 21 guztira, eta zenbait irizpide erabilita, puntu beltz bakoitzaren arriskua baloratu dute. Egitura horietatik lau Tolosako landa-eremuan daude, eta arrisku-maila txiki eta ertainekoak direla baloratu dute. Hori horrela, Tolosako Udalak eremu horiek lehengoratzea erabaki du, eta Urkizuko dolinarekin hasi da. Horretarako, sakabanatutako zaborren pilaketak prebenitzen eta zuzentzen lagunduko duten jarduerentzako dirulaguntza jaso du Gipuzkoako Foru Aldunditik.

Tolosaldea eskualde pribilegiatua da prezipitazio eta akuifero karstikoen presentziari dagokionez. Arroka disolbagarrietan urak sortutako higaduraren ondorioz sortzen dira eremu karstikoak; zaurgarriak dira, eta bertako ekosistemaren biziraupenerako ezinbestekoa da oreka bermatzea. Halaber, lur azpiko uraren zaintzak berebiziko garrantzia du, are gehiago klima aldaketaren aurrean. Izan ere, gure planetan, egoera likidoan dagoen ur gezaren % 96 lur azpian dago. Baliabide estrategiko hori ezinbestekoa izango da etorkizun hurbileko ur eskasiari aurre egiteko, eta horretarako, eremu horien kutsadura ekidin behar dugu.

Udalak gogorarazi nahi du lurpea eta landa-eremua ez direla zabortegiak. Mendian topatzen diren hondakinak zuloetara bota eta begibistatik galtzen diren arren, lurpean jarraitzen du arazoak eta edateko ura bera ere arriskuan jartzen du. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA