Ostiralean eta larunbatean jokatuko da Zerkausiko II. Bandera

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/09/16 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Askotariko 16 eragilek parte hartuko dute, iaz baino sei gehiagok.
  • Emaitzatik harago, estropadaren benetako helburua da herritarren arteko elkartasuna eta sareak indartzea.

Iaz berreskuratutako elkarteen arteko estropadak egingo dituzte aurten ere Oria ibaian. Ostiralean eta larunbatean jokatuko da Zerkausiko II. Bandera.

Tolosako kultura-, kirol- eta gastronomia-elkarteek parte hartuko dute, hamaseik guztira, iaz baino sei gehiagok. Honako hauek dira: Udaberri, Izaskun, Aiz-orratz, Laskorain Ikastola, Isidro Larrañaga, Lizardi, Gure Txokoa, Xake, Ero Etxe, Batasuna, Iurre, Emendek, Ortzadar, Txinparta eta Aurrera; Tolosako Udalak ere izango du ordezkaritza. Casino eta Judo elkarteek ezin izan dute taldea osatu, baina entrenamenduaz gozatzeko aukera izango dute.

Irailaren 18an, ostiralean, erlojupekoa jokatuko dute, 18:30ean: ontziratzeko lekutik hasi, zubiaren alde batetik joan, eta, ziaboga ikurrinan eman ondoren, zubiaren beste aldetik itzuliko dira ontziratzeko lekura. Minutu bateko tartea utziko dute talde batetik bestera. Hurrengo egunean, bezperako denboraren arabera egingo dituzte bikoteak, eta hiru luzeko eta bi ziabogako estropada izango da.

Josune Sanzek, Komunitatea eta Gobernantza arloko zinegotziak, Zerkausia banderaren gisako ekimenen garrantzia azpimarratu du: «Iazko arrakastaren ondoren, ikusi dugu ekimen hauek ezinbestekoak direla eragileek elkar ezagutzeko eta lankidetzan aritzeko. Hamarkadetan errotutako tradizioa berreskuratu dugu, eta, ikusirik estropadek nolako arrakasta duten gure eskualdean eta Euskal Herrian, kohesiorako eta saretzeko ekimen moduan plazaratu nahiko genuke, asteburuan izango diren emaitzez harago». Sanzek parte-hartzaile guztiak eskertu ditu, aurten ere Zerkausia banderan parte hartzera animatu direlako. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA