2026/09/17 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
- Irailaren 21etik 27ra izango dira ekintzak: tartean, saio bat antolatuko da mugikortasun-ordenantza berriari ekarpenak egiteko.
- Astearen helburua da hiri-mugikortasun iraunkorraren garrantziaz eta beharraz sentsibilizatzea.

Mugikortasunaren Europako Astea dela eta, hainbat jarduera izango dira irailaren 21etik 27ra Tolosan. 2026ko asteak Mugikortasuna pertsona guztientzat leloa du, eta helburua da herritar guztiek garraio jasangarria eta eraginkorra eskuragarri izatea, diru-sarrerak, kokapena, adina, generoa edo gaitasunak kontuan hartu gabe.
Tolosan antolatuko diren jardueren artean dago mugikortasun-ordenantza berriaren lehen zirriborroaren aurkezpena. Hilaren 21ean izango da, 18:30ean, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Hiritik At enpresak dinamizatutako parte-hartze saioa izango da: Udalak bizikleta-sarearen proiektua azalduko du, eta herritarrek ekarpenak egin ahal izango dituzte. Saioaren ondoren ere aukera izango da ekarpenak egiteko, erabaki.tolosa.eus atariaren bidez. Herritarrek hilabete izango dute horretarako.
Astean zehar bide-hezkuntzako saioak egingo dituzte ikastetxeetan, mugikortasun jasangarria bultzatzeko, bide-segurtasuneko oinarrizko arauak eta bizikletaren alderdi teknikoak irakasteko, eta txirrindularien eta oinezkoen arteko errespetuaz kontzientziatzeko. Asteburuan, bigarren eskuko bizikleta azoka, ginkana eta ibilbide inklusiboa egingo dira.
Horrez gain, bizikleta-aparkalekuetan 750 pegatina jarriko dira bizikletak era seguruan lotzeko gomendioekin.
Egitaraua
Irailak 21
18:30ean, udaletxeko osoko bilkuren aretoan: Mugikortasun-ordenantza berriaren lehen zirriborroaren aurkezpena. Udalak egingo duen bizikleta-sarea azalduko da, eta herritarren ekarpenak jasoko dira. Ondoren, hilabetez egongo da ekarpenak egiteko aukera erabaki.tolosa.eus atariaren bidez.
Irailak 22, 23, 24
Eskola-orduetan, ikastetxeetan: Bide-hezkuntzako saioak LHko 5. eta 6. mailako ikasleekin. Landuko diren gaiak: segurtasuna eta alderdi teknikoak, taldeko zirkulazioa eta jokabideak, hiriko elkarbizitza...
Irailak 26
09:00-14:00, San Frantzisko pasealekuan, Artxiboaren parean: Bigarren eskuko bizikleten azoka, Gurpilgunearen eskutik. 09:00etatik aurrera, herritarrek beren bizikletak eraman ahalko dituzte, eta bertan utzi saltzeko; saldu ezean, 14:00etan bizikletaren bila joan beharko dute.
17:00-19:00, Zumarditxikian (euria eginez gero, Alondegia plazako karpan): Ginkana eta zinta-jokoa, 4-12 urte bitartekoentzat. Parte hartzeko, bizikleta edo patinetea eraman behar da, eta derrigorrezkoa da kaskoa eramatea.
Irailak 27
08:45ean, udaletxean: Upsala Senderismo Kirol Klubarekin elkarlanean, ibilbide inklusiboa egingo da Uzturreko San Inazio sendategi-baserrira, udaletxean elkartuta. Zazpi kilometroko ibilbidea izango da, 400 metroko desnibel metatuarekin. Ibilbidea, hemen.
Doako bizikleta-berrikusketak eta ihes-gela hilaren 22an
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak berriro jarriko du martxan Jarri prest zure bizikleta MUGIrekin ekimena. Hala, irailaren 22an, bizikletak oinarrizko mailan konpontzeko zerbitzua eskainiko du Villabonan eta Tolosan, furgoneta-lantegi baten bidez, MUGI txartela aurkezten duten pertsona guztientzat. Furgoneta-lantegia 10:30etik 14:00etara egongo da Tolosako Trianguloan, eta 16:00etatik 20:00etara Villabonako plazan. Joaten diren pertsonen artean bi bizikletaren zozketa egingo da, baita MUGI txarteletan 20 euroko 60 karga eskuratzeko zozketa ere.
Misterioa Topo Express-ean jarduera ere izango da bi udalerrietan Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren eskutik. Ihes-gela da, eta 45-60 minutuko iraupena du: helburua da modu ludiko eta entretenigarrian garraio publikoaren garrantziaz eta MUGI sistemaren abantailez eta balioez sentsibilizatzea, baita gazteen mugikortasun autonomoagoa sustatzea ere.