Tolosa Argituz energia-komunitatea aurkeztuko zaie herritarrei datorren asteazkenean

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/09/18 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • TOPICeko areto nagusian izango da aurkezpena, 18:30ean. 
  • Energia-komunitateak esku artean duen lehen proiektua Ferialekuko estalkian instalazio fotovoltaiko bat jartzea da, herritarren artean autokontsumo partekatua egiteko.

​Datorren irailaren 23an aurkeztuko du ekimena Tolosa Argituz Energia Komunitateak (TAEK). TOPICeko areto nagusian egingo da saioa, 18:30ean; euskara hutsean egingo da, gaztelaniarako interpretazio-zerbitzuarekin. Aurkezpenak ordubete inguru iraungo duela aurreikusten da, betiere elkartutako herritarren galderen eta ekarpenen arabera. Euskal Herria plazan mokadutxo bat eginez biribilduko da aurkezpena.

Saioaz harago, komunitateak, aurrerago, herritarren galderak argitzeko eta informazio gehiago emateko postu bat jarriko du, eta eskuorriak ere banatuko dituzte. Hartara, bazkide egin nahi duten tolosarrak animatu egin nahi dituzte komunitatera batzera eta lehen proiektuan parte hartzera: Ferialekuko estalkian instalazio fotovoltaikoa jartzeko proiektua, herritarren autokontsumo partekatua egiteko.

Udalarekin elkarlanean sustatuko da proiektua, eta instalazioa finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso da. Tolosako Udalak estalkia 25 urtez lagatzeko emakida zuzena onartuko du iraileko osoko bilkuran, eta datorren urtean kooperatibako bazkide laguntzaile bilakatzeko konpromisoa hartuko du emakida horri lotutako hitzarmenaren bitartez. Proiektu honek aukera emango die Alde Zaharreko bizilagunei instalazio fotovoltaiko batetik energia autokontsumitzeko, bertako eraikinetan ezin baita horrelako elementurik jarri, ondare historikoaren babesa dela eta.

TAEK proiektuaren helburua da Tolosan bertan energia berriztagarria sortzea, eta kontsumitzeko modu bidezkoagoa eta iraunkorragoa bultzatzea. Izan ere, herrian bertan eraiki nahi da etorkizuneko energia-eredua, eta horretarako, uztartu egingo dira eguzki-energia, energia-eraginkortasuna eta kontsumo kolektiboa.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA