Bataz besteko 6m3 hondakin jaso dira erreka garbiketa lanetan

Tolosako Udala
2023/03/31 | Ingurumena
  • Plastikoak, latak, trafiko seinaleak, oihalak edota arropa dira errekatik ateratako hondakinetako batzuk.
  • Lanketa baliagarria izan da ikasleek hondakinen arazoa bertatik bertara ikusi eta horren inguruan sentsibilizatzeko.

 

Joan den martxoaren 23an Uraren Mundu Eguna izan zen eta horren harira, erreka garbiketa lanak burutu ditu Tolosako Udalak Herrikide eta Laskorain Ikastolako DBH2ko ikasle eta irakasleekin.

Garbiketa lanak martxoaren 21ean eta 22an egin dira, hain zuzen, SAM zubitik Berazubirainoko eremuan, Usabal kiroldegiko aparkalekutik Oria ibaiarekin elkartzen den punturaino espazioan, Santa Maria elizaren atzealdean eta Belate auzoko eremu batean.

Guztira 180 lagunek hartu dute parte garbiketa lanetan eta bataz beste 6m3 hondakin jaso dituzte errekatik. Jasotako hondakinen artean gehienbat plastikoa eta latak izan dira bildutakoak, haizeak eramanda edota jendeak zuzenean ibaira botatzen dituenak. Bolumen handiko hondakinen artean obretako piboteak, trafiko seinaleak, terrazako aulki bat eta hesiak atera dira eta horrez gain aterkiak, oihalak, arropak edota zapatak ere jaso dituzte.

Eguraldia lagun izan da garbiketa egunetan eta horri esker, ikasle zein irakasleek arazorik gabe burutu ahal izan dituzte lanak. Horrez gain, lanketa baliagarria izan da ikasleek arazoa bertatik bertara ikusi eta sentsibilizatu daitezen.

Datozen urratsak

Iaz bezala, Zehar Euskadirekin elkarlana egingo da zailak diren puntuetan garbiketak burutu ahal izateko, batez ere Nafar zubitik Arrameleko zubiraino tartean pilatzen diren hondakinak ateratzeko

Ekainean eremu hauetan garbiketa errepikatu da Orixeko institutuko ikastaldeekin.

Garbiketa lanez haratago, Tolosako Udalak sareak jarriko ditu Araba etorbidean; guztira 211 metro saretuko dira kaleko hondakinak ibaira ez jausteko. Datozen urteetan, herriko zubi eta kale desberdinetan sare gehiago jartzea aurreikusita du Udalak.