- Azaroaren 24tik 26ra bitartean kosmetika edota, ipuin zein eskulanen tailerrak, konposta gunea eta liburu eta diskoen azoka solidarioa egingo dira eta ikastetxeetan ere, DBH 1 zein 2ko ikasleek gaiaren inguruko lanketa berezia egingo dute.
- Helburua da tolosarrak hondakin gutxiago sortzeak duen garrantziaren inguruan sentsibilizatzea herri jasangarriago bat eraikitzeko bidean elkarrekin urratsak emanez jarraitzeko.
Azaroaren 19tik 27ra bitartean Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea ospatzen da, kontsumo jasangarria eta ekonomia zirkularra bultzatu eta indartzea oinarri eta helburu hartuta.
Horri jarraiki, aurtengo Hondakinen prebentziorako asteak hondakin kopurua gutxitzearen beharra ikusaraztea eta gizarteratzea du ardatz eta helburu, horretarako hondakinen produkzioa murriztuz eta berrerabilera indartuz.
Hondakin kopurua gutxitzea guztion ardura
2021. urtean Tolosako biztanle bakoitzak batez beste 357,58 kg hondakin sortu zuen. Jasangarritasunaren bidean, baina, helburua da kopuru hori murriztea eta hori lortzeko urratsak ematen jarraitzea.
Horretarako ezinbestekoa da gaiaren inguruan hausnarketa eragin eta herritarrak kontzientziatzea, guztion ardura baita hondakin gutxiago sortzea eta hori lortzeko bideak sustatzea.
Hori horrela, Tolosako Udala erakunde publiko gisa lanean ari da etengabe Tolosa herri jasangarriagoa izateko urratsak emanez. Oraingoan ere bat egin du Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen ospakizunarekin eta herritarren kontzientziazioa bultzatze aldera hainbat ekintza antolatu ditu azaroaren 24tik 26ra bitartean.
Azoka solidarioa
Azaroaren 24an eta 25ean, ostegun zein ostiralean, hain zuzen, berreskuratutako eta zaharberritutako liburu eta diskoen postu solidarioa jarriko da Triangulo Plazan goizeko 09:00etatik 20:00etara, Kaleko Elkartasun eta Kultur Elkartearen eskutik.
Elkarte honek kulturaren bidez bazterkeria ekonomikoa jasaten duten pertsonei ematen die laguntza eta salmentan jartzen dituzten produktuak erakunde publikoetatik edo pribatuengandik eta partikularrengandik jasotzen dituzten dohaintzak izaten dira.
Konposta gunea eta tailerrak larunbatean
Aurrez aipatu bezala, iaz tolosar bakoitzak 300 kilotik gora hondakin sortu zuen. Etxeetan sortzen dugun hondakinen kopuru handi batek jatorri organikoa du eta hori energia eta konpost bihur daiteke, baliabide aprobetxagarria bilakatuz.
Gaur egun Tolosan auzo konposta egiteko aukera dago hainbat auzotan kokaturiko gunetan: Amarotzen (2 gune), Larramendin, Arkauten, Zabalarretan, Allirin, San Estebanen eta Iurren.
Horri lotuta, azaroaren 26an konpostaren inguruko informazio puntu bat egongo da Triangulo Plazan 11:00etatik 13:00etara gune horiek duten garrantzia azpimarratzeko eta tolosarrei herrian dauden konpost guneak ezagutzera emateko eta erabiltzera animatzeko. Horrez gain loreak ere oparituko dira, konposta erabiliz landatzeko. Auzo konposta egitera animatzen diren herritarrek auzokonposta@tolosa.eus helbidera idatzi dezakete izena eman edo informazio gehigarria eskatzeko.
Horrekin batera, ipuin eta eskulanen tailerra eta kosmetika tailerra ere egingo dira, guztiak Triangulo Plazan, aipatutako ordu berdinean. Lehen tailerrean, dadoen bitartez hondakinei buruzko ipuinak asmatuko dituzte partaideek eta ondoren, zakar poltsan bukatzen duen hondakin bat erabilita eskulan tailerra egingo dute, guztia Intujai taldearen gidaritzapean. Tailer honetan parte-hartzeko partaideek plastikozko botila bat eraman beharko dute, ahal den heinean 1.5 litrokoa.
Kosmetika tailerrean, halaber, partaideek hortzetako pasta egingo dute eta bien bitartean material desberdinak ezagutuko dituzte eta etxean sortzen diren ontzi desberdinei irtenbidea emateko aukera izango dute. Tailerra Bidatz Sasiain tolosarraren eskutik eskainiko da. Kasu honetan, partaide bakoitzak jogurt pote huts eta garbi bat eta kristalezko ontzi txiki bat (taparekin) eraman beharko dute.
Lanketa berezia ikastetxeetan
Guzti horrekin batera, ikastetxeetan DBH 1 eta 2ko ikasleek "Zure platerean hasten da mundua" ekintza landuko dute. Ordubete inguruko saioetan ekoizpen zein kontsumo ereduen inguruko hausnarketa bultzatuko duen arazo-egoeraren lanketa burutuko dute eta gaian sakontzeko, irakaslegoarekin heziketa-baliabideak partekatzeko aprobetxatuko da, EH kolektiboaren gidaritzapean.
hondakinen prebentziorako astea 2022 1016x506