Energia kontsumoa neurtzeko azken bi urteetan garatu duten proiektua azaldu dute, eskualdeko lanbide heziketako ikastetxeek, Eskola Agenda 2030 foroan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/05/08 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Tolosaldea LHIk, Inmakuladak, Peñascal Kooperatibak eta Fraisoro Eskolak egin dute elkarlanean, Tolosako Ingurumen Zentroak, Tolosaldea Garatzenek eta Berritzeguneak koordinatuta.
  • Tolosako Udaleko Hirigintza Sailak aholkularitza eman die ikastetxe eta ikasleei, proiektua nondik nora bideratu jakiteko.

 

Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko, Inmakulada Lanbide Ikastolako, Peñascal Kooperatibako eta Fraisoro Eskolako ikasleek azken bi urteotan Eskola Agenda 2030 proiektuaren barruan egindako lanketaren berri eman dute.

Energia izan dute hizpide eta, besteak beste, formazioa, aholkularitza, ikerketa eta sentsibilizazio ekintzak landu dituzte. Hain zuzen, ikastetxe bakoitzak bere alorreko jakintzak aplikatu ditu proiektuan. 

Esate baterako, Tolosaldea LHIko ikasleek etxebizitzetan energia ikuskaritzak egin ahal izateko txantiloi batzuk sortu zituzten, informazio guztia modu bateratuan jaso ahal izateko. Inmakuladako ikasleek egin dituzte ikuskapenak, baina aurrez gaiaren inguruko formazioa jaso zuten Tolosaldea LHIko ikasleen eskutik. Berokuntza, ur bero sanitarioaren sistemak, argindarra eta tarifikazioa landu dituzte, besteak beste, saio horietan.

Peñascal Kooperatibaren tutoretzapean dauden 6 pisutan egin dituzte azterlanak, eta bertan bizi diren ikasleek ondoren energiaren erabilera egokiagoa egiteko gomendio batzuk jaso dituzte, ikuskapenetan identifikatutako zenbait egoera hobetzeko neurriak hartzeko. 

Datuen azterketa ere Tolosaldea LHIko ikasleek egin dute, eta galdetegiaren bidez lortutako datuez gain, fakturak eta etxeetako sistemak ere aztertu dituzte. Tresna elektrikoen kontsumo neurgailuak edota programatzaileak instalatzeko beharra ondorioztatu dute. Bada beste ondorio orokorrago bat ere: «konfort egoeratik atera deskonfort egoerara pasa behar dugu, neurriak aplikatzen hasi behar baitugu», azaldu dute.

Fraisorok, berriz, elikagaien eraldaketa zikloan beraien instalazioetan erabiltzen dituzten tresnen eta klimatizazio sistemaren inguruko datuak aztertu ditu. App baten bidez tresna bakoitzaren kontsumoa kontrolatu ahal izan dute, kontsumoa murrizteko neurriak hartzeko eta kostuen aurreikuspen bat egiteko.

Bi hamarkada jasangarritasun agenda landuz

Duela 22 urte hasi zen Tolosa jasangarritasun agenda baten proiektuarekin lanean; 15 urte dira Tolosaldea Garatzenek eskualde mailako estrategia bateratua kudeatzeari ekin zionetik, eta denbora horretan garapen jasangarri baterantz garatutako estrategiak balioan jarri ditu Garbiñe Mendizabal teknikariak: «Eskualde mailan energia alorreko estrategia bateratua egiten gabiltza erakunde publiko, pribatu eta ikastetxeekin. Lanketa hau urrats bat gehiago da norabide horretan, elkarlanari esker». Garapen agentziak, ikasleek egindako gomendio horiek eskuorri eta kartel batzuetara eraman ditu, gainera, eta ikastetxe eta leku publikoetan jarriko dituzte herritarren eskura.

Tolosako eta Zizurkilgo Udalek ere babestu dute proiektua. Tolosaren kasuan, esaterako, energia gaietako hirigintzako teknikariak aholkularitza eman die ikastetxe eta ikasleei. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA