Felix Ruiz de Arkaute eta Antxon Brandes omentzeko liburu bana aurkeztuko dute

Tolosako Udala
2021/12/10 | Ingurumena
  • Ruiz de Arkauteren heriotzaren 50.urteurrenaren eta Bandresen heriotzaren 10. urteurrenaren efemerideak aitzakia hartuta bakoitzak bere alorrean egin zuen lana ezagutzera ematea da egitasmoaren helburua.

  • Abenduaren 14an egingo da Ruiz de Arkauteren bizitza jasotzen duen liburua aurkezteko mahai ingurua, eta abenduaren 15ean Bandresi buruzko liburuarena. Bi ekitaldiak Topic-en izango dira, eta aurrez eskuratu beharko dira gonbidapenak.

 

 

Aurten 50 urte bete dira Felix Ruiz de Arkaute hil zela, eta 10 urte Antxon Bandresen heriotzatik. Biak ala biak ere erreferente izan ziren bakoitza bere alorrean, eta efemeride hori aitzakia hartuta bi tolosarrek egindako lana zabaltzeko liburu bana egin dute herriko zein Tolosaldeko hainbat eragilek eta Tolosako Udalak.

Erreferentziazko espeleologoa izan zen Ruiz de Arkaute, bai Euskal Herrian eta bai nazioartean ere. Teknifikazio mailan egin zuen lana erreferentea izan zen, baina bere lana ez da ezaguna, eta hori azaleratzeko osatu dute liburua. Oier Gorosabel eibartarrak idatzita baina argitaratu gabe zuen biografia jasotzen da “Harria eta papera” liburuan. Abenduaren 14an Topic-en egingo den aurkezpenean izango da Gorosabel, eta harekin batera eseriko dira mahaiaren bueltan Pedro Ruiz de Arkaute, Felixen semea, eta Rafa Zubiria, Aranzadiko kidea eta Felixen erreskatean parte hartu zuen espeleologo ezaguna.

Erreferentziako pertsona zen Tolosan Antxon Bandres ere, herriko hainbat taldetako kide, ekimen ugaritako sustatzaile eta parte hartzaile. Bandresek arrastoa utzi zuen askorengan, eta horietako hiru elkartuko dira abenduaren 15ean Topic-en egingo duten “Antxon Brandresen kartografia” liburuaren aurkezpenean: Lourdes Errasti, Aranzadiko Natur Zientzietako taldekidea, Irene Larraza, hainbat gaitan Brandresekin batera aritutakoa eta egun Etxepare Institutuko zuzendaria, eta Kepa Lizarraga, Euskal Mendizale Federazioko kidea. Josu Iztuetak gidatuko du mahai ingurua.

Sarrerak Topic-en eskuratu behar dira

Bi aurkezpenak 19:30ean izango dira, eta beharrezkoa izango da aurrez gonbidapenak eskuratzea. Topic-en bertan edo haren webgunean eskuratu ahal izango dira: www.topictolosa.com. Liburuak ere eskuratu ahalko dira bakoitzaren aurkezpenean, borondatearen truke.