Hiru hitzordu, Hondakinen Prebentziorako Astearen aitzakian

Tolosako Udala
2023/11/21 | Ingurumena
  • ‘Ez zaitez biltzen utzi’ da aurtengo leloa eta igandea bitarte hondakinen murrizketa, berrerabilpena eta sailkapen egokia sustatzea du helburu.
  • Gorka Egiaren hitzaldia, xaboiak egiten ikasteko tailer bat eta eskualdeko kobazuloen inguruko argazki-erakusketa bat izango dira, besteak beste.

 

Hondakinen Prebentziorako Europako Astea da eta Tolosako Udalak bat egingo du egitasmo honekin. Europan hondakinak prebenitzeari buruz dagoen kanpainarik handiena da, eta kontzientziazio-ekintzak egiten dira hondakinen kudeaketa jasangarria sustatzeko.

Aurten, azaroaren 18tik 26ra bitartean antolatu da, Ez zaitez biltzen utzi lelopean. Tolosan, hiru ekintza antolatu dira aste honen testuinguruan.

Hitzaldia eta tailerra

Asteazkenean, azaroaren 22an, ‘Gure kontsumoa jasangarriago egiteko bideorria zehaztuko dugu’ hizaldia eskainiko du Gorka Egia ‘Ekologista naiz baina…’ liburuaren egileak, 18:00etan, kultur etxean. 

Erabilitako olioarekin xaboi solidoa egin tailerra izango da Aiora Urbietaren eskutik, ostegunean (azaroak 23), 18:00etan, kultur etxean. Bertan, etxean dugun olio erabiliari bigarren bizitza bat emango zaio. Modu honetara, berez zikintzen duen produktu bat hartu eta erabilera anitzeko garbigarri bat egingo da, osagai gutxi erabiliz. Olio zaharra birziklatuko da bioderadagarria den produktu bat egiteko, modu erraz eta seguruan. Hala, norberak modu arduratsu eta ekonomikoan etxeko oinarrizko produktu bat egiteko aukera eskainiko da. 

Doako tailerra izango da baina taldearen kopurua mugatua denez, izena eman beharko da aurrez: tolosakoingurumenzentroa@gmail.com.

Eskualdeko kobazuloetako egoera azaleratuz

Tolosaldeko kobazuloen egoeran jarriko da azpimarra ostiraletik aurrera. Lurpea Garbi elkarteak bere burua aurkeztuko du jendaurrean, ostiralean, 18:30ean, udaleko udalbatza aretoan.

Hain zuzen, eskualdeko kobazuloen barruan dagoen zabor kopuru handiak kezkatuta, katalogatu egin dituzte. Orain argazki eta pilatutako zabor horren erakusketa bat antolatu dute, hainbat kobazuloren egoera zein den erakusteko. Erakusketa Trianguloan jarriko dute, larunbatean, 09:00etatik 15:00etara.

Zozketa

Hondakinen inguruan kontzeintzia hartzea helburu duen aste honetan, zozketa bat ere izango da. Tolosako Azokako produktuekin osatutako otar bat zozkatuko da Eta zuk zer egiten duzu hondakin gutxiago sortzeko? galdera erantzuten duten guztien artean. tolosakoingurmenzentroa@gmail.com helbidera bidali beharko da erantzuna, parte hartu ahal izateko. 

Hain zuzen, Azokako produktuek, osasuntsuagoak izateaz gain, ingurumena gutxiago kaltetzen dute, bertako paisaia eta ekonomia indartzen dute eta ontzirik gabeko eta granelera erosketak egiteko aukera eskaintzen dute.

Belaunaldi gazteengan ere eragin nahi da Hondakinen Astean. Iman bat sortu da, Ontzirik gabe, hobe leloarekin, ontzirik gabeko erosketak sustatzeko. Guretzat eta ingurumenarentzat dituen abantailak azaltzen dira bertako QR kodean. Imana Tolosako LHko 6. maila eta DBHko 1. mailako ikasle guztiei banatuko zaie, egunerokoan hondakinekin arduraz jokatzeko esku-orriarekin batera.