Miserikordia Zaharraren erietxearen aztarnen berreskuratze lanak erakusteko ekitaldia, igandean, otsailak 5

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/02/01 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Azken bisita gidatua 2018an egin zen eta orduz geroztik hainbat urrats berri egin dira, hala nola, aterpea edota rokodromo txiki bat eraiki, inguruko terrazak eta bidezidorrak garbitu…
  • Lan horiek guztiak auzolanean egiten ari dira eta datorren igandean, horiek ikusteko aukera eskainiko da, goizeko 12etan, San Ignazio etxean elkartuta.
  • Ekitaldiaren baitan, halaber, Iñaki Alonsori “Indio”, omenaldia egingo zaio, eremuan dauden putzuen aurkikuntzan egindako ekarpenagatik.

 

Miserikordia Zaharraren erietxea tuberkulosoentzat ospitalea izan zela diote historialariek. Aurrerago eraikin hori baserria izan zen, San Ignacio etxea, alegia, eta mendizaleek atsedenleku gisa erabiltzen zuten. Urteen poderioz, ordea, eremua bertan behera geratu zen, baina, azken urteotan, herritar talde bat eta hainbat boluntario auzolanean aritu dira bertako aztarnak garbitu eta eremua berreskuratzen.

San Ignazio Etxearen aztarnetara eta Uzturreko putzuetara lehen irteera duela 5 urte egin zen jada, hain zuzen bertako iturria eta merendero edo atsedenlekua aurkitu eta berreskuratu zirenean. Orduz geroztik baina, auzolanak aurrera jarraitu du eta hainbat lan gehiago egin dira. Horien artean aipagarriak dira: egurrezko aterpea, mahai panoramikoa edota umeentzako rokodromoa eraikitzeko lanak, San Ignazio etxearen pareten egonkortze lanak, terrazen garbiketa, San Ignazio etxeko umeek ikastolara joateko erabiltzen zuten bidezidorraren berreskuratzea, Tolosako bista paregabeak eskaintzen dituen egurrezko bankua egitea…

Lan horiek guztiak auzolanean, modu desinteresatuan lanean diharduten herritarrei esker lortutakoak dira: Migel Anjel Bermudez, Nikasio Arana, Santi Soler edota Iñaki Elduaien dira, beste hainbat lagunen artean. ia egunero bertan lanean aritzen diren pertsonak.

Igandean, San Ignazio etxearen aztarnen berreskuratzea ezagutzeko bisita gidatua

Esan bezala, 2018az geroztik hainbat berrikuntza eta berreskuratze lan garrantzitsu egin dira eremuan eta horiek guztiak ezagutzeko aukera izango dute herritarren datorren igandean, otsailak 5, auzolanean ari diren lagunen eskutik.

Hitzordua goizeko 12:00etan izango da, San Ignazio etxean bertan elkartuta. Erakustaldiaz haratago, gainera, bertaratzen direnek hamaiketakoaz ere gozatu ahal izango dute eta animatzen diren haurrentzat eskalada erronka bat ere antolatu da, aterpearen ondoan egin den rokodromoan.

Iñaki Alonsori omenaldia

 Iñaki Alonso “Indio” duela urte bete zendu zen, 50 urterekin. Amarotzeko natura zale eta espeleologoa izan zen eta 2016. urtean sasien azpian ezkutatua zeuden Uzturreko ur-jauzia eta putzuak dauden eremua aurkitu eta azaleratu zituen berak.

Orduz geroztik, Indio oso lotuta egon da eremu honetara eta berreskuratze lanetan parte hartu izan zuen. Horregatik Tolosako Udalak igandeko ekitaldia baliatu nahi du bera omendu eta tolosar guztien izenean, bere ekarpen baliotsuagatik eskerrak emateko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA