- Garai batean mendizaleen atsedenleku izan zen gunea berreskuratu da eta bertan, Mont Blanc-en 1953an zendu zen Jose Mari Peciña mendizalea omenduko da.
- Uzturre mendiko eremu horretan Tolosako Udalak sustatutako gazte-auzolandegiei esker eraiki diren bainuak ere ikusteko parada izango da, festa giroan.
Urriaren 7an garai bateko Erruki-etxe edo Miserikordian egon zen atsedenlekua eta inguru osoan berreskuratu den ondarea, bainuak barne, inauguratuko dira jai giroan; Jose Mari Peciña Azanzaren busto bat eta oroigarri bat jarriko dira merenderoan; erreplika batzuk, Juanito Lopek egin eta hor egon ziren aurreko haien erreplikak, hain zuzen. Bertaratzeko, bi hitzordu ezarri dira iganderako, urriak 7: 11:00etan Samaniegoko aparkalekutik abiatuta, eta 12:00etan Miserikordia Zaharreko hondarretan. Bertaratzeko gonbita luzatu dute Tolosako Udalak eta lanean aritutako bolondres guztiek.
Orain dela urte batzuk Santa Lutzia auzotik Uzturrera doan bidea ez zuen jende askok ezagutzen. Gaur egun ordea, gero eta mendizale gehiago dira, Uzturrera bidean, Miserikordia Zaharra edo San Ignazio baserriko aztarnetatik igarotzen direnak. Azken urteetan herri lur horietan Udalak egindako baso landaketa eta ibilbidearen seinaleztapenak eragina izango zuten behar bada, baina gazte-auzolandegiei esker eraikitako Uzturreko bainuak izan dira bide honen erabilera handitzea lortu dutenak.
Auzolandegietako gazteez gain, herritar talde bat ibili da lanean, modu desinteresatua, Miserikordia Zaharreko eremua berreskuratzen: Miguel Angel Bermudez, Nikasio Arana, Iñaki Elduaien, Olatz Digon, Agustin Pagola eta Pascasio Vazquez, beste hainbat bolondresen laguntzarekin, Miserikordia Zaharreko aztarnak garbitzen ibili dira, bertan zegoen iturria konpondu dute eta azken hamarkadan ezkutuan egon den merendero edo atsedenlekua aurkitu eta berreskuratu dute.
Miserikordia Zaharra edo San Ignacio etxea tuberkulosoentzat hospitala izan zela diote historialariek. Garai horretan tuberkulosoak, herritik aldendu egiten zituzten, gaixotasuna kutsatu ez zezaten eta mendiko erietxetan artatzen zituzten aire garbia arnastu ahal izateko. Aurrerago eraikin hori baserria izan zen, San Ignacio etxea deitu zelarik. Bertatik pasatzen ziren mendizaleak atsedenlekua erabiltzen omen zuten geldialdi bat egiteko eta baserria sarritan kantina bihurtzen omen zen mendizaleen egarria asetzeko. Lehengo ospitalea eta baserriaren egitura eta elementuak ikusgai daude orain auzolanean egindako lanari esker.
Jose Mari Peciña Azanza
Jose Mari Peciña Azanza, Tolosa C.F.-ko mendizalea, 1915ean jaio zen, Tolosan lehen mendi-jarduerak bultzatu zituen eta bere eskutik etorri ziren hainbat ekimen, besteak beste, Euskal Herriko mendietan mendi-buzoiak jartzea, eta Hernioko orientazio-mahaia, Tolosatik haraino inolako laguntza mekanikorik gabe igo zutena. Modu tragikoan hil zen 1953ko uztailaren 18an, Mont Blanc-en, Manu Yanque, Bacigalupe eta Ugartecherekin batera gaina zapaldu eta gero. Garai hartan, oraindik ere jarraitzen duen Pyrenaica aldizkariko zuzendaria zen Peciña. Bi urte lehenago, 1951ko urriaren 21ean, Peciñak, J. Arratek eta Antxon Saenzek “Txindokiko ertza” izeneko bidea ireki zuten, eta aurrenekoak izan ziren Larrunarri hortik igotzen.